Euskerazko sormena 'lehen lerrora' eroango dau Udalbiltzak

Bizkaie! 2020-12-03 11:03   Euskerea berbagai

Literaturea, antzerkia eta zinemea Euskal Herri oson zabalduko dau Geuretik Sortuak proiektuak.

Durangon aurkeztu dabe Geuretik Sortuak (argazkia: Udalbiltza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturgintzearen sustapenean bete-betean sartuko da Udalbiltza, Geuretik Sortuak proiektu barriaren bidez. Euskera hutsezko sormena bultzatu, babestu eta zabaltzeko helburuz jaio da ekimena, gure hizkuntzan egiten dan artea gero eta urriagoa dala eretxita. Euskal herri osoko 25 eta 30 udalerri bitartean arduratuko dira sormen lanei sorleku eta egoitza aproposa emoteaz.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak adierazo dauenez, Covid-19aren pandemiak erakutsi dau kulturea beharrezkoa dala: 2020an luze eta zabal hausnartu dogu euskal kultureak bizi dauen egoerearen inguruan, eta Udalbiltzatik zeozer egin behar genduala pentsatera eroan gintuan. Ganera, Hernaniko zinegotzi eta Udalbiltzako kide dan Koro Etxebarriak beste ohar bat egin dau: Estadu bi eta hiru administrazinotan zatituta izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez dakarz euskal kulturearen eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izateko.

Euskera hutsezko sormena lehen lerrora eroateko asmoz, lau fasetan banatuko dabe Geuretik Sortuak proiektua, 2021ean eta 2022aren hasieran. Lehenengo fasean, alkarlanak bilatuko ditu Udalbiltzak: udalerri askok egin dabe bat, eta eragile kultural batzuek be babesa emon deutse proiektuari. 

Bigarren fasean sortzaileentzako deialdi publikoa egingo dabe. Hautagaitzak aztertuta, proiektu bakotxa herri bati emongo deutse, sortzaileek bertan egin deiezen egonaldiak. Hantxe sortuko dira euskera hutsezko lan barriak: literaturan, nobela laburrak; zinemagintzan film laburrak; eta antzezlanak antzerkigintzan. 

Hirugarren fasean zabalkundea izango da helburua: parte hartu daben herri guztietan erakutsiko ditue, txandaka, egonaldietan sortutako obrak. Euskal Herri osoa hartuko dauen zirkuitua sortuko da modu horretara. Azkenik, laugarren fasean, balorazinoa egingo da, geroago etorri leitekezan beste edizino batzuetan erabilteko. 

Dagoeneko udalerri askok egin dabe proiektuan parte hartzeko eskabidea. Bizkaian, Durango, Larrabetzu eta Arrigorriagak, adibidez. Ganera, bat egin dabe Zuiak, Artziniegak, Usurbilek, Zestoak, Bergarak, Oñatik, Etxarri-Aranatzek, Uztaritzek eta beste askok. Kasu batzuetan, udalerri bat baino gehiago batu dira gune bakarrean (Bera-Lesaka, berbarako).

Antolakuntzeak, produkzinoak eta zabalkundeak eragindako gastuak handiak izango dira. Udalbiltzak 700.000 bat euroko aurrekontua kalkulau dau. Horregaitik, udalerrien zein beste eragile batzuen babesa ezinbestekoa izan da Geuretik Sortuak martxan jarteko. Bidelagun barik ezin izango geunke egin dogunaren erdia egin eta, beraz, oso eskertuak gagoz, esan dau Asurmendik. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu