'Hesia urraturik', oratorio sinfoniko-korala Xabier Leteren heriotzearen 10. urteurrenean

Bizkaie! 2020-11-30 08:32   Musikea

Proiektu hau Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, bultzatu dau.

Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren heriotzearen hamargarren urteurrena ospatzeko idatzitako oratorio sinfoniko-koralaren izenburua Hesia urraturik da; Leteren testu eta doinuen aukeraketea berreregiten dauen alegoria musikala. Kontzertu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren babesari esker egingo da. Hesia urraturik, abenduaren 13an helduko da Muxikebarrira, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu Zentrora eta urtarrilaren 9an, 19:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko da kontzertua.

Xabier Lete poeta eta musikariaren heriotzearen hamargarren urteurrenak bere ondarea gogoratu eta zabaltzeko hainbat ekimen jarri ditu abian 2020. urte honetan eta horreen artean dago Joxan Goikoetxeak ha gogoratu eta oratorio sinfoniko-koral moduan idatzitako Hesia urraturik lanaren estreinaldia. Goikoetxeak, Leteren musikari-kolaboratzaile eta lagun personalak, forma musikal hau aukeratu dau Oiartzungo poetearen testu eta doinu bildumea berreregiteko egokiena bezela; segurutik omenduak begi onez ikusiko eukean planteamendu eta formatu sortzaile hau.

Lorea Bilbaok, Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak eta Amaia Agirrek, Getxoko alkateak Hesia urraturik kontzertua aurkeztu dabe Joxan Goikoetxeagaz eta Xabier de Felipe orkestrako kontzertinagaz.

Oratorioak gitxi gorabehera 75 minutu irauten dau, 13 zati ditu eta bere ardura eta duda existentzialistak (pasinoa, fedea, etsipena, aberria, nostalgia, maitasuna, alkartasuna, adiskidetzea, erredentzinoa, itxaropena...) islatzen jakin eban artista baten pentsamenduaren eta iruditeria filosofiko-estetikoaren hainbat alderdi eta etapatan sakontzeko konbita egiten deutso entzuleari.

Joxan Goikoetxeak azaldu dauenez, Nire asmoa ez da izan, ezelan be, haren ibilbide, fase eta etapen ikuspegi edo hurreraketa integrala edo osoa eskaintzea. Hori ezinezkoa da holako obra bakar baten, oso zabala izan arren. Lanak 13 zati izatea ere kapritxotzat har daiteke. Hasieratik argi neukan ez nebala egin nahi Leteren kantuen ber-harmonizazino garbi bat edo instrumentazino sinfonikoago bat. Xabierrek berak baztertu eban hori. Kasu batzuetan eta normala dan lez, doinu barriak sortu ditut holakorik ez eben testuetarako. Beste kasu batzuetan, dekonstrukzino musikalaren teknikea deitu gura izan dodana erabili dot, lehendik egozan testuak eta doinuak zatituz, eraldatuz eta gurutzatuz.

Proiektu hau Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, bultzatu dau. Abesbatza hau momentu honetan heldutasun eta lorpen artistiko ezin hobean dago eta azken urteotan Goikoetxeagaz lankidetzan dabil.

Juanjo Ocónek Kaabestri Ensemble Orkestra eta Landarbaso Abesbatza zuzenduko ditu eta Miren Urbieta-Vega soprano eta Beñat Egiarte tenor ospetsuak be izango dira.

Hesia urraturik Getxoko Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroan izango da abenduaren 13an. Getxon, kontzertua emoteaz gan, Cd Audio + DVD formatuan grabauko dabe; eta urtarrilaren 9an, 19:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian aurkeztuko da.

Euskalduna Jauregirako sarrerak salgai dagoz hemen eta Muxikebarriko sarrerak, barriz, Kutxabanken bidez eskuratu daitekez hemen


Hesua Urraturik - Xabier Lete in memoriam

Oratoria sinfoniko-korala 13 ataletan

- Egilea: Joxan Goikoetxea.

Kaabestri Ensemble Oskestra

- Zuzendaria: Juanjo Ocón.

- Abesbatza: Landarbaso abesbatza.

Zuzendaria: Iñaki Tolaretxipi.

- Bakarlari sopranoa: Miren Urbieta-Vega.

- Bakarlari tenorra: Beñat Egiarte

- Umeen abesbatza: Kontari Landarbaso.

- Zuzendaria: Maddalen Dorronsoro.

- Bakarlaria: Anne Barron.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu