Getxoarte, sormen garaikidearen leihoa Romon
2020-12-10 10:05 KultureaAbenduaren 11tik 13ra erakutsiko ditue bitartekaritza eta egoitza programearen emoitzak.
Romo Kultur Etxea arte eta sormen garaikidearen erakusleiho izango da egunotan, Getxoarte 2019-20ko Bitartekaritza eta Egoitza programearen eskutik. Edizino honetan eragin handia izan dabe osasun-egoereak eta konfinamenduak, hortaz, programearen ardatz nagusietarako bat da hori erakustea. Hilaren 11tik 13rakoa da egitarauaren epe ofiziala, baina gaur be, hilak 10, ekitaldi batzuk hasiko dira.
2019ko bagiletik Getxoarte egitasmoaren barruan sortutako proiektuak erakusteko aukerea emongo dau hiru eguneko programazinoak, erakusketa, topaketa, tailer eta antzekoen bidez. Argazkigintzea, arkitekturea, pinturea, personalizazinoa… jorratuko ditue aurten.
Erakusketa nagusia abenduaren 10etik urtarrilaren 4ra arte ikusi ahal izango da Romo Kultur Etxean. Bertan, María Benito Pirizek, Getxoarte sariaren irabazleak, hainbat lan batu ditu, esaterako gailu edo mekanismo lez sortu diran eskulturak eta baita oinarrian eguneroko elementuak eta uri-estetikea dituen bideoak eta irudiak be.
Barikuan, bitartekaritza eta egoitza programearen lanak erakutsiko ditue. Horreen artean aitatu behar da Artista bat auzoan bideo-proiektua, berrogeialdian Regina Zabala, Pablo Zabala, Pablo Astrain, Eztizen La Cruz, Natalia García Muro, Maitane Sarralde, Helena Goñi eta Izaro Ieregi artisten bizipenak publikoari hurreratu deutsazana. Bestetik, argazkigintzea eta argiztapena landuko ditue Esteban Ramosen erakusketan.
Zapatuan, umeentzako tailer bi egongo dira. Mahai-inguru baten, praktika artistikoak, arte-hezkuntzea eta kultura-erakundeen jarrerea jorratuko ditue Artaziakoop, Tipi Gara eta Kalekocalle kolektiboek eta EHUko Idoia Marcellán irakasle eta ikertzaileak. Natalia García Muro jantzari getxoztarrak El espacio de los límites piezea aurkeztuko dau.
Getxoarte 2019-20 domekan, hilak 13, amaituko da. Jon Ander Garcíak kamiseten personalizazino tailerra zuzenduko dau, 12 eta 20 urte bitarteko gazteentzat, esperimentazino kolektiboa ardatz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!