Bilbo osoan 307 erakundek osotu ditue ariguneak
2020-11-20 13:28 Euskerea berbagaiBizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Euskaraldiko lau ariguneak aktibau ditu.
Bilboko Udalak I. Euskaraldian parte hartu eben 17.000 bilbotarrak gonbidau ditu esperientzia hori errepetidu deien eta han egon ez ziranak be animau ditu euskerea indartzen eta eguneroko bizitzan euskera gehiago erabili deien, Euskaraldia danontzako ekimena baita, Bilboko aniztasunera ondo egokitzen dana.
Udalak sensibilizazino-kanpaina bat jarri dau abian bere beharginek artean euskerea erabili deien. Udaleko beharginek mezu elektroniko bat jasoko dabe lanegun bakotxean, Euskaraldian parte hartu deien.
Gaur goizean, Koldo Narbaiza Euskera eta Hezkuntzako zinegotziak parte hartu dau antolatzaileek Bilboko 2020ko Euskaraldia abian jarteko egindako ekitaldian. Bailen kalean jarritako karpan interesdunek informazinoa batu eta ekimenean izena emon ahal izan dabe. Gainera, modu sinbolikoan eta Euskaraldiaren aldeko jarrerea erakusteko, nahi izan dauenak erretratua atara ahal izan dau Euskaraldia, Belarriprest eta Ahobiziren logoakaz. Gitxienez euskerea ulertzen daben 16 urtetik gorakoek erabagi beharko dabe zein eginkizun izango daben ariketan, euren hizkuntza-ohiturak aztertuz eta, hautatu ondoren, rol bakotxaren jarrereari eutsiz Euskaraldian.
Ahobizi eta belarriprest rolak ez dagoz lotuta euskaraz berba egiteko gaitasunagaz, Euskaraldian persona bakotxak izango dauen jarrereagaz baino.
Bilbo osoan 307 erakundek osotu ditue ariguneak, eta horreetan saltokiak, finantza-erakundeak edo enpresak dagoz. Bestalde, Bilboko Udalak be ariguneak sortu ditu bere sailetan.
Euskaraldia Barriketaguneak atondu ditue hizkuntzearen inguruan gogoetea egiteko
Donostiako Kutxa Kultur Plazan, hiru mahai-inguru egingo dira hurrengo asteetan Euskaraldia ariketa sozialaren harian atondutako egitarauaren barruan. Euskaraldiak eta Kutxa Fundazinoaren jarduerotan euskereak gizarteko eremu ezbardinetan dauen presentziaren argazkia egin gura da, hizkuntza ohiturek eremu bakotxean daben garrantzia aztertuz eta inertziak apurtzeko gakoak identifiketako helburuari eutsiz.
Hizkuntza ohiturak eta euskerearen erabilerea dira Euskaraldiaren lehengai nagusiak eta horreek dira barriketaldietan aztertuko diran gaiak, hiru eremu zehatzetan: arlosozioekonomikoa, musikea eta gazteek sare sozialakaz dituen hartu-emonetan:
- Zemendiaren 23an, HIZKUNTZA HAUTUA SARE SOZIALEN GARAIAN. Moderatzailea: Gaizka Izagirre (Gaztezuloko zuzendaria). Hizlariak: Aiora Mugika (Yotuberra) +
Iruñe Astiz (Diziplina anitzeko artistea) + Alex Padilla (Gazteako Sare Sozialen Arduraduna).
- Zemendiaren 25ean, MUSIKARIAK EUSKARAZ KANTATZEKO ERABAKIAZ MINTZO. Moderatzailea: Leire Palacios (kazetaria). Hizlariak: Rafa Rueda + Alex Sardui+ Maria Rivero.
-Abenduaren 1ean, ARLO SOZIOEKONOMIKOAREN HIZKUNTZEA (k). Moderatzailea: Maite Artola (kazetaria). Hizlariak: Ander Aizpurua (Kutxako Zuzendari Orokorra) + Naiara Goia (Arantzazuko Gizarte Barrikuntza Laborategiko Zuzendaria) + Mari Jose Aranguren (Orkestra, Lehiakortasun Euskal Institutuko Zuzendaria).
Jarduera guztiak Donostiako Tabakalera zentroan dagoan Kutxa Kultur Plazan izango dira, arratsaldez, 19:00etatik aurrera. Bertatik bertara jarraitzeko aukerea be izango da: EiTB.eus-ek streaming bidez eskainiko ditu. Eitb.eus atarian eta Euskaraldiaren webgunean egongo dira ikusgai mahai-inguruak. Aretoaren aforoa mugatua dago eta izena emon behar da hemen.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Euskaraldiko lau ariguneak aktibauko ditue
Bizkaiko Batzar Nagusiek babesa emon deutse euskerea bultzatzeko gaurtik, zemendiaren 20tik, abenduaren 4ra egitekoa dan ekimenari, erakundearen barruan egongo diran 4 Ariguneak martxan jarriz: Bilboko administrazino egoitzea, Gernikako Batzar Etxea, Abellanedako Batzar Etxea, Enkarterriko Museoaren ondoan eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kide diran alderdi politikoetako batzarkideak egoten diran lekua. Lau Arigune horreek euskeraz jardungo dabe % 100, Bizkaiko Batzar Nagusiak osotzen dituen beharginen eta politikarien (guztira, 70 persona baino gehiago) inplikazinoari esker.
Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarrak animau gura ditue, Ahobizi edo Belarriprest moduan, euskeraz bizi eta hizkuntzearen inguruko ohiturak aldatu deiezan, euskerea geure inguruan normalizetako.
Euskaraldiaren bigarren edizinoaren helburu nagusia euskerea ulertzen dabenen artean euskerearen erabilerea handitzea da, gizarteko eremu guztietara zabalduz eta herritarren artean hizkuntzearen inguruko ohiturak aldatzea, euskerea gehiago erabiliz, bai beharrean, bai eguneroko ganerako jarduera guztietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!