Busturialdea, Durangaldea, Hego Uribe eta Lea Artibai taldeek jokatuko dabe Bertsolari Gazteen XXVIII. BBK Sariketako finala

Bizkaie! 2020-11-27 08:10   Bertsolaritzea

Abenduaren 2an jokatuko da finala Bilboko BBK Salan.

Busturialdea, Durangaldea, Hego Uribe eta Lea Artibai taldeetako ordezkariek kantauko dabe 18:00etatik aurrera, Bilboko BBK Salan. Sartzea doban baina gonbidapena hartu beharko da, aforoa mugatua izango dalako. Gonbidapenak www.bertsozale.eus atarian dagoz eskuragarri.

Aurreko edizinoetan legez, taldekako formatuan egin da lehiaketea. Danetara, 48 bertsolari gaztek hartu dabe parte sailkapen probetan.

Sariketea martian hasi eta lau sailkapen-saio jokatu ziran: Barakaldon (martiaren 3an), Igorren (martiaren 4an), Mungian (martiaren 9an) eta Markina-Xemeinen (martiaren 11an). Kanporaketak jokatu ostean, pandemiaren eraginez, bertan behera itxi behar izan zan sariketea.

Egoerearen bilakaerea ikusirik, finalaurrekorik ez, baina finala jokatuko da Bilbon finalaurrekoetara sailkatutako lau taldeen artean. Eskualde bakotxeko bertsolariak bi multzotan banatzen dira eta, kasu honetan, 18 eta 25 urte bitartekoek kantauko dabe Bilboko finalean eta 18 urtetik beherakoek bideo bidez helarazoko ditue euren bertsoak.

Finaleko epaimahaia Juanjo Respaldizak, Josu Telleriak eta Beñat Romerok osotuko dabe.

Txapelketan parte hartu daben guztiek oparia jasoko dabe eta finalistek, opariaz gan, garaikurra be jasoko dabe. Gainera, epaimahaiak sari berezia emongo deutso kantaera onena erabilten dauenari.

Aurten be Bizkaiko Bertsozale Alkartearen eta Ikastolen Alkarteko Bertsolaritza sailagaz lankidetzan atondu dabe sariketea. BBK-k kultureari eta, bbatez be, Euskadiko kultura eta hizkuntzearen tradizinoko adierazpenak bultzatzeko diran ekimenei laguntzeko dauen apustuan sartzen da sariketearen antolaketea. Lehenengo edizinoa 1992an egin eben eta honezkero orduan Euskal Herrian sustraituen dagoan ahozko euskal kulturearen adierazpideetako bat sustatzeko
helburua izan eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu