Bidebarrieta Kulturguneak musikaz alaituko ditu gabonak
2020-12-09 08:43 MusikeaJabier Muguruzak, Bernardo Atxagak, Fetén Fetének, Jou Gonzálezek eta Belakokoek igongo dabe oholtzara.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak goi mailako hiru kontzertu antolatu ditu abendurako, gabonetako sasoia musikaz alaitzeko. Emonaldiok #BilbaoGabonak egitarauaren parte dira. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko (hemen), bakotxa bost euroan.
Hiru kontzertuetatik lehenengoa Jabier Muguruza musikariak eta Bernardo Atxaga idazleak emongo dabe. Oraintsu plazaratu daben Geltokiak izarretara disko-liburua aurkezteko kontzertua izango da. 1980 eta 1990eko hamarkadetako euskal musikearen errepasoa da lan barria, hainbat autoreren kantuen bersinoen bidez: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Xabier Lete... Jabier Muguruzak Iñigo anaieari egindako omenaldia be ez da falta. Abenduaren 18an izango da, 19:00etan.
Hurrengo kontzertua hilaren 22koa da, hori be 19:00etan. Fetén Fetén taldeak eta Jou Gonzálezek bat egin dabe proposamen fresko eta energiaz betea aurkezteko. Jou Gonzalezen haizeak, Jorge Arribasen akordeoia eta Diego Galazen biolina dira oinarria.
Azkenik, abenduaren 29an, Belako taldean dabizan artista bi helduko dira Bidebarrietara, Josu Ximun eta Cris Lizarraga. Mungiako taldearen errepertorioaren errepasoa egingo dabe modu akustikoan. Gaur egungo euskal musikearen ordezkaririk ezagunenetakoak dira nazinoartean Belakokoak, eta Plastic Drama diskoa plazaratu barri dabe. Hainbat sari irabazi ditue eta jaialdi entzutetsuetan jo dabe.
Kontzertuotan, #BilbaoGabonak programako ganerako ekitaldietan legez, Covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriak zorrotz beteko dira. Edukierea mugatuta egongo da, eta momentu guztietan maskarea jantzita eroan beharko dabe ikus-entzuleek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!