Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza-eskubideak berariaz jasoteko proposamena aurkeztu dau Kontseiluak
2020-12-07 12:56 Euskerea berbagaiSalagarria da eskubideak oinarri dituan prozesu batean dokumentazino guztia gaztelania hutsean argitaratzea.
Espainiako Gobernuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak Eskubide Digitalen Gutuna egiteko prozesu parte-hartzaileari ekin eutson joan dan bagilaren 15ean. Orain, barriz, konsulta publikoa egiteko aukerea zabaldu dau, herritarrek eta erakundeek gutunari oharrak egiteko. Holaxe egin dau Kontseiluak, izan be, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazo dau gutunak hizkuntzen auzia eta hizkuntza-eskubideak alboratu dituala: Ingurune digitala gure eguneroko bizitzan hartzen dagoan garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da eremu horreetan herritarroi jagokuzan eskubideak zerrendatzea; halan da be, zoritxarrez, Espainiak ez deutso erreparau hizkuntza-errealidadeari.
Elhuyar taldearen eta PuntuEUS Fundazinoaren ekarpenetan oinarritu da Kontseilua gutunari bederatzi ekarpen zehatz egiteko: Lehenik eta behin, Gobernuak gogoratu behar dau badela kontuan hartu beharreko aro digitaleko hizkuntza-bardintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuaren ebazpena, izan be, eskubide digitalak hizkuntza-eskubideak be badira eta, beraz, propio jaso behar ditu, adierazo dau Bilbaok.
Hain zuzen be, hizkuntza-erispideak kontuan hartzeko eskatzen dabe Kontseiluaren ekarpenek, honako esparruetan: bardintasunerako eta diskriminazino-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazino publikoakazko hartu-emonetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.
Bestalde, Kontseiluak Espainiako Ministerioari ondokoa adierazo deutso: Salagarria da eskubideak oinarri dituan prozesu batean dokumentazino guztia gaztelania hutsean argitaratzea eta berezko hizkuntza ofizialetan gure ekarpenak bialdu ahal izateko mekanismorik ez egotea.
Espainiako Gobernuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren esku itxi ditu oharrak Kontseiluak eta Espainiako Gorteetan ordezkaritzea daben euskal alderdiei be helarazoko deutsee datozen asteotan, eskaerakaz bat egin deien. Begitantzen jaku, gizarte eragileok eta alderdi politikoek be defendidu behar dabela eskubide digitaletan hizkuntza-eskubidearen ikuspegia jasotea. Azkenik, galizierearen eta katalanaren aldeko gizarte eragileen babesa be jaso dau Kontseiluak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!