Victoria Bengoa, Armando Llamosas eta Josu Larrañaga dira 2020ko Argia Ereiten Euskera saridunak
2020-11-25 09:18 Euskerea berbagaiArgia Ereiten Euskera Sariak abenduaren 2an, 19:00etan, emongo ditue Muxikebarrin.
Victoria Bengoak, Armando Llamosasek eta Josu Larrañagak jasoko dabe Argia Ereiten Euskera Saria abenduaren 2an, 19:00etan, Muxikebarrin. XI. edizinoko sarituak, Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan Alkarteak sustatuta, 2011tik egiten dabizen Toponimia ibilbideak edukiz hornitzeaz arduratu ziran. Ordutik lau ibilbideetan (Betiko Getxo, Kostaldeko Getxo, Getxo Barria; Hezeguneak) ia 900 personak hartu dabe parte, gehienak ikastetxeetako ikasleak, euskaltegietako ikasleak eta herritarrak. Onarpen handia dauen ekimena da eta horregaitik etorkizuna ziurtatuta dauka.
Getxoko toponimia, historia, kulturea, naturea eta kultur ondarea zabaltzea, euskerearen erabilerea bultzatzeagaz batera, izan dira beti Toponimia ibilbideen helburu nagusiak eta horregaitik lehenengo pausua ibilbideetan azaldu beharrekoak lantzea eta osotzea izan zan. Dokumentazino lan handia egin eben hiru lagunek, ibilbideak kalidadekoak eta euskeraz izateko eta, aldi berean, baita erakargarriak be.
Victoria Bengoa itsas biologoa da eta 2011n Bizarra Lepoan Berbalaguna taldean egoan, euskerea ikasten ebilelako. Laguntzea eskatu eutsen eta oso interesgarri iruditu jakonez taldera batu zan, batez be, itsasoko faunea eta floraz eta apur bat geologiaz berba egiteko: Nire ekarpena, batez be, Hezeguneko eta Kostaldeko ibilbidekoetan oinarritu zan. Nire esparrutik oso interesgarria da Getxo. Itsas adarrean dago, lehen kutsadura handia egoan eta orain jagonda dago. Badagoz pizti interesgarri batzuk, esaterako apo lasterkaria eta Abra oso estuario garrantzitsua da, oso babestuta dagoanez, arrain asko etorten diralako arraultzak jarten.
Bestalde, Josu Larrañaga euskal filologoa Bizarra Lepoan taldeko kidea da eta orduan batzorde eragileko kidea zan. Etnografia eta historia gustuko izan ditu beti Larrañagak eta adierazo dauanez, toponimia ikerketa lan batzuk egozan gizarteratu barik eta euskaldunentzako eskaintza kulturalik ez egoanez, uste izan genduan polita izan eitekeala, hori euskeraz gizarteratzea, herritarrek, baina batez be gazteek herria, historia, naturea, baita euskerazko izenak zelan txertatzen diran paisajean be ezagutzeko.
Getxoko auzoen garrantzia desbardina izan da historiaren garaien arabera eta horixe adierazo dau kultur ondarearen arloan lan egiten dauen Armando Llamosas arkeologoak be; bere ekarpena izan da zerrendatzea leku onenak ondareaz berba egiteko: Adibidez, baserrien ezaugarrien, tartean aleroen zergaitia eta arkeologiaren ikuspuntutik, itsas labarra. Erromatarren aztarna batzuk Andra Marin topau ziran eta egin barik dago induskatzea herrian. Etxez beteta dagoanez, aukera gitxi dago, eta baserri batzuen azpian aspaldiko aztarnak dagoz (baita XVI. mendekoak be).
Sari garrantzitsuena ekimenari eustea
Bengoak Biologia maite dau eta bere ustez jenteak ingurua ezagutzea garrantzitsua da, ezagutzen doguna babesten eta maitatzen dogulako. Larrañagaren eretxiz, oso interesantea izan da Udalak ekimen hau bere kultur eskaintzan sartzea eta herritarrek parte hartu izanak erantzun bikaina erakusten dau. Llamosasek autortu dau esfortzua gustura egin ebela eta egunotan barriro errepasau ondoren, zehaztu dau ekimena txikia dala emoten badau be, garrantzitsua da eragin handia izan dauelako eta jente asko pasau dalako ibilbideak egiteko. Satisfakzino itzela sentiduten dogu, besteak beste, garrantzitsua dalako Getxoko historia ezezaguna aireratzea.
Hiru sarituak oso pozik dagoz ekimenak urteetan iraun dauelako eta gainera euskerea sustatzeko be balio izan dauelako. Saria jasoteak hirurentzat sorpresea izan da eta harro sentiduten dira orain urte batzuk egindako lanaz: Sari garrantzitsuena ekimenari eustea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!