'Elorrixo' marijesi beteranoa hil da

Bizkaie! 2020-11-20 12:00

Gernikako Marijesiak martxan jarri dira, aurtengo errondak eta antolakuntzea prestetako. 

Dana dala, barri txar bat jaso behar izan dabe zemendiaren amaiereagaz batera: Juan Jose Agirre Elorrixo marijesi zaharra hil da, 92 urte zituala. Elorrixo jaiotzez muxikarra zan, baina Gernikara ezkondu eta orduantxe hasi zan marijesiakaz kantetan, bere aurrekari Martin Meazaren ordez. Bere aita Elorriokoa zan, hortik bere Elorrixo ezizena; 1954-1961 bitartean ibili zan errondetan abesten. 1961ean, ostera, Elgoibarren beharrean hasi ta hor itxi eutson taldeagaz urteteari. Marijesi batzuk 2019ko martiaren 6an izan eben beragaz egoteko aukerea, Marijesiak 4:00 proiektuaren harira.

Horrezaz gan, Gernikako Marijesiak daborduko hasi dira 2020ko erronda-egitaraua atontzen: datorren barikuan, hilaren 27an, Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan bilerea egingo dabe. Batzarraren jomuga nagusiak, hurranez hurran, 2020ko bakarlariak zeintzuk izango diran zehaztea, entseguak prestetea, eskatu beharreko baimen edo baldintza danak antolatzea eta Marijesiak 4:00 proiektuko materialaren salmenta-postuak antolatzea izango dira. Batzarra 19:00ak eta 20:00ak artekoa izango da eta 40 laguneko gehienezko aforoa izango dau.

Esan beharra dago, bestalde, aurtengo egoerea medio, Gernikako Marijesiek ohi baino kartel fisiko gitxiago zabalduko dituela eta, horren ordez, posta elektronikoa zein whatsappa erabili dabela komunikazino-lanabes modura. Urtero lez, Gernikako Marijesiak gabon aurreko bederatziurrenean goizaldez abestera urtengo dira, Gernika-Lumoko kale hotzetan zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu