'Jantzea Munduan' programa barria sarean dago
2020-11-27 12:17 KultureaHelburua jantzea kanpoan bizi diran euskaldunei erakustea eta danek eskuragarri izatea da.
Marian Elorza Kanpo Hartu-emonetarako idazkari nagusiak, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako zuzendariak (Eusko Jaurlaritzearen izenean) eta Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak Jantzea Munduan programearen lehenengo edizinoa aurkeztu dabe, Lehendakaritzan.
2019ko urrian Bilbon egin zan Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrean Euskal Etxeek Eusko Jaurlaritzeari eginiko eskaereari erantzuten deutso Jantzea Munduan programea martxan ipinteak. Covid-19aren pandemia-egoereak, ganera, azkartu egin dau holako prestakuntza-muetak interneten bultzatzeko beharrizana.
Ekimen hau Aiko taldeak sortu dauan euskal jantza tradizionalaren lehenengo plataforma digitala da; interneterako sarbidea dauan edozein gailutatik jantzan egiten ikasteko aukerea emoten dau, eskolak jarraitzeko unea aukeratuaz eta munduko edozein lekutatik. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan dan Euskal Komunitadearentzako Zuzendaritzeak, Jantzea Munduan programa honen bidez, eskola horreek online jarraitzeko aukerea eskaintzen deutse kanpoan dan euskal komunidadea osotzen daben personei, ezelako kostu barik, jantzea kanpoan bizi diran euskaldunei erakusteko eta eurentzako eskuragarria izan daiten. Izen-emotea euskal etxeen bitartez egin behar da eta izena emoteko epea, hain zuzen be, abenduaren 13an amaituko da.
AIKO Dantza Eskola Digitala euskal jantzearen zale guztientzako da: astean behin emongo ditue zuzeneko klaseak. Eskola horreek tutorial modura be grabauta geratuko dira eta edozein momentutan jarraitu ahal izango dira. Eskolak, plataformea lez, hiru hizkuntzatan egingo dira: euskeraz (eguenean), gaztelaniaz eta ingelesez (domekan).
Zuzeneko eskolez gan, prestakuntzea osotzeko, plataformeak nahierara jantzan egiteko atal bat dauka, jantza guztiak urratsez urrats azaltzen dituana. Lehen aldiz interneten, bertan topau daitekez jauzi zein mutiljantza guztiak; modu argi zein didaktikoan grabautako jantza-pausoen bilduma oso bat be badakar: praktiketea, inprobisetea eta koreografia propioak sortu ahal izatea helburu argiak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!