Auzoko bizitza soziala, artistikoa eta turistikoa bultzatuko dau Portu Zaharrerako nortasun-marka barriak

Bizkaie! 2020-12-10 11:07   Pil-pilean

Nortasun grafiko barria sortzearen helburua da marka sendo eta identifikagarria eskaintzea.

Getxoko Turismo Bulegoak, Portu Zaharreko bizilagunen alkarteagaz eta Eusko Ikaskuntzagaz alkarlanean, nortasun grafiko barria aurkeztu dau, algortarren kokagune enblematiko hori gizarte, kultura eta turismo arloan identifikau eta sustatzeko. Ingurua Dinamizetako Planaren barruan, liburuxka barriak argitaratu dira (historiaren datuak, interesguneen deskribapena, bitxikeriak, kokapenaren plano txiki bat, eskaintza turistiko eta gastronomikoa...) eta auzoko interpretazino-seinaleak (panelak) eguneratu dira.

Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazo dauenez, Portu Zaharreko bizilagunakaz eta Eusko Ikaskuntzagaz batera egiten ditugun jarduera honeek beste pausu bat dira, Portu Zaharreko Itsas Arrantza Ondarea Dinamizetako Planaren barruan, 2011tik horratzen gagozana. Udal gobernuaren asmoa da lan zientifikoa, dinamizazino kulturala eta auzotarren inplikazinoa ardatz hartuta jarraitzea baliabide materialen konserbazinoan, alderdi immaterialen dibulgazinoan eta getxotar guztientzat hain enblematikoa eta maitea dan auzo honen ingurumen-balioen sendotasunean. Helburua da auzo sozioekonomiko eta kultural biziagoa eta parte-hartzaileagoa lortzea eta, aldi berean, turismo-gune erakargarriagoa izatea, eskaintza dibersifikatuagoa, hunkigarriagoa eta gogoangarriagoa dauena, iraunkortasunean, benetakotasunean eta tokiagazko eta bertako jenteagazko errespetuan oinarritua.


Nortasun-marka barria

Portu Zaharra nortasun grafiko barria sortzearen helburua da marka sendo eta identifikagarria eskaintzea, Portu Zaharra turismoaren ikuspegitik sustatzeko orduan argi eta garbi ikusi daiteke. Irudi sintetikoa, modernoa, dinamikoa da eta kolore nagusia berdea da, baina kolorearen erabilera aldakorra da hainbat aplikazinotan integretako, bai argitalpen grafikoetarako, bai webgunerako eta sare sozialetarako be.

Portu Zaharrak kostaldeko beste portu batzuekaz konparauta dituan erreferentzia bereizgarrienetan oinarrituta sortu da eta bere berezitasunak oinarri hartuta:

- Lemea, Lemaneen (ontziei Bilbotik-Bilborako sartu-urteeretan hareatzak ebitetan laguntzen eutsen ontzitxuak) gidaritza eta pilotajearen maisutasuna sinbolizetan dauena;

- Eskailerak, kolore bereziko etxe txikiakaz arrantzaleen auzorako sarbide aldapatsuen ezaugarri diranak.

Portu Zaharreko Auzokideen Alkarteak adierazo dau irudi hori auzoaren nortasunaren parte izatea nahi dauela eta, horregatik, bere inguruneko gizarte, kultura, arteari buruzko gaietan, beharrezko baimenaz erabilteko interesa agertu dau eta inoiz ez helburu komertzialez.


Liburuxka barriak eta panelak barritzea

Turismo Bulegoak Portu Zaharra sustatzeko euskarri grafiko barriak argitaratu ditu (liburuxkak eta flyerrak). Liburuxkak (eta flyerren laburbatuta) bere historiako datuak, interesguneen deskribapena, bitxikeriak, kokapen-plano txiki bat, eskaintza turistikoa eta gastronomikoa eta Portu Zaharragaz lotutako udalerriko beste interesgune batzuk batzen ditu.

Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eginak, euskera/gaztelania bersinoan baino ez dira inprimidu (osasun-krisiak eragindako egoereagaitik). Gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko bersinoetan, turistei eta bisitariei zuzendutako euskera-hiztegi txiki bat dago, bisitetan gaituenean zenbait berba ezagutu deiezan.

Liburuxkea Udalaren webgunean konsultau daiteke hemen.

Era berean, ibilbidea osotzen daben interpretazino-seinaleen zenbait elementu birjarri dira, bai Portu Zaharrean bertan instalautakoak, bai Ereagako hondartzakoa eta Usategikoa be.

Panel guztietan sartu da Portu Zaharra marka barria, baita Portu Zaharra, etxez etxe dobako aplikazinoari eta hizkuntzetako audio-sistemeari jagoken QR kodea be, interpretazino-elementuetan jasotako informazinoa entzuteko aukerea emoten dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu