Euskaldunen hizkuntza eskubideak babesteko eskatu dau Behatokiak

Bizkaie! 2020-12-10 10:45   Euskerea berbagai

Giza Eskubideen Nazinoarteko Eguneko adierazpena plazaratu dau.

Administrazioan Euskarazeko eta Behatokiko ordezkariak, zemendian Nafarroan egindako agerraldi baten (argazkia: Behatokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hizkuntza eskubideak errespetau ezean, giza eskubideak bete barik segiduko dabe Euskal Herrian, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar baten adierazo dauenez. Hain zuzen be, abenduaren 10a da Giza Eskubideen Nazinoarteko Eguna, eta horregaitik plazaratu dau Behatokiak adierazpena. Ganera, Agurne Gaubeka erakunde horretako zuzendariaren bideoa zabaldu dabe sareetan. 

Hizkuntza eskubideak giza eskubideen parte dirala gogoratu dau Behatokiak, eta horregaitik, dei egin dau euskerea eta euskal hiztunak babestera. Nahi dogun gizartea eregiteko, hainbat arlotan berehalako neurriak eskatu genduzan. Alor horreetan guztietan euskeraz bizitzeko eskubidea txertatuz lortuko dogu gizarte bardinzaleagoa eta justuagoa, esan dau Gaubekak. 

Euskaldunen eskubideak lehendik be eremu askotan urratzen izan badira be, Covid-19aren pandemia hasi zanetik arlo gehiagotan topau ditu gabeziak Behatokiak. Segurtasunean eta osasungintzan jazotako urraketak salatu zituan izurritearen lehenengo olatuan (kejak bikoxtu egin ziran), baita erakunde publikoen praktika linguistikoak be. Bigarren olatuan egoereak ez dauela hobera egin ikusi dau. 

Esate baterako, Agurne Gaubekak zaintzeari lotutako hainbat gabezia azpimarratu ditu, alor horretako zerbitzu guztietan euskerea gogoan izan behar dalako: Euskal Herrian bizi diran persona guztien ondoizatean eta alkarbizitzan eta eraikuntza sozialean euskereak berebiziko garrantzia dau. Edadetuei, etorkinei eta egoera sozioekonomiko makalean dagozanei euskeraz bizitzeko eskubidea autortu ez eze, horretarako baliabideak eta aukerak emon behar jakez. 

Osasungintzan be euskeraz dakien profesionalak behar-beharrezkoak dirala dino Gaubekak. Lurraldetik lurraldera aldeak dagozan arren, normalean ez dago profesional euskaldun nahikorik, batez be espezializazinoetan. Hori gitxi balitz, pandemiak eragindako aldaketetan ez da hizkuntzea kontuan hartu. 

Lan eremuan, lege eta ondasunei lotutako zerbitzuetan... dagozan hutsuneak be ez ditu ahaztu nahi izan Behatokiak. Hezkuntzan, bestalde, aldaketak eskatu ditu: Euskeraz ikastea eskubide unibersala izanik, dobakotasuna eta hezkuntzan ondo integrauta egotea beharrezkoa da, herritarrek hizkuntza-bardintasunean ikasi deien. Azkenik, aisialdia ez ahazteko deia egin dau Agurne Gaubekak, eremu horretako euskerazko edukiak falta diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu