Yurre Ugartek 'Lilurabera' narrazino laburren bildumea aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-11-24 09:29   Kulturea

Pop kulturea da Ugarteren liburuaren erreferentziazko mugarria.

Yurre Ugarte idazleak, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta, Lilurabera izenburuko narrazino liburua aurkeztu dau.

Bide luzea egina dau Tolosan jaio eta Irunen erroturiko idazleak eta idazketearen hainbat alor jorratu ditu, berbarako, 1991tik dabil telesailen munduan lanean, gidoigile, zuzendari eta produktore eta lan ugari egin ditu alor horretan, kate garrantzitsuek programautako zenbait telesailetan. Film laburrak be idatzi eta zuzendu ditu. Antzerkirako testuak be idatzi ditu: Himalaya Blues (2006) eta Ezin ihesi (2007) eta ume eta gazteentzako literaturea eta komikia landu ditu. Alberdaniak berak, 2010ean, argitaratu eutson Gasolindegian narrazino laburren bildumea eta urte bi aurrerago gaztelaniaz argitaratu eban liburu hori bera, Todo es rojo izenburuagaz, idazleak berak gaztelaniaz emonda. Argitaratu dauen azken lana, barriz, eleberri grafiko bat izan da, Joana Maiz, Joseba Larratxe marrazkilariagaz lankidetzan egina. Lan hau be euskeraz eta gaztelaniaz argitaratu dau 2019an.

Egilearen idazkuntzearen ezaugarri nagusiak aletu ditu editoreak: Inork eskatuko balit Yurre Ugerteren literaturearen ezaugarri bat nabarmentzea, zorroztasun narratiboa aitatuko neuke, baita personajeak antzeztokian erabilteko trebetasuna be eta azpimarratu neike alkarrizketak ontzeko modu eraginkorra be, edo giroak, garaiak eta ingurumariak erretratetako abilezia. Baina zorroztasun narratibo deitu dodan hori aukeratu dot, izan be, zorrotz darabil Yurrek literatur erregistro personal baten lemea».

Magia kontzeptua erabili dau Giménezek, ezaugarri horreek guztiak liburu honi jagokonez batzearren: Yurre Ugartek ez ditu gai edo jazoera bitxi, deigarri, harrigarririk aukeratzen, baina magia dau kontakizun bitxi, deigarri eta harrigarriak osotzerakoan: egunerokotasun magikoa edo, nahiago badozue, magiaren egunerokotasuna eskaintzen deusku, zorroztasun osoz.

Idazleak Lilurabera narrazino bildumaren osogaiak azaldu ditu: Zortzi kontakizun batu ditut liburu honetan. Egoerak oso aldakorrak dira batetik bestera, baina giro eta atmosfera bat eta bera dabe. Arteak modu batera edo bestera zauritutako personajeak ekarri ditut liburu honetara. Baina artea, hemen, ez da ikuskizun edo gozagai hutsa. Bizimodua dabe artea kontakizun honeetarako personajeek. Artea eta, batez be, lilurearen indarraren barruan ikusten dabe egunerokotasunaren mamu ames-hiltzailearen atzaparretatik ondo urtetako modua. Artea eta bizitearen arteko lotura guztiz intimo baten egarriak eta esperientziak bizi ditue».

Pop kulturea da Ugarteren liburuaren erreferentziazko mugarria eta pop kulturearen alaba lez definiduten ditu kasu guztiz gehienetan emakumezko diran protagonistak.

Liburura batutako zortzi piezak ez dira, ostera, fikzinoaren alorrekoak: Liburua zarratzeko, bizi kondaira literario-musikal bat jarri dot, fikzinokoa ez dana. Badakit oso praktika arriskutsua dala, berez, kronika erregistroa eta fikzinoa nahastea. Zergaitik erabagi dot erronka hori neure buruari planteetea? Batetik, kronika apur bat fikzionau horrek erabateko fikzinoa emoten dauelako, nahiz eta erabateko kronikea izan; eta, bestetik, begitandu jatalako joana, testu horretan, fikzinoaren mugetan olgetan dabilela. Horra, beraz, liburu honetan arrisku narratibo holako bat nire gan hartzeko arrazoi bikotxa.

Fikzino hutseko ipuinetan, barriz, egoera desbardinetan mobiduten dira personajeak eta bizipenak: batean, adibidez, kazetari batek aurre egin behar deutso alabeari aita nor dauen autortzeko erronkeari; beste batean, argazkilari bat nerabezaroko adiskidearen eraginaz gogoratuko da eta orainaldira ekarriko dau bizipen hori; kultur kudeatzaile bihurtu dan artista izandako batek be hartuko dau kontetako txandea, edo etxe barik geratu dan diseinatzaile izandako batek, zein pop arte eta fenomenoari buruzko tesia aurkeztear dagoan doktoregaiak...». Kasu guztietan –adierazo dau editoreak–, Yurrek irakurleari proponiduten deutson literatur ituna ez da barea, ez da irakurketa petit bourgeois bat. Gauza eta erabagi antza txikietan dagoan bizi-tensinoa azaleratzen dau eten barik».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu