Rafa Rueda: 'Minimala gura neban diskoa, biluzia'.

Koldo Isusi Zuazo 2020-12-05 08:00   Barriketan

Bizkaitarraren bakarkako seigarren lan luzea da Rueda, zortzi kantuz osotutakoa. Estetika berezikoa, mugarria da Rafa Ruedaren bakarkako ibilbide musikalean.

Rueda honetan, Inge Muller, Joseba Sarrionandia, Iñigo Astiz, Audre Lorde, Mari Luz Esteban, Josu Goikoetxea eta Elena Olaberen testuak musikatu ditu.

Jon Agirrezabalagarena (WAS) izan da produkzino artistikoaren, grabaketearen eta elektronikearen arduraduna. Bilboko El Tigre estudioan egindako lana da.


1.- Gitarrea, ahotsa eta elektronikea buztartu dozuz diskoan eta abesteko moduan be aldaketak igarri dira. Pozik geratu zara diskoa amaitu ostean?

Bai. Buelta batzuk emon deutsaguz estetika musikalari, minimala gura neban, biluzia, gitarrea, ahotsa eta elektronikea. Behar handia egin behar izan dogu arlo bakotxari merezidu dauena emoten, elektronikaz aparte ahotsa da gehien nabarmentzen dana eta moldaketak eta zehazten denporatxua emon dogu. Baina oso gustora geratu naz kantu bakotxari behar izan dauena eskaini deutsagulako.


2.- Rueda izenburuak etapa baten hasierea edo egin dozun ibilbidea batzeko gogoa adierazoten dau?

Arrazoiak bi dira. Alde batetik, denporatxua ibili naz izenagaz bueltaka, izena, izena eta abizena, izen artistikoaren bila be ibili naz edo ezizen baten bila. Azkenean, abizenari eutsi eta horrexegaz agertzea erabagi dot. Beste alde batetik, ume sasoiko kontuekaz zerikusia dauena be nabarmenduko neuke, izan
be, umetan, pelotaria nintzan Mungiako Pelota Eskolan, 12-13 urtera arte edo hor ibilten nintzan eta dakizunez, pelotariak abizenagaitik ezagutzen doguz danak eta umetako partiduak iragarteko karteletan, barriz, besteenak bai baina neurea ez zan agertzen, akaso, abizen ez euskalduna zalako nirea, ez dakit.
Urte batzuk pasauta lagun bategaz hori komentetan pentsau neban baegoala zor txikia abizenagaz eta horrexeri ekin neutson.


3.- Estetikeari jagokonez, diskoaren azala berezia da. Erruberak edo zer dira?

Erruberak dira, Alain Urrutia margolariak eginikoak. Aspaldi sortu eban marrazki hori, lagun artean kooperatiba bat egin dogu, bazkideetako bat Alain da eta urtebete inguru edo esan eustan baeukala logotzat erabilteko moduko bat; asko gustau jatan eta seguru nago etorriko diran lanetan be agertuko dala.


4.- Alde musikalean, barriz, autotunea eta giro lasaiak baina jantziak sartu dozuz...

Aurreko diskoetan urratutako biderik ez dogu urratu disko barrian, lehendik ezagutzen genduzan arloetan ibili gara olgetan, esperimentetan be bai, ezusteko batzuk be hartu doguz eta hori guztia beti da abesagarria eta oso gustora ibili gara. Asmoa disko biluzia egitea izan arren, berbakaz olgetan hasi eta
elektronikea, filtro eta produkzino behar handia tarteko dirala, gauza potoloa, jantzia egin dogula pentsetan dot. Joan Agirrezabalaga produktoreak be parte hartu dau diskoan eta askatasun osoa emon neutsonean berak be asmau eta gozau egin dau.


5.- Hogeitamar ahots gaztez osotutako Euskeria abesbatzak kantau dau diskoan. Esperimentazinoa ala ondo pentsautako erabagia izan da?

Ahotsari emon gura izan deutsat indarra eta protagonismoa. Joan Agirrezabalaga Euskeriakoakaz behar eginda egoan Ama Kuraia lanean kantu batzuk txertatzeko eta neure diskorako baegoala hor aukera bat esan eustan. Ez neban gura oso nabarmen, lehen lerroan agertzea abesbatza. Bilboko Koral Alkartean oso ondo behar egiten dabe gazteakaz, geuk eskatutakoari jaramon egin eta ondo konpondu gara. Leitekeana da aurrerantzean beste kolaborazino batzuk eta kontzertuak be sortzea eurekaz, zeozertan hasita gagoz daborduko.


6.- Gitarra akustikoa joten dozu diskoan baina elektrikorik ez, Broken Bihotz eta Pi L.T. taldeetako abeslaria izan ondoren. Zein da arrazoia?

Ez dago arrazoi berezirik, beharbada kantuak pausatuagoak diralako Rueda diskoan. Gitarra española erabili dot nahikotxu diskoan, baita akustikoa be eta gitarra elektrikoa, barriz, gitxi. Bilatzen genduzan giroek bultzatuta erabili doguz bata edo bestea. Hori bai, zuzenekoetan, segurutik gehiago erabiliko doguz elektrikoak.


7.- Bakarlari eta beste sortzaile batzukaz alkarlanean be ibili zara, besteak beste, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverdegaz eta ezin ahaztu, besteak beste, erantzun bikaina izan eban Zaharregia, txikiegia, agian zein Ehungarrenean hamaika. Oraintsu Mikel Urdangarinen zuzenekoetan be ibili zara...

Aspaldiko lagunak gara Mikel eta biok, 15 urte edo daroaguz alkarregaz eta sarritan kolaboretan dogu batak bestearen diskoan. Musikatik bizimodua atara gura izatea konpromiso handia da baina hau da gure mundua. Zaharregia, txikiegia, agian nork ez dau gogoratzen, Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde
eta beste batzuk be ibilten gara. Mikel Urdangarinegaz oso erraz behar egiten dozu, gauzak beti daukaz argi eta besteoi askatasuna emoten deusku geure ekarpenak egiteko. Lehen aitatu deutsudan Zart kooperatibako kidea be bada Mikel.


8.- Laster hamarkada bi egingo dozuz zeuk idatziko letrak zein beste idazle batzuenak kantetan. Lan barri honen aurrerapen-abestia Zart sortzaile-kolektiboagaz alkarlanean argitaratu dozu eta diskoan lehenengoa da: Iges puntua. Zein da zuri gehien gustetan jatzun kantua?

Bat bakarra hartzea ez da erraza. Diskoa plazaratu arte, bi erakutsi doguz baina Zahartzeko modurik onena, Mariluz Estebanek idatzitako testu baten gainean egindako kantua, mamin handiko kantua, urteak beteten jarraitzen dogunontzat bikaina, batek baino gehiagok ikusiko dau bere burua hor islatuta.

Umetan hasi nintzan musikearen munduan. Hamabost bat urtegaz Broken Bihotz taldeagaz hasi ginan eta aurrerago etorri zan Pi L.T. taldea. Gehien maite dodan bidea da eta momentuz buruan ez daukagu besterik. Asmoa segidutea da baina horretarako entzuleak behar doguz.


9.- Bide erdian da bakarka egin zenduan lehenengo kantua. Zergaitik batu dozu diskora?

Kantu hori neuk idatzitako bakarra da Rueda diskoan eta diskoa be berezia dala gogoan hartuta ia derrigorra zan lan barrian. Diskoa atontzen hasi nintzanean, aurreko diskoetako kantuak grabetan hasi nintzan eta sonoridadea lortuta kantu barriak sortzeari ekin neutsan. Kontua da ze, zahar horreetatik Bide erdian izeneko hau geratu zala diskora batzeko.


10.- 2020ko garagarrila eta urria bitartean Bilboko El Tigre estudioetan grabau eta nahastau izan dozue disko barria eta ondoren, Mamia Estudioan Jonan Ordorikak masterizau eban. Musikearen industria ez dago indartsu, dana egiten da online... Fase barri baten hasierea?

Aspaldiko kontua da hau eta pandemiak egin dauena da azkartu prozesua. Sarearen garrantzia, musikea zein kulturea konsumiduteko moduetan, gero eta indartsuagoa da gure bizimoduan eta horri uko egiterik ez dago, berrasmau, besterik ez dago.


11. Durangoko Azoka birtualaren aurrean, ze esperantza dozu?

Ikusteko dago. Jenteak erantzungo dauela pentsetan dot baina erronkea ez da makala. Guk sortzaileok gure lana egin dogu, erraztasun guztiak emon eta itxaropentsu gagoz, erosleak dana prest izango dau erosketak egiteko. Ez ohiko Durangoko Azokea izango da, birtuala. Durangoren indarra be ez da betikoa izango. Durangotik kanpo be gauza asko izango dira. Sekula ez dogu holakorik ezagutu. Orain arte beti batu izan gara Durangon eta hartu-emonak aurrez aurrezkoak izan dira.


12.- Rueda disko barria aurkezteko zuzenekorik badozu berbatuta?

Durangoko Azokan, abenduaren 6an, 19:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian joko dogu sarrera guztiak agortuta eta hortik aurrerakoak ikusteko dagoz.

2021eko urtarrilaren 14an, Bilbon dogu berbatuta kontzertu bat eta aurrerago, martian be kontzertuak eskaintzea espero dot baina pandemiaren gorabeherei begira gagoz danok eta ia ahalik eta arinen konponbidea emoten deutsagun.


13.- Euskal musikearen panoraman, zelan ikusten dozuz Maren eta Sara Zozaya lako gazteak?

Horreek biak eta gehiago nabarmendu beharko geunkez, besteak beste, Ana Arzuaga - Verde Prato, Arima, Olatz Salvador... Ahots ederrak, talde indartsuak,  gazte-gazteak eta bihar-etzi jo eta su ibiliko diranak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu