BilbaoArten aurten sortutako proiektuak ikusgai dagoz
2020-12-10 13:45 KultureaBekadun ibili diran 26 artistaren lanak dagoz erakusketan.
Urtero legez, aurten be artista ugari ibili dira BilbaoArtek Urazurrutia kalean daukan egoitzan lanean, beka eta trukeei esker. Covid-19ak 2020a urte berezi bihurtu dauen arren, proiektu artistikoak ez dira geratu, eta, orain, urtean zehar sortutakoa erakusteko momentua da. Abenduaren 18ra arte ikusgai egongo da BilbaoArten bertan Ateak zabalik 2020 erakusketa kolektiboa.
Egonaldia egin daben 26 artistaren proposamenak batu ditue. Erakusketea zabaltzeko ekitaldian, artistek eurek harrerea egin deutse erakundeetako ordezkariei: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Amaia Arregi Bilboko alkateordea, Gonzalo Olabarria zinegotzia, Gorka Martinez BBK Fundazinoko zuzendari nagusia eta Juan Zapater BilbaoArte fundazinoko zuzendaria izan dira.
Artistak honeek dira: Alazne Zubizarreta, Alberto Lomas, Amara Toledo, Ander Sagastiberri, Ander Perez, Camilla Gurgone, Cassandre Jacoud, Dailey Fernández, Edu Hurtado, Estibaliz Sadaba Murgia, Eszter Katalin, Iago Rey De La Fuente, Ibai Madariaga & Miel Oyarzabal, Ignacio Barrios, Iván Gómez, Izaskun Araluzea, Jessica Wetherly, Jesús Pueyo, Julián Briceño, Katixa Goldarazena, Lizar Begoña, Maddi Saray Martirena, Maia Villot De Diego, Martí Madaula eta Rui Pedro Jorge.
Amaia Arregik, Udalaren izenean, zoriondu egin ditu artista guztiak: BilbaoArte erreferentea da produkzino artistikoko zentro lez, Euskaditik kanpo be bai. Zeinen lan garrantzitsua gauzatzen dauen zentroak, aurrera ateratzen ditualako artistei laguntzeko ekimenak, eta kulturea sortzen dauelako.
Gogoan izan behar da, ganera, erakusketan parte hartzen daben 26 artistak ez dirala 2020an BilbaoArteren babespean ibili diran bakarrak. Tailerretan ehun bat lagun ibili dira, eta hogei sortzaile ingururi emon deutsez produkzinorako laguntzinoak. Dana dala, osasun egoereagaitik, ezin izan dira mobikortasun handiko programa batzuk egin, Hego Koreako eragileakaz alkarlanean antolatzen dan SeMa Nanji adibidez.
Ateak zabalik 2020 erakusketa kolektiboa doban bisitau leiteke BilbaoArteko egoitzan bertan. Arratsaldez egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!