Nobedadez jositako Azokea aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2020-11-26 13:45   Kulturea

2.319 produktu egongo dira, 852 dira nobedadeak.

Durangoko Azokearen 55. edizinoa ez-ohikoa izango da. Ez da egongo erakusmahairik Landakon eta produktu guztiak denda birtualean erosi ahal izango dira. Durangoko Azokako online dendaren katalogoa konsultau daiteke gaur 16:00etatik aurrera.

Durangoko Azokako online dendea da edizino honetako nobedade nagusia. Kulturzaleek aurten sortutako 852 nobedade izango ditue eskura www.durangokoazoka.eus/eu/denda helbidean: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintzea...). Danetara, 2300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoi honetan185 parte-hartzaileren eskutik (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoproduktoreak...).

Durangoko Azokako egitaraua streaming bidez eta bertatik bertara jarraitu ahal izango da, aforo mugatuagaz. Espazio bi egongo da: Landako Gunea eta Plateruena.

Durangon 100 kultur ekitaldi

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak gogoratu dauenez, Azokea ez da bakarrik salerosketarako gune hutsa, kulturaz gozetea, sortzaile barriak deskubridutea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitea be bada. Horren erakusle da Durangon bertan izango dan egitarau zabala, 100 kultur ekitaldi tarteko dirala, espazio bitan: Landako Gunean eta Plateruenan. Azokako gune guztietako jarduerak egongo dira: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Beste urte batez, Azokan parte hartuko daben sortzaileak, ibilbide luzeko artistak, euren lehenengo disko edo liburua kaleratu dabenak zein bestelakoak izango dira. 

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, goizeko 10:30etik 21:00ak arte. Danetara, 37 musika-talde igoko dira taula gainera, estilo guztietakoak: bakarlariak, pop, rock, hip-hop, reggaeton, folk... Besteak beste, honako taldeak izango dira: Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua,
Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara, Maria Rivero...

Landako Gunean, barriz, gainontzeko jarduerak izango dira. Goizeko lehen orduan familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak; ondoren, gai desbardinei eta egunerokotasunari lotutako mahai-inguruak.  Goiz eta arratsaldez, literaturako barriketak eta liburuen aurkezpenak izango dira. Eguerdian, ikus-entzunezkoen txandea izango da, umeentzako pelikulak eta  film laburrak. Arte eszenikoek be izango dabe lekua, irakurketa dramatizatuen bidez. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileen parte hartzea izango da: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...

Nerea Mujikak dei egin deutse herritarrei aurtengo Azokea beste modu batera bizi deien: Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, gozau eizue aurtengo Azokea. Hartu tarte bat online dendan kuxkuxean ibiliteko eta egin klik, eskuratu euskal kulturea. Ez daitela Azokearen taupadea eten, ezta euskal kulturearena be.


Ikasle Goiza

Urtero legez, Ikasle Goizak emongo deutso hasierea Durangoko Azokako egitarauari. Abenduaren 4ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza zabala izango dabe. Antolatzaileek diziplina ezbardinez osatutako egitaraua atondu dabe ikasleentzat, euren ikastetxeetatik gozetako aukerea izan deien. Tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea, egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartzeagaz nahikoa izango da. Maila ezbardinetako ikasleentzat egongo da eskaintzea, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen be. Begitu zehetasunak hemen


Inaugurazinoa

Inaugurazino ekitaldia abenduaren 4ko arratsaldean izango da, 18:00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gan, hainbat sortzailek parte hartuko dabe: Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe (New Yorketik) eta Bagara jantza talde durangarrak.

Lehenengo egunari amaierea emoteko, Kai Nakaik aurkezpen-kontzertua egingo dau Plateruenan, 19:30etik aurrera. Igazko Durangoko Azokako sormen bekearen irabazleak reggatoi doinuez jositako Baimenik gabe; disko barria aurkeztuko dau.

Aurtengo Sormen Bekearen irabazlea, ikus-entzunezkoekin lotuta, abenduaren 6an iragarriko da.

Azokako azken egunean, abenduaren 8an, Taupadaz taupada ikuskizun berezia izango da Landako gunean, 12:00etan. Bertako parte-hartzaileak Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi Mursego izango dira, eta edizino honetako leloaren inguruko hausnarketea plazaratuko deuskue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu