'Feminismoa eta Bardintasuna' hiztegia kalean da

Bizkaie! 2020-11-30 13:07   Pil-pilean
Itziar Diez de Ultzurrun, Miren Dobaran, Izaskun Landaida eta Lorea Agirre (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Feminismoaren eta bardintasunaren alorreko oinarrizko kontzeptuak modu erraz eta zehatzean batzeko asmoz egin dabe Feminismoa eta Bardintasuna hiztegia, Emakunderen eta Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bultzadaz eta Elhuyar Fundazinoaren ardurapean. 

Indarrean dagoan legeriak ezartzen dituan kontzeptuak batu ditue, baina baita gizarte mobimenduetatik sortutakoak eta nazinoartean erabilitakoak be. Euskerearen terminologia gaurkotu, finkatu eta normalizetako bidean, gizartean oso beharrezkoak diran kontzeptuak eta terminoak dakarz lan barriak.

Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, Bilbon, aurkeztu dabe hiztegi barria. Bertan izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta hiztegiaren lanketa parte hartu daben Itziar Diez de Ultzurrun eta Lorea Agirre. Hiztegi hau behar-beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta bardintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta jagokezen kontzeptu eta definizinoak eskaintzen deuskuzalako, adierazo dau Dobaranek. Gure gizartearen garapenenerako eta sexuen arteko bardintasun kulturea sustatzen laguntzeko tresnea da.

Euskerearen aurrerabidean be ekarpen baliotsua egiten dau hiztegi barriak: Euskerea barritzen doa egunetik egunera eta normalizazinoaren bidean pausu sendoak egiteko alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskerearen aberastasun lexikoa elikatzea, jagotea eta sustatzea, azpimarratu dau Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazo dau euskereak eta bardintasunak aliantzak behar dituela, eta, horregaitik, txalotu egin dau hiztegi hau egiteko erakundeen artean egon dan alkarlana. 

Emakunderen eta Jaurlaritzearen enkargua beteteko, Elhuyar Fundazinoak beharrean jarri dau emakume talde zabal bat, kontzeptuak aukeratu eta definizinoak emoteko. Ondoren, batzorde tekniko batek aztertu dau hori guztia, eta azken oneretxia Euskerearen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideek emon dabe. 

Feminismoa eta Bardintasuna hiztegia herritar guztien esku jartea da bultzatzaileen asmoa. Horregaitik, bersino digitala Euskalterm terminologia bankuaren webgunean kontsultau leiteke (hemen). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu