Jantzan egitekoa dakar Modus Operandik

Bizkaie! 2020-12-02 10:55   Musikea

Hiru taldekide barri batu dira Dantza gaitezen hil arte diskoan.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin dabe diskoaren aurkezpena (argazkia: Arabako Alea CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kontzertuak jo eta jo ibili zan Modus Operandi taldea pandemiaren aurretik, baina Covid-19ak behartutako etenaldia beste zeregin batzuetarako erabili dabe, taldearen norabide barria zehaztu eta bigarren diskoa sortzeko. Pandemiaren hotsa guztiz amatau ez dan arren, oholtzara bueltetako planak egin ditue dagoeneko, urtarrilean hasiko dira Dantza gaitezen hil arte (Baga Biga) diskoa zuzenean aurkezten.

Izenburuak dinoan legez, jantzan egiteko deia dakar lan barria. Ohiko ska eta rock doinuak ez ditue guztiz alboratu, baina bestelako bide batzuk jorratzeko ahalegina be egin dabe: funk, punk, rap, reggaetoia, dance... Bizitzea, maitasuna eta burrukea ipini ditue erdigunean, eta zer hoberik bete-betean bizi izateko musikea eta jantzea baino. Hamar kantu dakarz Gasteizko taldearen bigarren diskoak.

Lantalde zabalagoa dau orain Modus Operandi, lehendik egon diran kideei beste hiru batu jakezalako: Diego Martinez, Joseba San Sebastian eta Josu Erbiti, hirurak ibilbide musikal luzekoak. Dantza gaitezen hil arte diskoko kolaboratzaileen artean, La Furia, Karmele Jaio eta Moro (Bad Sound System) aitatu leitekez. 

Diskoa aurkezteko birea 2021ean helduko da. Lehenengo hitzorduaren detaileak emon ditue: Urtarrilaren 15ean izango da, Bilboko Santana 27 aretoan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu