Gatibu: 'standby-en, baina ez off-en'

Bizkaie! 2020-11-26 13:38   Musikea

Gaur gauean, Egurre emon single-a euren youtube-kanalean estreinauko dabe.

Talde gernikarrak bere bederatzigarren diskoa aurkeztu dau, gaur, Bilboko Bira Kulturgunean. Musikea eta bere balioa, garai gatxotan, aldarrikapen bihurtu gura izan dabe, euren azken diskoa danaren izenburutik hasita: Musikeak salbauko gaitu. Izan be, musikarien eta, oro har, kultur sortzaileen behar inportantea nabarmendu gura izan dabe sei abestiz osoturiko lan honetan. Gaurko aurkezpen-saioan azaldu dabenaren arabera, COVID19aren osasun-krisialdia dala-ta, taldearen martxea gelditzekotan egon dira, baina, azkenean, jarraitzea erabagi dabe, sasoi ilunotan musikea eta bere indarra inoz baino beharrezkoagoa dalako. Hori dala-ta, ondoko gehitu dabe: lanerako erritmoa gelditu ala ez gelditu zalantzan egon garen honetan, jentea kargutu da musikeak eta, orokorrean, kultureak norainoko inportantzia daukan eta, beraz, geldiune honetan standby-en egon gara, baina ez off-en.

Musikeak salbauko gaitu disko hau grabetako, euren Azken Indioak diskoagaz erabilitako metodotik igez egin dabe, neurri baten: arinagoko lana Texaseko El Paso urian grabau eben eta azken hau, barriz, Tarragonako La Casamurada estudioan; produkzinoaren arduraduna Ricky Falkner (Love of Lesbian edo Egon Soda taldeetakoa) izan da. Hori dala-ta, produkzino-aldaketak azpimarratu ditu Haimar Arejita gitarra-joleak: produktore desbardin bakotxa persona desbardin bat da, background musikal zein kultural desbardinak ditu eta, ondorioz, beharrerako sistema desbardin bat be bai; gu danatatik ikasten saiatzen gara. Alex Sardui abeslariak honakoa gehitu dau:El Pasoko azken esperientziagaz alderatuta, entrenatzaile desbardin bi eduki doguzala esan leike.

Produkzinoaren alorragaz jarraituta, lanerako bestelako modu bat aukeratu dabe bizkaitarrek: diskoaren ardatza Alexek eta Haimarrek sortu eta osotu ondoren, inongo entsegu barik joan dira grabazino-estudiora eta bertan zortzi egunez kartzelaratu dira, diskoa eratzeko; beraz, estudioan bertan ondu dabe diskoa. Taldekideen esanetan, bapatekotasun horrek soinu freskoagoa lortzea ekarri dau eta, ganera, abestiak helduagoak izatea. Hain zuzen be, abestietara jo ezkero, Gatiburen rock-estilo klasikoenetik urrun dagoala argitu dabe, testura geldoagoak, errekurso pausaduagoak eta kanta indartsuak dira nagusi diskoan; beharbada, gure diskorik desbardinena da. Horrezaz gan, estiloari jagokonez, funk-aren, rap-aren, rock-aren nahiz pop-aren eragina jasoten daben lana dala eta gitarrek protagonismo apaltxuagoa daukiela adierazo dabe, pianoaren zein tekladuen ekarpenek disko edegiago bat egiteko balio izan deutsela autortzeaz gan.

Musikea euren egungo egoerara moldatu daben neurrian, letrak egiterakoan be ildo beretik jo dabe: bizi dogun egoerara aplikau ditugu eta, zelan ez, sasoi arraro honetan zehar idatzi. Letragintza aldetik, disko oso konprometidua da eta, zentzu horretan, gustora geratu gara emoitzeagaz: letra benetan argiak eta zuzenak dituan lana da. Berben burruka horretan, bestalde, kolaborazinoak be izan ditue: batetik, Kirmen Uribek idatziriko introa dago kanta baten; bestetik, ostera, Eñaut Elorrietak be estribillo bat abestu dau. Musikeak salbauko gaitu disko honen lehendabiziko aurrerapena Bixotzetik single-a izan zan, taldearen 20. urteurrena ospatze aldera antolaturiko Miribillako kontzertuaren harira. Bigarren lagina, aldiz, gaur gauean estreinatuko dabe, euren youtube-kanalean: Egurre emon. Lan barriaren azalari jagokonez, Diego Mir ilustratzaile, diseinatzaile eta musikariak eginikoa da, eta taldekoak oso harro eta gustura agertu dira, balentziarrak lortu dauan emoitzeagaz.

Gatibuk abenduaren 4an aurkeztuko dau disko barri hau, baina pre-orderrak egitea, daborduko, posible da euren wegbuneko online-dendean. Eskaintza bikotxa dakarra, ganera: CDa edo CDa eta kamisetea erosi daitekez, taldekideek sinatuta. Beste alde batetik, bizkaitarrek badaukie, honezkero, Musikeak salbauko gaitu jentaurrean aurkezteko datea: abenduaren 5ean, Durangoko Azokearen Ahotsenea ekimena dala-ta, emonaldi bikotxa egingo dabe Azpeitiko Soreasu Antzokian (lehenengoa 16:30ean eta bigarrena 19:00etan); astebete beranduago, abenduaren 12an, ostera, Iruñako Baluarten egongo dira, Ana Tijoux-ek edegiko dauan emonaldian. Dana dala, abendua orduko, formatu desbardineko beste emonkizun bat be izango dabe: zemendiaren 30ean, Gaztea-ren 30. urteurrena medio, ohiko distorsinotik apurtxu bat aldendu eta saio akustikoa egingo dabe, 20:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu