Euskerearen aldeko proposamena aurkeztu dabe Espainiako Kongresuan

Bizkaie! 2020-12-03 12:14   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituen alde urte hasieran adostutako manifestua da oinarria.

Proposamena babestu daben alderdietako kideak, Madrilen (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, aurkeztu dabe Espainiako Diputaduen Kongresuan euskerearen eta hizkuntza gitxituen aldeko legez besteko proposamena. Baina ekimen honen hasierea zezeilean dago, orduan batu ziralako hizkuntza txikien aldeko eragile garrantzitsu batzuk, eta sei konpromiso dakarzan manifestua onartu eben. Kontseilua da euskerearen ordezkaria. Katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren aldeko alkarteak be badabiz ekimenean. 

Diputaduen Kongresuan aurkeztutako testuak hamar alderdi politikoren babesa izan dau: BNG, Compromís, CUP, EAJ,EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCat eta Unidas Podemos. Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbao pozik agertu da, legez besteko proposamena eurek egindako sei konpromisoetan oinarrituta dagoalako. 

Hizkuntza gitxituen aldeko eragileen arteko batzarra oinarri teorikoak ezarteko egin eben, praktikan larregi sakondu barik, Bilbaok azaldu dauenez. Aitatu genduan azken boladan areagotu egin zala sektore politiko batzuen etenbako erregresino-mehatxua. Hartara, alderdi politikoei ohartarazo deutse gauzak egiten hasteko momentua zala, ikusle huts izan beharrean.

Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, bardintasuna eta demokrazia izeneko manifestuan, alderdi politikoei sei proposamen zehatz aurkezten jakez, eta horreek izan dira Kongresuko testuaren oinarria. Txalotu nahi dogu alderdiek proposamenari baiezkoa emon eta aurrera eroan izana, uste dogu hau dala eragileen arteko lankidetzarako eredua, adierazo dau Bilbaok. Dana dala, bidea hasi baino ez dala egin ganeratu dau, laster agerraldi bateratua egingo dabe eragileek, eta alderdiakaz barriro egingo dabe berba. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu