Arte Eder Fakultadeak 50 urte bete ditu gaur

Bizkaie! 2020-11-23 10:41   Kulturea

Ikasleen lehenengo promozinoak 1970eko zemendiaren 23an ekin eutsen ikasketei.



Gaur, 2020ko zemendiaren 23an, 50 urte bete dira sasoi haretako Bilboko Arte Eder Eskolan eskolak hasi ziranetik. Eskola orduko haretan Bilboko Unamuno Plazako egungo Euskal Museoaren egoitzea da.

Mende erdi honetan zehar, hainbat artista, komisario, diseinatzaile, konserbatzaile, zaharbarritzaile, ilustratzaile, hezitzaile, irakasle eta ikus-entzunezkoen alorreko sortzaileez gan, artearen eta kulturearen kudeaketeagaz lotutako lagun ugari azaldu dira ikasgeletatik. Zemendiaren 23 haretan edegitako ikastegian, berrogeita zortzi ikasle ibili ziran eta Bizkaiko Museo Historikoaren bigarren pisuan, egungo Euskal Museoan. Ondoren, beste kokapen batzuk izan zituan, besteak beste, Bilboko Ibañez kaleko Suhiltzaileen Eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultadea eta Leioako Medikuntza Fakultadea. Azkenik, 1987an inaugurau eben gaur egun Arte Eder Fakultadea hartzen dauen eraikina.

Hasierako arazo ulergarriak eta eskolearen jarraipenari buruzko dudak gorabehera, gaur egun UPV/EHUren Arte Eder Fakultadea erreferentea da estadu espainiarrean. Fakultade horren ezaugarri nagusia beti izan da garaiko praktika artistikoei eta bere garaiko jokerei lotutako lan-arloei erreparetea. Ikastegi aitzindaria izan da alderdi askotan, besteak beste, 1983an lehenengo fakultadea izan zan Estatuan praktika artistikoari lotutako ikusentzutekoen espezialidatea izan ebana, adierazo dau Arantza Lauzirika UPV/EHUren Arte Eder Fakultateko dekanoak.

Covid19ren pandemia dala eta, Fakultateak aurrerago egiteko itxi ditu ospakizun ekitaldi nagusietako batzuk, baina eutsi egingo deutsee egungo egoeran egin daitekezanei. Hona hemen datozen asteetan egingo diran jardueren egitaraua:

• Arte Eder Fakultadeko eraikin nagusiaren kanpoaldean jarritako oroitzapenezko olanaren gaineko esku hartze lehiaketea. Daniel Tamayok egindako lehenengo esku hartzea.

12x12 erakusketea, Arte Eder Fakultadeko erakusketa areto barria inauguretako. 2020ko abenduaren azken astea, abenduaren 14tik 21era.

• Gradu Amaierako Lanen Erakusketa Bizkaia Aretoan, 2020ko abenduaren 16tik 2021eko urtarrilaren 8ra.

AKME Jardunaldien edizino berezia: arte hezkuntzea. Arte Eder Fakultadea. 2020ko abenduaren 15etik 17ra.

• Jose Antonio Azpilikueta irakasleak egindako irakasleen irudi eta karikaturen erakusketea Arte Eder Fakultadeko erakusketa areto barrian. Abenduaren lehenengo hamabostaldia.

50 urte, 50 diseinatzaile erakusketea, Leire Fernandezek eta Eduardo Herrerak atondutakoa Bizkaia Aretoan. Martiaren 24tik apirilaren 16ra, persona danakaz ospatu nahi geunke efemeride hau, jagokon moduan, jente ugari gabiz. Ikasturtean zehar egoereak hobera egingo dauelakoan, espero dogu, gitxienez, 1970/71 ikasturtearen amaiera haren 50. urteurrena ospatu ahal izatea, 2021eko udabarrian zehar, ohartarazo dau Arantza Lauzirikak.


Fakultadea gaur egun

2020an, fakultadean 1.325 ikasle, 145 irakasle eta ikertzaile eta AZPko 40 persona ibilten dira eta unibersidade graduko hiru titulazino erakusten ditue:

• Arteko Gradua

• Sorkuntza eta Diseinuko Gradua.

• Konserbazino eta Zaharbarritzeari buruzko Gradua.

Era berean, eskaintzen dira Arte Garaikideko Ikerketa Doktorego Programarako sarbidea emoten daben berezko tituluak eta bost unibersidade titulu:

• Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Unibersidade Masterra (AGTP).

• Zeramikea: artea eta Funtzinoa Unibersidade Masterra.

• Arte Garaikidearen Konserbazinoa eta Erakusmoldeak (CYXAC) unibersidade masterra.

• Artearen Ikerketa eta Sorkuntza Unibersidade Masterra (INCREARTE).

• Pintura Unibersidade Masterra.

Arte Eder Fakultadeen Europako Sareko kidea da eta berezko aldebiko nazinoarteko akordioak ditu:

- Erasmus programako 65 unibersidade (19 herrialdetakoak).

- Estaduko 14 unibersidade.

- Latinoamerikako 35 unibersidade (10 herrialde).

- Beste norako batzuetako 25 unibersidade (8 herrialde).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu