Euskaraldiak bultzatutako hizkuntza ohituretan sakontzeko deia

Bizkaie! 2020-12-04 13:27   Euskerea berbagai

Bigarren edizinoa masiboa izan dala nabarmendu dabe antolatzaileek.

Bilbon egindako agerraldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hizkuntza praktika barriak sortzen gabiz leloa erakutsi dabe, Euskaraldiaren bigarren edizinoaren balorazinoa egiteko Bilbon batutako eragileetako ordezkariek. Gaur, abenduak 4, euskerearen erabilerearen inguruko ariketa sozial horren azken eguna da, eta antolatzaileek pozik adierazo dabe milaka belarriprest eta ahobizi ibili dirala hamabost egunez euren hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean.

Pandemia bete-betean heldu da Euskaraldiaren bigarren edizinoa, eta horrek oztopo eta aldaketa batzuk ekarri ditu ezinbestean. Halan eta guzti be, parte-hartzea masiboa izan dala azpimarratu dabe balorazinoa egiteko orduan. Gizarteak euskereagaz dauen herri-gogoa hauspoa izan dala dinoe. 

Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illaro eta Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarriz agertu dira ekitaldian azalpenak emoten. Eurakaz batera egon dira Euskal Herriko erakunde publiko nagusietako ordezkariak: Bingen Zupiria (Jaurlaritzea; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa); Mikel Arregi (Euskarabidea; Nafarroa); eta Amets Lahetjuzan (Euskal Konfederazinoa; Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea). Arlo publikoko zein herri ekimeneko beste entidade askok be ordezkariak izan ditue.

Balorazinoa egiteko orduan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egon diran parte-hartzaile guztiak gogoan hartu ditue: Oso pozgarria da milaka lagunen konpromisoa berretsi dala eta aurreko edizinoan parte hartu ez eben ahobizi eta belarriprest asko ariketara batu dirala ikustea. Gizartea bizirik dagoala erakutsi dabe Euskaraldiak eta haren inguruan antolatu diran beste jarduera asko, herri-gogoa badago. 

Hizkuntzearen arloko ohitura aldaketen barri jasotea albiste bikaintzat jo dabe: Ez da edozelako aldaketea: bakotxaren ohiko hartu-emon sareetan eragiteak hautu kontzientea egitea eskatzen dau eta praktikeari eutsi behar jako. Ariguneak be, hainbat jenteren arteko adostasunetik sortu dirala aitatu dabe. Ohiturak astintzeaz gan, euskerearentzako gune erosoak sortzea behar-beharrezkoa da, ganeratu dabe antolatzaileek, Ariguneen garrantzia azaltzeko.

Covid-19ak eragin dituan oztopoen ganetik norbanako eta entidade askok egin daben ahalegina txalotu dabe, herrietako taldeen dinamikeari eustea eta kaleko lana egitea egoera normalean baino nekezagoa izan dalako. Eta, halandabe, aurreko edizinoan baino udalerri gehiagotara heldu da Euskaraldia. Herri gehiagotan egon dira batzordeak eta boluntarioak lanean, ahalegin ikaragarria egiten. Euskaltzaleen mobimendu indartsua sortzeko oinarri izatea nahi dabe.

Biharko eguna

Euskaraldia amaitu da, baina orain arte egindakoari eutsi eta bide barriak zabaltzeko momentua dator orain. Antolatzaileek eskari zehatza egin dabe: Euskaraldiak bultzatutako hizkuntza praktiketan sakontzen segidu behar da. Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa emon deusku egunotan, eta aldatu doguzan dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain

Hamabost egunotako esperientziak erakutsi dau uste doguna baino euskaldun gehiago dagozala geure inguruan, edo behintzat euskerea ulertzen dauen jente asko. Ohiturak aldatzea posible dala eta norberaren ekinak inguruan eragina dauela be garbi itxi dau Euskaraldiak. 

Kalean zein ingurune digitalean, bietan biderkatu geinkez euskeraz egiteko aukerak. Lortutako adostasunak eta identifikautako espazioak baliatu daiguzan aurrerantzean be, geure lantoki, alkarte, denda eta espazio publikoetan euskeraz berba egiteko, eskatu dabe antolatzaileek. Azkenik, herritarrak zoriondu ditue. 

Datuak

- Parte-hartzaileak: 179.780 lagun.

- Ahobizi izen emondakoen % 77 izan dira. Belarriprest, % 23.

- Emakumeak gehiago izan dira, % 62.

- % 29k ez eban lehenengo edizinoan parte hartu. 

- Lurraldeka: Gipuzkoa, % 44; Bizkaia, % 34,25; Nafarroa, % 11; Araba, % 8,5; Lapurdi, % 1,5; Nafarroa Beherean, % 0,5; Zuberoa, % 0,1; kanpokoak, % 0,25.

Erakundeak

Erakunde publiko eta pribadu askok bultzatu dabe Euskaraldia. Bilbon egindako ekitaldian honeek egon dira:

Eusko Jaurlaritzatik, Estibaliz Alkorta Euskerea Sustatzeko zuzendaria; Bizkaiko Foru Aldunditik, Xabier Arauzo Euskera Zuzendari Nagusia; Gipuzkoako Foru Aldunditik, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Bardintasunerako Zuzendaria; Arabako Foru Aldunditik, Jokin Larrañaga Euskera Zerbitzuko zuzendaria.

Euskaltzaleen Topagunetik, Jasone Mendizabal; Kontseilutik, Paul Bilbao; Hizkuntza Eskubideen Behatokitik, Agurne Gaubeka; Emun kooperatibatik, Olatz Olaso; Elhuyar aholkularitzatik, Maddi Etxebarria; AEKtik, Mertxe Mugika; Ikastolen Alkartetik, Koldo Tellitu; Kristau Eskolatik, Arantza Jaka; PuntuEUS fundazinotik, Josu Waliño; Urtxintxa eskolatik, Maite Asensio; Labayrutik, Jokin Gorozika.

Bilboko Udaletik, Koldo Narbaiza Euskera eta Hezkuntza zinegotzia eta Jone Unzueta zuzendaria; EUDELetik, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea; UEMAtik, Iraitz Lazkano Elgetako alkatea, EHUtik, Jon Zarate Euskera errektoreordea; EITBtik, Urko Aristi; Etxepare Institututik, Garbiñe Iztueta; Athletic Fundazinotik, Iker Goñi.

Ipar Euskal Herriko Euskaraldiko koordinazino taldetik, Mattin Troitiño; Tolosaldeko Galtzaundi alkartetik, Imanol Artola; Getxoko Egizu eta Bizarra Lepoan alkarteetatik, Alaitz Billate, Ainhoa Romarate eta Maier Arrieta; Bilboko Euskaraldiko batzordetik, Jon Intxaurraga eta Markel Amillategi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu