‘Ames bikotxa: Euskerea zientifikotzea eta zientzia euskeratzea’ liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2020-12-04 08:39   Euskerea berbagai

Zientzia eta Teknologia Fakultadeak euskerearen normalkuntzan emondako pausuak jasoten ditu lanak.

Ames bikotxa: Euskerea zientifikotzea eta zientzia euskeratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultadearen historia euskalduna liburuak Fakultadeak euskerearen normalkuntza prozesuan 50 urteko historian emon dituan pausuak eta jorratutako ekimenak jasoten ditu.

Orain dala mende erdi pasautxu Bilboko Unibersidadea sortu zan eta beronen barruan Zientzia Fakultadea. Gero, aldaketa sakon batzuen ondoren gaurko Euskal Herriko Unibersidadeko Zientzia eta Teknologia Fakultadea bilakatuko zan. Urte horreetan zehar euskereak normalizazino bidean pausu asko egin ditu eta bide horretan Fakultadea izan da lekuko eta parte-hartzaile. Hasierako momentuak ez ziran bape ederrak izan. Unibersidadea erdalduna zan sasoi hareetan, gizartea zan bezela euskal uri gehienetan. Orduko jente askori, gainera, ez jakon burutik be pasetan unibersidade mailan euskeraz jardun eitekeanik.

Liburua Aitor Castañedak editau eta Jacinto Iturbe eta Jesus Mari Txurruka Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakasleek idatzi dabe. Iturbe eta Txurruka aitzindarien lekukotasunetik Zientzia eta Teknologia Fakultadean euskerea zelan sartu zan kontau dabe. Egileek atzera begiratu eta aldi bakotxeko giroa ekarten dabe gogora, zientzia eta teknologia euskeraz bizi daitekeela beti sinistu daben persona biren lumearen bidez.

Euskereak zientzia adierazoteko balioduna izatearen printzipioak potentzialidadea emoten badau be, potentzialidade hori errealidadean gauzatzeko egin behar dan bideak esfortzu handia eskatu eban. Korrontearen kontra egiten genduala sentiduten genuan, bai unibersidadean, bai gizartean, askok ez eben uste zientzia euskeraz erakutsi eitekeanik. Ia hutsetik hasi behar izan genduan: euskeraz sortutako zientzia liburuak irakurri, nazinoarteko komunidade zientifikoko arauak xurgatu eta egozan euskerazko hiztegiak erabili genduzan, gogorarazo dau Jacinto Iturbek, Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Fisika irakasleak eta 1986an UPV/EHUko Euskerarako lehen errektoreorde izan zanak.

70eko hamarkadan egindako lanaren ondorioak jasoteko momentua heldu zan eta 1979ko urrian euskerazko lehen ikasgaiak eskaini zituen Fakultadeak, besteak beste, Matematikak, Fisikea, Kimikea, Biologia eta Geologia euskeraz jaso zituen 42 ikaslek.

Jesus Mari Txurrukak gogoan ditu urte hareek: Ezjakintasunaren ausardiagaz ekin geuntsan ikasturteari, baina argi geunkan egitasmo ha guk eroan behar genduala aurrera. Alabaina, gure esfortzua baino gehiago, Fakultadean euskeraz hasi ziran 42 ikasleen balentria azpimarratuko neuke. 1979an etxeko euskereagaz heldu ziran, ordura arteko ikasketa guztiak gaztelaniaz egin ondoren.

Fernando Plazaola Fakultadeko dekanoak nabarmentzen dauen moduan urte honeetan lortutakoa ez da zerutik jausi, lan itzela egin behar izan baita: Batzuek lan ikaragarria egin behar izan dabe, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultadean ikasleek euskeraz ikasi deien. Nahiz eta hobetzeko asko dagoan, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultadean ikasle guztietatik % 57,6 euskerazko lerroan dagoz, jakinarazo dau Fernando Plazaolak

Euskerearen Egunaren testuinguruan, Ames bikotxa: Euskera zientifikotzea eta zientzia euskeratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultadearen historia euskalduna liburuaren aurkezpenean izan dira egile biak, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusia; Jon Zarate, Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreordea; Andrés Urrutia, Euskaltzainburua; Jon Abril Olaetxea, Elhuyar Fundazinoko burua; eta Iban Thicoipe, Seaskako ordezkaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu