Euskaraldi betean jasoko dau Abbadia Saria Pello Jauregik
2020-12-01 11:12 Euskerea berbagaiEkimenaren oinarri teorikoak ipinten egin dauen lana autortu nahi deutso Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Euskerearen Egunaren bezperetan emoten dau urtero Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskerea bultzatzearen alde lanean ibili diranak omentzeko. Aurtengo ekitaldia momentu apropos-aproposean dator, ganera, ze Euskaraldia martxan dagoala emongo deutse saria Pello Jauregiri, hain zuzen be, Euskaraldiaren oinarri teorikotzat hartzen diran hainbat ikerlanen egilea danari.
Ikerlaria, EHUko irakaslea eta Aldahitz proiektuko zuzendaria da Pello Jauregi pasaitarra. 2016an, Lasarte-Orian Baietz 40 Egun Euskaraz ekimena egin eben, hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, eta Jauregik esperimentua aprobetxau eban azterlan sakona egiteko. Han zehaztu zituan kontzeptu batzuk, gizarte aktibazinoari eta ohituren aldaketei lotuak, oinarri teoriko sendoa bihurtu ziran gerora, Euskaraldia sortu zanean.
Horrenbestez, Euskaraldiaren teorizatzailetzat joten da Pello Jauregi. Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmendu dauenez, Pello Jauregiren ikerlanei esker, euskal hiztunen aktibazinorako dinamika sozial indartsua aktibau ahal izan da, eta, ganera, arrakastaz, ze 2018ko lehenengo edizinoaren ostean, egunotan bigarrena egiten dabiz.
Teoria hutsean geratu beharrean, praktikara be salto egin dau Jauregik bere jardun profesionalean. Hizkuntza ohituren nondik norakoak ondo ulertu eta zabaltzen ibili izan da, eta klase batzuk be emon ditu.
Zalantzarik ez dago Euskaraldiak indar eta ilusino kolektibo barriak biztu dituala gure artean, adierazo dau Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek. Euskerea bizibarritzeko lanean, ziurrenez, azken urteotako barririk eta ekarpenik nagusietakoa izan da. Bigarren edizino honetan be, zailtasunak zailtasun, zabala da Euskaraldiaren inguruan sortutako mobimendua, erakundeon eta gizarteko eragileen arteko lankidetzan oinarritua.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko erremintea da Euskaraldia. Mendizabalek gogora ekarri dauenez, baina, halako esperimentu handi bat martxan jarteko ezinbestekoa da oinarri teoriko-praktiko sendoa. Horixe da Pello Jauregiren ekarpena.
Abbadia Sariak urtero emoten ditue 1996tik, beti Euskerearen Nazinoarteko Egunaren (abenduaren 3a) bueltan. 2020ko edizino honetan, Xabier Anunzibai artista beasaindarraren oroigarria emongo deutse omenduari. Gehienbat horma-irudiak egiten baditu be, oraingo honetan formatu txikiagoko koadroa landu dau Anunzibaik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!