Emakumeak ahalduntzea da asmoa

Bizkaie! 2020-11-25 08:00   Pil-pilean

Emakumeen kontrako indarkeriarik bako gizartean, biktima diran emakumeei behar bezelako arretea eskaintzeko konpromisoa behar da.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak honako erakunde-adierazpen hau egin dau Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Eguna dala eta:

COVID-19aren pandemiak kolokan ipini ditu gure bizitza eta komunidadeak, eta arrisku handiko egoerara eroan ditu persona guztien osasuna, segurtasuna, ongizatea eta komunidade-bizitzea. Konfinamenduak, mobimentu-murrizketek eta hartu-emon-mugek agirian itxi ditue, gordintasun osoz, indarkeria matxisteari aurre egiten deutsen emakumeen muturreko ahulezia-egoerak. 

Krisi guztiak egoera egokiak dira indarkeria matxistea ugaldu, zabaldu eta barriro gertatzeko eta pandemia honetan be holan jazo da. Indarkeria hori boterezko hartu-emon desorekatuen eta emakumeen kontrako diskriminazinoaren adierazpenetariko bat da eta larriagotu egiten da biziten gagozan krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorioz.

Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dogu etxeetan, lanetan eta bizi-espazioetan bizirik irauteko indarkeriari aurre egiten deutsen emakume, neskato, mutiko eta nerabeakan. Testuinguru horretan, lanean jarraitu behar dogu bakartasuna, babesbakotasuna eta ikusezintasuna ebitetako baldintza egokiak sortzeko, eta mobilizau egin behar dogu holakorik gehiago jazo ez daiten. Gizartearen autormen eta alkartasun osoa merezidu dabe. Horregaitik, aurten Euskal Herrian hildako lau emakumeak gogoratu gura doguz gaur.  Errealidade mingarri horrek behartzen gaitu lanean jarraitu eta holakorik gehiago jazo ez daiten.

Zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak eskura ipinteko sasoia da hau, beste inoiz baino gehiago, emakumeei askapen, berreskuratze, ahalduntze eta autonomia-prozesuetan laguntzeko. Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitea merezidu dauen bizitzarako oinarrizko eskubidea berreskuratu deien.

Bizkaiko Batzar Nagusiek aldarri egin gura dogu emakumeakazko eta indarkeria matxistearen beste biktima batzuekazko alkartasunaren alde. Jagokun erantzukizuna geure gan hartzen dogu lankidetzan eta koordinauta jarduteko erakunde, kolektibo feminista eta emakume-talde, aditu eta gizarte-eragile guztiakaz, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako I. Planean ezarritako helburuetan jasoten dogunaren arabera. Batzarkide-talde guztiek aho batez onartutako zeharkako plan horren (2020. urtera arteko indarraldia dau) bitartez, bidea emon gura jake administrazino publikoek bardintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren edozein adierazpen ezabatzearen alde txertatu behar dituan politika espezifikoei.

Horregaitik guztiagaitik, Bizkaiko Batzar Nagusiek konpromiso honeek hartzen ditue:

  • Indarkeria matxistearen biktima diran emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartea, euren beharrizanak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, oroimenerako, aintzatespenerako, erreparazinorako eta halakorik barriro ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko daben politika barriak diseinateko.
  • Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana abian jarteko lanean jarraitzea. Plan horregaz, emakumeen eskubideak eta osotasuna zaintzen jarraituko dogu, eta indarkeria ezabatzen lagunduko dogu.
  • Emakumeak ikusarazotea, batez be emakumeen presentzia oharkabean igaroten dan sektoreetan; horretarako, ekintza espezifikoak, ekintzak edo ekimenak bideratuko dira.
  • Bizkaiko Batzar Nagusietan egiten diran ekimenetan emakumeen parte-hartzea bultzatzea.
  • Emakumeen ahalduntzea sustatzea eta gazteen artean indarkeria mota guztiak prebenidutea, indarkeria matxistarik izango ez dan gizarte bat lortzeko funtsezko tresna gisa.
  • Zenbait emakume-kolektiboren kalteberatasun-egoerak areagotzen dituen desberdintasunak handitzearen aurka burrukatzea, batez be COVID19ak eragindako krisiaren ondoren.
  • Genero-ikuspegia txertatzea enplegu-galerak, diru-sarreren galerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan; kalteok eragin handiagoa izan dabe emakumeengan eta oztopoa dira indarkeria matxistako egoeretatik aterateko.
  • Batzar Nagusiek antolatzen dituen jardueren genero-inpaktua ebaluetea.
  • Emakumeen eta gizonen presentzia orekatzea antolamentu-egituraren arlo, kategoria eta lanpostuetan, genero-arrakalea minimizetearren.
  • Erakundeen, udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazinoa eskatzea, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jarteko, bakotxari jagokozan eskumenen esparruan.

Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek gizarte osoa animetan dogu Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Egunaren harian mobimentu feministeak deitzen dituan mobilizazinoetan parte harti daian.


Bilboko Udala

Zemendiaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazinoarteko Egunean, goizeko hamaiketatik aurrera, ohiko irakurraldi instituzionala hasiko da Arriaga Antzokian. Ekitaldian buru Amaia Arregi lehenengo alkateordea izango da. Ondoan izango ditu Nekane Alonso Bardintasuneko zinegotzia, Udaleko zenbait ordezkari, emakume alkarteetako, erakunde sozialetako eta dendari alkarteetako zenbait kide eta Bilboko gizarteko hainbat sektoretako ordezkariak.

Aurten be, Udalak dei berezia egiten deutse herritarrei emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko eta Bilbok gai hori dala-eta dauan konpromisoa erakusteko.

Ekitaldia streaming bidez ikusi ahal izango da Bilbao Bardintasunaren sare sozialen bitartez

Oraindino be persona batzuek uste dabe emakumea gizonaren zerbitzura dagoala, gizona dala emakumearen existentziaren helburua eta arrazoia. Eta uste horrek gure gizarte-egiturearen zati bat marketan dau; gizartea, beraz, desbardintasuna oinarri hartuta eregiten da eta ondorioak oso larriak dira, besteak beste, indarkeria.


Bizkaiko Foru Aldundia

BFAren mapan, desbardintasunaren muturreko ondorioak ikusarazo gura dira, hau da, agirian itxi hainbat eta hainbat emakumek sufriduten daben indarkeria. Mapea, beraz, ariketa bisual bat da, balio deuskuna hobeto ulertzeko indarkeria hori pentsau baino hurrago daukagula.

Ariketa hau behar-beharrezkoa da herritarrak sensibilizetako.

Mapeak berezitasun bi ditu: Fokua biktimarioak dira, hau da, hiketen erantzuleak, biktimak seinalau barik. Genero-indarkeriaren biktimez gan, emakume izateagaitik emakumeen kontrako indarkeria sufriduten daben biktima guztiak sartu ditue, 2004tik 2020ra, emakumeak hil dituen puntu guztiak adierazota. Kasuotan, ondoko datuak eskaintzen dira: jazoerearen kontakizun laburra, biktimarioaren salaketea, hilketak eragindako erantzun soziala eta epai osoa.

Mapan biktimizazinoei buruzko datu orokorrak adierazoten dira, indarkeria muetearen arabera banatuta (bikotekidearena edo bikotekide ohiarena, familia barrukoa eta sexuala); datu horreek Bizkaiko 109 udalerriei jagokez eta 2005tik 2019ra bitartekoak dira. Mapan agertzen diran datu guztiak Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokitik, Ertzaintzatik, epai judizialetatik eta Bizkaiko egunkarien hemerotekatik atara dira.


Emakunde

  • Institutuak Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak 2019 txostena argitaratu dau gaur bere webgunean, estadistika-datuak testuinguruan kokatu eta interpretetan dituana.
  • 2019an, Ertzaintzeak 5.518 indarkeria matxista kasu erregistrau zituan, eta EAEko 4.419 emakumeri eragin eutsen.
  • Emakundeko zuzendariak gizarteari eskatu deutso indarkeriaren biktima diran emakumeei adi egoteko.

Emakundek/Emakumearen Euskal Erakundeak Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazoteko Nazinoarteko Egunean, indarkeria sexistearen ondorioz hildako emakumeak gogoratu ditu eta bere laguntzea eta babesa eskaini deutse euren senitarteko eta inguruko personei. 


Eusko Jaurlaritzea

Berretsi egin dau emakumeen kontrako indarkeriarik bako gizartean aurrera egiteko eta indarkeriaren biktima diran emakumeei behar bezelako arretea eskaintzeko konpromisoa. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak jakitera emon dauanez, Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzionala onartu dau eta horren bidez, Eusko Jaurlaritzeak berretsi egiten dau Gobernuko sailen eta beste erakunde batzuen artean, koordinazinoan, lan egiten jarraitzeko konpromisoa, emakumeen kontrako indarkeriarik bako gizartean aurrera egiteko eta indarkeriaren biktima diran emakumeei behar bezelako arretea eskaintzeko, ahal dan berme danakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu