'Tetuan', Iratxe Fresnedaren filmak crowdfunding kanpainea hasiko dau

Bizkaie! 2020-12-01 08:21   Zinemea

Kanpainan sartzeko klik egin hemen



Iratxe Fresneda
zuzendariak eta Pimpi & Nella Films, Marmoka Films, Corpus Films eta Mediavox eta Arena Comunicación etxeek crowdfunding kanpaineari ekingo deutse Verkami plataforman Iratxe Fresnedaren Tetuan filmaren finantzaketea bultzatzeko. Kanpainea abenduaren 1ean hasi eta abenduaren 22an amaituko da eta, gitxienez, 15.000 euro lortzea da helburua.

Kanpainan sartzeko klik egin hemen

Tetuanen crowdfunding kanpaineak, besteak beste, esparru desbardinetako persona ezagunen babesa dauka, horreen artean José Ángel Iribar, Uxue Alberdi, Félix Linares, Roberto Moso, Amets Arzallus, Yunuen Cuenca, Kepa Acero, Teresa Campos, Javier Galparsoro (CEAR), Andoni Luis Aduriz, Ilaski Serrano...


Tetuan

Iratxe Fresneda zuzendariaren hirugarren dokumental luze proiektua da eta Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak filmakaz hasitako erregistro eta oroimenaren inguruko filmen trilogia osotuko dau.

Tetuan, besteak beste, Canneseko Marché du Filmen espainiar zinemako hamar promesen artean aukeratua izan zan eta Abycine eta Zinebi merkatuetan proiektua aurkezteko be aukeratua izan da.

Tetuan persona migratzaileei buruzko filma da, zinemea, familia istorioak eta memoria, igaro leku eta nebulosa bezela batzen dituana. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamedek jantzak, argazkilaritzea eta bizitea istorio baten protagonista izango dira, orainaldiko ikuspuntutik migrazino eta memoria lako kontzeptuak ikertzen dituan sorkuntza film dokumentala da. Beste irudi eta diskurso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakustea eta migrazino eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatetea dira, besteak beste, filmaren helburu.

Arrazakeria erakusteko nahia eta natura ezbardineko estereotipoei aurre egitea dira Tetuan filmaren hasierea eragin daben benetako arrazoiak. Gaur egun, mundu mailan, premiazko gai politiko eta soziala izateak, arrazakeriaren normaltasuna hausteko dagoan beharrizan unibersala berresten dau.

Zelan geratzen dira gure artean persona migratzailearen ahotsa eta oroitzapena? Zein gatazka burrukatzen ditugu personok bizirauteko asmoz?

Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea) historiarenganako jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du.

Bidaia honetan, Tetuan, Almería eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskal Herriko txokoak eta Danubioren ertzean dagoan Errumaniako herri txiki bat izango dira kontaketaren lekuko. Filmaren lantaldean Iratxe Fresnedaren ohiko kolaboratzaile batzuk dagoz, horreen artean Laurent Dufreche eta Raúl López editoreak (Handia filmagaitik 2018an edizino onenari Goya saria). Soinu banda Anariren parte hartzea izango dau eta, lehen aldiz, Jonay Armas musikagile kanariarraren kolaborazinoa.

Filmak, orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Otxoa de Barandika Fundazinoaren babesa lortu ditu.


Iratxe Fresneda

Ikus-entzunezkoetan doktorea eta Ikus-entzunezkoen Saileko irakaslea da UPV/EHU-n 2004tik. Gidoia II ez-fikzinoa eta Generoa, Irudia eta Nortasuna erakasten ditu. Era berean, UPV/EHUren Ikasketa Feministak eta Generokoak unibersidade-masterraren irakaslea da. Irakasle bisitari izan da Nevadako Unibersidean (Reno, AEB), Lund-eko Unibersidadeko (Suedia) eta Toulouse II - Le Mirail Unibersidadean (Frantzia). Zuzendari, esatari eta gidoigile lanetan (EITB) 10 urte baino gehiago emon zituan. Idazlea eta zinema-kritikaria, egun, hainbat zinema eta kultura erakundegaz kolaboretan dau nazinoartean.


Filmografia

- Bide guztiak Irekiak daude, 2023 - 54- 90'. Gidoilaria eta zuzendaria. 2020an, Eusko Jaurlaritzearen gidoi sorkuntzarako diru-laguntzinoa eskuratu dau.

- Tetuán, 2022 - 90' dokumentala. Gidoilaria eta zuzendaria.

- Bigarren sexua(z) Collage, 2020 - 15’ dokumentala. Gidoilaria eta produktorea. De Beauvoirren gogoetak hartu eta gaur egungo irudiakaz eta emakume euskaldun feministen testigantzakaz gurutzatzen dauen ikus-entzunezkoen collagea da Bigarren sexua(z), collage filma. Jakin Fundazinoak, Emakunde eta Eusko Jaurlaritzeak babestutako lana.


- Lurralde Hotzak (Cold Lands), 2018 - 67' dokumentala. Gidoilaria, produktorea eta zuzendaria.

Lurralde Hotzak (Cold Lands), EITBgaz batera produzidutakoa, 56 Gijóneko 56. Nazinoarteko
zinemaldian izan eban estreinaldia Llendes sailean. Filma Zentropa Denmark, Bizkaiko Foru Aldundia, Otxoa de Barandika Fundazinoa, Bilboko Euskal Museoa, UPV/EHU, Photomuseum Zarautz, Castillo de Loarre, Brandts Museum, Forstadsmuseet eta Azkue Fundazinoaren lbabesari esker sortu eben.

- Irrintziaren Oihartzunak, 2016 - 54' dokumentala. Gigidoilaria, produktorea eta zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu