XVI. mendeko euskerazko olerki bat agertu da

Bizkaie! 2020-12-04 09:19   Euskerea berbagai

Gipuzkoako euskera arkaikoaren lekukotasuna da Oñatiko artxiboan agertutako hori.

Olerkiaren orria; euskerazko testua inguruan, modu artifizialean nabarmendua (Gipuzkoako Probintzia Artxiboa, OƱati) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala bost mende eskuz idatzitako euskerazko testu bat topau dabe Oñatiko Probintzia Artxiboan gordetako notario-protokolo batzuen artean. Gipuzkoako Foru Aldundiak emon dau barria, eta agiria ikusgai ipini dau Donostian, Koldo Mitxelena Kulturgunean. Euskerearen historia eta bilakaerea ezagutzen lagunduko dau olerkiak, sasoi haretako euskerazko idatzi gitxi dagozalako, berba edo esaldi solteetatik harago. XVI. mendearen hasierakoa dala dinoe adituek.

Hain zuzen be, amodiozko olerki bat da testua. Zehatzago, olerkiaren zirriborroa, erderaz idatzitako notaritza-testu baten inguruan geratu diran zuriuneetan idatzia. Azkoitiko Miguel Ibañez de Insausti eskribauaren agirietako bat da, baina adituek ez dabe uste idazlea bera danik. Beharbada, haren eskribautegian ikasle ebilen gazte batek idatzi eban. 

Egilearen izenik eta datarik ez dakar olerkiak. Letrakerea eta eskribautegiko beste agiriakaz daukazan antzekotasunak aztertuta, adituen ondorioa da 1508 eta 1521 urteen artekoa dala. Beraz, esaldi eta berba solteak baztertuta, Gipuzkoan agertu dan euskerazko testurik zaharrena da, eta Euskal Herriko antxinakoenetako bat. 

Iago Irijoa doktorea buru, artxiboko beharginak ibili dira agiria aztertzen. Ander Ros filologo eta sasoi haretako testuetan adituak egin dau hizkuntzearen arloko hasierako analisia. Gatxa izan da berba guztiak zehaztasunez irakurtea, eta oraindino badagoz zalantzak edo interpretazino zehatz bako pasarteak. 

Azterketa sakonagoetarako bidea zabalduko dau Foru Aldundiak egindako iragarpenak, agiria eta transkripzinoa nahi daben guztien eskura ipini dauelako. Ander Rosek egindako lehenengo analisian, baina, badagoz nabarmentzeko moduko hainbat gauza. Batetik, euskera arkaikoaren lekukotasuna dalako, eta orduko gipuzkerazko testu asko ez dagoz. Bestetik, orain arte dokumentau bako berba eta esangura batzuk dakarzalako.

Halako beste idatzizko poemarik ez da ezagutzen izan orain arte XVI. mende hasierako Gipuzkoan. Halandabe, Ander Rosek uste dau baegoala euskeraz halakoak idazteko tradizinoa, gugana heldu ez diran arren. Idazle anonimoak erabilten dituan formulazinoetan eta ereduetan igarten da aurretik tradizino bat egoala.

Hona olerkiaren lehenengo lerroak:

Ene laztan gozo ederra

Penaz penaçen naçu

Orreyn culez ninduçula

Nola amora nençaçun

Ori escuan ezpata?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu