Berri Txarraken Ikusi Arte biran grabautako 'Dardara' filmaren trailerra estreinau dabe

Bizkaie! 2020-11-30 10:23   Musikea

Marina Lameiroren film dokumentala 2021eko lehen hiruhilekoan estreinauko dabe.

Dagoeneko eskugarri dago Marina Lameiro zinemagile nafarraren Dardara bigarren film luzearen trailerra, izan be, aurrerapena Gaztea Sariak emoteko ekitaldian izan zan. Durangoko Azokearen 55. edizinoan be ikusi ahal izango da, on-line, abenduaren 4tik 8ra.

2019an, 25 urteko ibilbidearen momentu bikainean, Berri Txarrakek behin betiko etenaldia iragarri eban, baita Ikusi Arte birearena be. Marina Lameiro zinemagileak bertatik bertara jarraitu eban birea eta bertan jasotakoak ekarri ditu Dardara film luzera.

Munduko hainbat tokitan bizi diran zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok erretratu koral bat egin dau. Zale guzti horreek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikeak. Filmean BTXek itxitako arrastoa ikusiko dogu, zelan lortu daben estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskerea— eta belaunaldi bat —bere kideena— gaindituz, fenomeno unibersal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarrista eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar deutson Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten dau aurrera dokumentalak. Pasinoari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile lez, baita Berri Txarrakeko zaleek taldearen aurrean erakusten daben pasinoari buruzkoa be.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritzea eta argazkia. Produkzinoaren diseinua Itziar García Zubirirena da. Muntaia, barriz, Diana Toucedok. Produkzino ejekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Pérez Martínezek koordinau dau Miguel García Irabururen posprodukzinoa. Álvaro García Echeverría arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzálezek soinua editau eta nahastau dau. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

Dardara Arena Comunicación eta Txalap.art-en lana da, Only in Dreams-egaz lankidetzan. EiTB Media partaide lez agiri da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Genera zinemearen, Caja Navarra Fundazinoaren eta La Caixa Fundazinoaren Innova-Cultural programaren eta Etxepare Institutuaren laguntzak jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz.


Marina Lameiro (Iruñea, 1986)

Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da Juan Carlos Erregea Unibersidadean (2004-2009). Hainbat dokumentalen produktorea, errealizadorea eta gidoilaria da, horreen artean nabarmentzekoa Young & Beautiful. Film luze horrengaitik 2018an Punto de Vista Jaialdian Publikoaren Sari Berezia, Alcances Jaialdian epaimahaiaren aitamen berezia, Númaxsaria Margenesjaialdian, Rizoma saria izen bereko zinemaldian, Latexossaria Novos Cinemas zinemaldian, D`A Film Festivalen epaimahaiaren aipamen berezia edota ECAM saria jaso ditu. Horrezaz gan, Tania Hernández Velasco artista mexikarragaz dauen film-korrespondentziatik abiatutako “Volando pero no” film laburra zuzendu eban. Film labur horrengaitik Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako ikus-entzunezko sorkuntzako bigarren saria irabazi eban 2016. urtean. 300 Nassau (2016) filmari esker Nafarroako Foru Arte Jaialdiko finalistea izan zan eta Fordhameko zein New Yorkeko unibersidadeetan eta Bartzelonako L`Alternativa Jaialdian erakutsi ahal izan eban. Azken film labur hau 2014ko irailetik 2015eko bagilera bitartean sortu eban New Yorken, UnionDocs-eko artista egoiliar lez, Collaborative Studioko (CoLab) kide zalarik.


Berri Txarrak

Lekunberrin sortu zan 1994an. Ordutik bederatzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, ale bakotxean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiz. Taldea kapaz izan da hamarkada bitan entzulego zabala ezustean atrapau eta etenbarik bide berriak edegiteko, erosotasun artistikotik igesi. Mila kontzertutik gorako eskarmentuari esker, hirukoak nazinoartean leku bat egitea lortu dau euskera hutsean.

Musikeari jagokonez, gatxa da Berri Txarrak estilo bakarrean sailkatzea, jakinmin musikal ase ezin batek bultzatuta kapaz izan baitira denporan zehar euren rocka modu harrigarrian aberasteko, edozein etiketa txiki itxi arte. Taldearen ezaugarri behinena da melodia gogoangarrietarako daben abilezia, musikea edozeren gainetik hunkitzea dala sinistuta. Kantuetako berben bidez gogoeta eta emozino sakonak sorrarazoteko trebezia erakusten dabe eta, beharbada horrexegaitik, jarrera edegiko talde aktibo honek Steve Albini, Ross Robinson, Bill Stevenson, Jason Livermoreedo Ed Rose-en mundu mailako produktoreakaz lan egin izan dau. Ahaztu barik Ricky Falkner, Karlos Osinaga ‘Txap’, Kaki Arkarazo edo Santi Garcíaren alboan egindako grabaketak. Akaso, horregaitik euren diskoetan Tim McIlrath (Rise Against) edo Matt Sharp (The Rentals, Weezer) lako musikarien kolaborazinoak dagoz.

Taldeak bost kontinenteetan jo dau, besteak beste, Europa eta Hegoamerikan bira osoak egin ditu Rise Against taldeagaz batera, Deftones edo Sick Of It All taldeentzako atarikoetan ibili dira, musika jaialdi erraldoietan jo dabe (Hellfest -Frantzia-, Fuji Rock -Japonia-, South By Southwest -USA-, Canadian Music Fest -Kanada-, Wilwarin -Alemania-, Resurrection -Galiza-, Viña Rock, Sonorama Ribera -Espainia-, EHZ, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live -EH-… Erresuma Batuan, AEBetan, Australian eta Asian egindako hainbat bira ahaztu barik.

Taldeak jentea batzeko izan dauen gaitasuna be azpimarratzekoa da, gaurdaino inork ez baitu antzekorik bardindu: Ikusi Artebirearen barruan, 20.000 lagun baino gehiago batu zituen Bilboko Kobetamendin, Madrileko WiZink Centerren lehen aldiz jo eta 7.000 persona baino gehiago batzea lortu dauen lehen talde euskalduna da eta birako azken kontzertu bitarako 20.000 sarrerak 24 ordutan saldu zituen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu