'Gabonak beti heltzen dira, eta ilusinoa beti pizten da'

Bizkaie! 2020-11-25 10:26   Pil-pilean

Bilboko Udalak azkenengo hamarkadako Gabonik berezienak jarriko ditu abian, pandemia-egoerara egokituta.

Ez da samurra izan, baina uriak bere Gabonak izango ditu. Udalak ahalegin handia egin dau Bilbo Gabonetako betiko giroagaz atondu eta jarduera-egitarau bat diseinetako; segurtasuna eta prebentzinoa izango dira nagusi, baina baita ilusinoa eta magia be. Bilboko Udalaren asmoa herritar guztiek Bilbon Gabonetako jaiak biziteko gogoa eta poza berreskuretea da. Halan azaldu dabe prentsaurreko baten Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak.

Ganera, aurreko urteetan lez, eta Bilbo aisialdiaren eta kulturearen erreferente nagusi moduan ipini guran, #BilbaoGabonak proposamenak kultur ekimen seguruak eskainiko ditu barruti guztietan, lekuko sustatzaile eta eragileen aldeko apustu sendoa eginaz. Beste alde batetik, Olentzero eta Hiru Errege Magoak osasun-egoerearen ondorioz, ezarritako murriztapenak errespetauta helduko dira Bizkaiko uriburuko etxeetara. Kalejira eta Erregeenetako Kabalgata jentetsuen ordez, musika-ikuskizun bi izango dira estalpeko leku zarratuean, segurtasun-neurri zorrotzak ezarrita.

Bilbo Gabonetarako jantziko da

Uri osoa hasi da Gabonetako betiko itxurea hartzen, apaingarriak eta argiak isiotuta. Udaletxearen aurrealdeak eta inguruek argiztapen barria estreinauko dabe aurten; 14 metroko zuhaitza piztuko da, baita Gabonetako bola itzel bat eta Bilboko lauza berezi bat be. Handik hur, Arenaleko baso magikoa egongo da kokatuta, ehun urte baino gehiagoko 120 arbolakaz, danak urre kolorez jantzita. Bilbo urtarrilaren 6ra arte argiztatuko da, 1.200 led argi baino gehiagogaz: domekatik eguenera, 18:00etatik 22:00etara; 23:00etara arte, barikuetan, zapatuetan eta jai-bezperetan. Ganera, eta lehenengoz, alkarlan publiko-pribadurako hitzarmen bat lortu da Iberdrolagaz, konpainiak be parte hartu daian Gabonetako argiztapenean, uriko bi leku oso zehatzetan: Euskadi plazan eta Moyuan.

Olentzero eta Errege Magoak

Olentzero, Mari Domingi eta Hiru Erregeak be ordu-ordurako ailegauko dira, urtero lez, Bilbogaz eta etxeko txikienakaz izan ohi daben hitzordura. Ezinezkoa izango da Olentzeroren Kalejirea eta Erregeen Kabalgatea lako ospakizun potoloak egitea, baina Udalak ordezko egitarauak prestatu ditu. Proposamenok indarrean dagozan babes-neurrietara egokitu ditue, segurtasuna bermatzeko.

Olentzeroren ikuskizuna, aurten, berezia izango da eta formatu barri bat izango dau: gure ikazkinaren, Mari Domingiren eta euren laguntzaileen nahiz harrerea egingo deutsen familia guztien osasuna bermatzeko. Hain zuzen be, antzerkia eta musika-emonaldi bat izango dira Arriaga Antzokian, biak ala biak 30 minutu ingurukoak, abenduaren 23 eta 24an. Holan antolatu ditue paseak:

  1. Abenduaren 23an, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan.
  2. Abenduaren 24an, 11:00etan eta 13:00etan.

Sarrerak webgunean erosi ahal izango dira, abenduaren 21etik aurrera.

  • Erregeenetako Kabalgatearen ordez, emanaldia Bilbao Arenan.

Bilboko Udalak Bilbao Arena hautatu dau aurten Erregeak aurkezteko, 400 laguneko aforoagaz. Urtarrilaren 5ean eskainiko dan emonaldian, musika izango da ardatza, eta umeek aukera izango dabe ikasteko zelan prestatu behar dan urteko gaurik magikoena: Errege bezperea. Ikuskizunak 5 pase izango ditu, urtarrilaren 5ean: 11:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. Sarrerak Kutxabanken webgunean eta kutxazainetan lortu ahal izango dira, abenduaren 30tik aurrera, 2 euroren truke.

Kultur proposamenak barruti guztietarako

Bilboko kultur eskaintzea, egun horreetan, aukera ona izango da aisialdirako, herritar danentzat. Bertako kultur eragileen alde egingo dau garai hain berezi honetan, eta zero kilometroko proposamenak eroango ditu auzo guztietara, kalidadezkoak, sektorearen alde hartu dauan jarrera irmoaren erakusgarri. Halan, uriko barrutietan 100 jarduera baino gehiago izango dira aukeran: musikea, antzerkia, magia, txotxongiloak, pailazoak, ipuin-kontalariak, bertsolariak edo bakarrizketak.

#BilbaoAurrera planaren barruan eta lekuko kultur eragileei laguntzeko, Bilboko Udalak diruz lagundu dau Gabonetako Gutunak antzerki-proiektua, uriko barrutiko zortzi udal-zentroetan garatuko dana, datorren abenduan, 18:00etan:

  1. Abenduaren 10ean, Abandon
  2. Abenduaren 14an, Otxarkoagan
  3. Abenduaren 15ean, Basurtun
  4. Abenduaren 16an, Errekalden
  5. Abenduaren 17an, San Frantziskon
  6. Abenduaren 18an, Deustun
  7. Abenduaren 21ean, Castañosen
  8. Abenduaren 22an, Begoñan

Kultur eskaintza gehiago

Arriaga Antzokiak Gabonen aldeko apustua egingo dau: Abenduaren 26tik 28ra, udal antzokian Molière-ren Anfitrión antzezlan klasiko handiaren hiru emonaldi izango dira, Juan Carlos Rubiok egindako egokitzapenagaz. Rubiok berak zuzentzen dau lan hau, eta aktore oso ospetsuak izango ditu antzezle lez: Pepón Nieto, Toni Acosta, Fele Martínez, Paco Tours, Dani Muriel eta María Ordóñez.

Gainera, 2021ean, Arriaga Antzokian, urtarrilaren 3tik 5era bitartean, ABAO-Txiki programearen proposamen barri bat izango da: El elixir de amor lana. Gaetano Donizettiren musika-obrea da hau, bere istorioa fantasiazko mundu batean kokatzen dauana. BilbaoMusika udal organismoak, bestalde, hainbat musika-hitzordu prestatu ditu Gabonetarako: Bilboko Udal Musika Bandeak kontzertu berezi bat eskainiko dau datorren azaroaren 29an Arriaga Antzokian; Bilboko Udal Musika Bandeak eta Bilboko Koral Alkarteak hainbat lan interpretatuko ditue, Euskal Herriaren historiaren zati diranak. Beste alde batetik, Bilboko txistularien udal bandeak kontzertu bat eskainiko dau abenduaren 18an, Euskal Museoko klaustroan, eta beste bat abenduaren 22an, Bilbao Musikako Ahotsak abesbatzagaz, Gizakunde eleizan.

Umeentzako aisialdi-eskaintzea

Bilboko Udalak abian jarriko ditu Gabongune eta Gabonkide aisialdi hezigarriko programak, 3 eta 11 urte bitarteko adinbakoentzat, eta txikienek ikasiz batera gozatuko dabe. Programa horreek laneko eta familiako bizimodua buztartzeko aukera bat dakarre Gabonetako oporraldirako.

Aldez aurreko izen-emotea webgunean egin daiteke, zemendiaren 26ra arteko epean, edo udalaren informazino-telefonoan: 010 / 944 010 010. Egoera sanitarioak aukerea emoten badau, Udalak, Bilbao Kirolak entidadearen bidez, Gabonetan primeran kirola eginaz programea eskainiko dau. Azkenean, gauzatzeko aukera izan ezkero, abenduaren 21,22, 23, 28, 29 eta 30ean egingo da; urtarrilaren 4an eta 5ean, ostera, Txurdinagako, Deustuko eta San Inazioko udal kiroldegietan. Jarduerak 9:00etatik 14:00etara izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu