Euskerazko sorkuntzearen garrantzia goraipatu dabe

Bizkaie! 2020-12-03 14:43   Euskerea berbagai

2020. urtean, 844 izan dira argitaratutako euskerazko sorkuntza lanak.

Euskal literatureari aitamen berezia eginez Bizkaiko Foru Liburutegiak Yolanda Arrieta idazle bizkaitarraren esaldia jarri dau fatxadan Inspirarte proiektuaren eskutik. Gainera, Euskerearen Egunaren harian, euskerazko sorkuntza lanen inguruko datuak ikusarazo ditu Aldundiak. Aldi berean, telefono katea jarri dau martxan, behargin batek beste bati deitu eta bost minutuz euskeraz alkarrizketea izan dabe. Danetara, 76 langilek osotu dabe katea.

Euskerearen Eguna ospatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak euskal sorkuntzeak dauen garrantzia azpimarratu dau: 2020. urtean 844 izan dira argitaratutako euskerazko sorkuntza lanak, horreetatik 636 liburuak izan dira, eta % 40,5 ume eta gazte literatureari jagokozanak. Gainera, 44 aldizkari espezializatu publikau dira, jokoak, barriz, 10 izan dira, filmak 44 eta musika lanak 102.

Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatuak nabarmendu ditu datu horreek, euskal literaturearen zabalkundearen alde dabilen Inspirarte proiektuaren ekimenaren barri emon dauenean.

Hamasaei ikasleren Strom gazte alkarteak sortutako egitasmoa da Inspirarte eta Bizkaiko udalerriak literatura-esaldiz betetea da asmoa. Bizkaiko Foru Liburutegia ekimena zabaltzeko aukeratutako bigarren kokalekua da, Itsasmuseumean izan ebalako lehen kokaleku.

Proiektu honek euskal literaturea modu desbardinean ikusarazo gura dau. Mobimentu literario honen bitartez, Bizkaiko jentearen artean eragin gura da, bai eta euskal literatureagazko interesa piztu eta konsumoa sustatu be.

Literaturaz gan, esaldi eta lanon atzean dagozan Euskal Herriko idazleei ikusgarritasuna emon gura jake.

Bizkaiko Foru Liburutegiko ekimenerako Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak bere obrearen honako esaldia aukeratu dau: Hizkuntza arrotzez berba egingo deutsut hizkuntza arruntek arrozten dabena ezagun egin daizun.

Lorea Bilbaok euskaraz sortutakoa (musika, antzerkia, literaturea, filmak...) konsumiduteko deia egin dau, kulturea konsumiduteko garrantzia azpimarratu eta gaineratu dau, euskal sorkuntzeari bultzadea emoteko momentua dala, euskerazko eskaintza gero eta handiagoa da, badago non aukeratu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu