Kantatzen Daben Herriak jardunaldiak EHUn barikura arte

Bizkaie! 2020-12-09 10:16   Musikea

Musikea pandemia garaian, gorputzak eta identidadeak jorratuko ditue.

EHUren Leioako Kanpusak Kantatzen Daben Herriak jardunaldiaren laugarren edizinoa hartuko dau gaur, bihar eta etzi, musikearen mundua arlo ugaritatik aztertzeko asmoz. Ponentziak, mahai-inguruak, tailerrak... dagoz egitarauan, batzuk online eta beste batzuk presentzialak. Izan be, ekimen honek be Covid-19aren sasoietara egokitu behar izan dau. 

Hain zuzen be, musikagintzan egoera barriak ze eragin izan dauen aztertuko dabe jardunaldien lehenengo egunean, Musikea pandemia garaian izeneko egitarauaren bidez. Bertoko eta kanpoko hainbat adituren komunikazinoak entzun ondoren, Simon Peña dekanoak hasierako ekitaldia gidatuko dau, eta mahai-inguru baten hartuko dabe parte Sara Zozayak, Andoni Iturbek, Aitor Etxebarriak, Adrian Medranok eta Nahia Muñozek. Arratsaldean, Liven Svaart, Mikel Izarra, Garazi Gorostiaga eta Myriam Rzm-ren proposamen artistikoak ezagutu ahal izango dira.

Bigarren egunean, eguenean, Gorputzak eszenatokian izango da gai nagusia. Madrilgo Complutense unibersidadeko Héctor Fouce irakaslearen ponentzia gonbidatua eta aditu ugariren komunikazinoak izango dira goizean; arratsaldean, Itxaso Navarro, Teresa Jareño eta Marion Cruzaren proposamen artistikoak. Ganera, Aneguriak rap-tailerra emongo dau, gaztelaniaz.

Azkenik, barikuan, Musikea eta identidadea izango da eguneko egitarauaren izenburua. Roger Martínez Sanmartí Kataluniatik etorriko da ponentzia gonbidatua emoten. Aneguriak barriro emongo dau rap tailerra arratsaldean, baina euskeraz. 

Antolatzaileek azaldu dabenez, ekitaldi guztiak, aurrez aurrekoak zein telematikoak, dobakoak izango dira, baina presentzialetan leku mugatuak dagozanez aurretik izena emon behar da, kdh.the@ehu.eus helbidera idatzita. 

Egitarau osoa hemen behean:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu