Gasteizko Etxezarra izango da Euskaltzaindiaren Arabako egoitzea

Bizkaie! 2020-12-01 09:55   Euskerea berbagai

25 urtez lagako deutso Udalak eraikina Akademiari.

2021eko urtarriletik aurrera, egoitza barria izango dau Euskaltzaindiak Araban. Gasteizko Udalak Etxezarra etxearen zati bat itxiko deutso Akademiari, 340 metro koadrokoa, bulegoak ipini eta euskereagaz eta euskal kultureagaz lotutako jarduerak egiteko. Erakunde biek sinatu daben hitzarmenaren arabera, 25 urteko lagapena izango da, doban. Euskaltzaindiak gastuak, altzariak, garbiketea, prebentzino eta konponketa lanak eta zergak pagauko ditu.

Akademiak askotariko jardueretarako erabiliko dau azpiegitura barria. Alde batetik, herritarrak eta alkarte publiko zein pribaduak artatu nahi ditu, euskerearen ikerkuntzearen eta zabalkundearen eremuetan. Beste alde batetik, Euskaltzaindiak Gasteizko beste leku batzuetan daukazan eta etorkizunean abian jarri nahi dituan egitasmoak batuko ditu leku bakarrean. 

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, Euskaltzaindiaren presentzia Araban areagotzeko eta indartzeko balio dau lagapen honek. Eskerrik asko Gasteizko Udalari eta herriari. Lan egingo dogu euskerea eta euskal kulturearen harrera-leku egokia izan daiten.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ganeratu dauenez, funtsezkoa zan Euskaltzaindiak holako egoitzea izatea. Eraikina Euskaltzaindiari lagata gauza bi lortzen doguz: batetik, orain arte hutsik egoan eta erabilera egonkorrik ez eukan eraikinaren zatiari erabilerea emotea; bestetik, euskerea sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu