Bilboko Udal Musika Bandearen emonaldia, domekan
2020-11-20 10:08 MusikeaBilboko bandeagaz erlazinoa izan daben edo antzeko taldeetan behar egindako zuzendariak gonbidatu dira.
Zemendiaren 22ko emonaldiko gonbidatuak Alberto García Espina, Barakaldoko Udal Bandako zuzendari titularra, eta J. Vicent Egea Insa, Iruñeko La Pamplonesa bandako zuzendaria dira. Batuta bikotxaren bitartez, beraz, Alberto García Espina eta J. Vicent Egea zuzendari gonbidatuek 12:00etatik aurrera Euskal Herriko batutak I izeneko kontzertua emongo dabe, Hazoren Arabesque, Brotons-en 6. sinfoniako Concisa-ren Passacaglia i Finale eta Egearen Suite Céltica eskaintzeko.
Barakaldoko zuzendariaren eskutik, egungo errepertorioko obra bi interpretauko ditu bandeak: hasteko, Samuel R. Hazo maisu ipar-amerikarraren Arabesque lana; egileak hainbat sari irabazi ditu (berbarako, William D. Revelli Compositor Award sariketea) eta bere partiturea Ekialde Hurbiletik bere aitona-amamen jaioterritik etorritako arbasoei eginiko omenaldia da. Ostean, Salvador Brotons-en 6.sinfoniako Concisa-ren Passacaglia i Finale entzungo da. Brotons XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Kataluniako panorama musikaleko personaje inportanteenetakoa da. Azkenik, batutea Egea maisuaren eskuetara pasauko da, bere konposizino hoberenetako bat erakusteko: Suite Celtica. Egeak, 1999an, Galiziako Musika Banden Federazinoaren Konposizino Lehiaketea irabazi eban.
Sarrerek 5 euroko prezioa izango dabe (Arriaga Antzokiko txarteldegietan nahiz webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuragarri). 65 urtetik gorakoek, erretiraduek, pensinodunek eta Gazte-txartelaren jaubeek (14 eta 29 urte artekoek) deskontuak izango ditue, sarrerak erosterakoan. Kolektibo honeetako persona bakotxak sarrera bana erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakotxa. Honeek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko jesarlekuak hautatzeko aukerea izateko
Kontzertu honen ondoren, Bandea abenduaren 1ean itzuliko da Arriaga Antzokiko agerlekura, Euskal Herriko batutak kontzertuaren bigarren zatiagaz. Okasino honetan, gidaritzea hiru zuzendariren eskutan egongo da: Iñaki Urkizu, (bandearen zuzendariordea) Iker Sánchez eta Hilario Extremiana. Euren agindupean, 19etatik aurrera honakoak entzungo dira: Barnes-en Symphonic Overture, Horowitz-en Dance Suite, Kayr-en Western Symphony-Saturday Night, Tichelli-ren Postcard, Persichetti-ren Divertimento for Band eta erabateko estreinadi bat, Lekue-ren Zaraitzu.
Zuzendari gonbidatua: Alberto García Espina (Barakaldo, 1967)
Barakaldoko Musika Konserbatorioan, Bilboko J. C. de Arriaga Musika Konserbatorioan eta Gasteizko Jesús Guridi Konserbatorioan egin ditu musika-ikasketak, eta goi-mailako ikasketak Bartzelonako El Liceu Goi Mailako Musika Konserbatorioan eta Herbehereetako Haga-ko Goi Mailako Musika Konserbatorioan osotu ditu.
Gaur egun, Barakaldoko Udal Musika Bandako zuzendari musikala da. Alkarte hau 1899an sortu zan, eta 1991tik bertako kidea da. 2009. urtean sartu zan bertako musika-zuzendaritzean, eta gaur egunera arte jarraitu dau. 2018ko denporaldian, Bartzelonako Udal Musika Bandearen zuzendari gonbidatua izan zen Bartzelonako Auditori-n.
Zuzendari gonbidatua: J. Vicent Egea Insa (Cocentaina, 1961)
Donostiako Goi Mailako Konserbatorioko konposizino, koru-zuzendaritza eta orkestrako tituluduna da, Londresko Royal Academy of Music-eko orkestra-zuzendaritzako Certificate of Advanced Studies dalakoa lortu eban eta New Yorkeko Manhattan School of Music-eko orkestra zuzendaritzako Special Student lez graduau zan.
Konpositore modura, honako sari honeek jaso ditu: Fernando Remacha, Tolosako abesbatzen Nazinoarteko Saria; Donostiako Konserbatorioaren Ohorezko Saria; Madrilgo Udalaren Sortzaile Gazteak txapelketako I. eta II. sariak; 1992-98ko Nafarroako Gobernuaren Nazinoarteko Saria; 2000ko Amando Blanquer Saria (1991-94-98); 1995eko Leipzigeko Gazte Konpositoreen Nazinoarteko Saria eta Joaquin Turina Saria 1998, hurranez hurran.
Zuzendari lez, L 'Aquilako Abruzzese Orchestra Sinfonikoa, Savaria Chamber Orchestra, Londresko Royal Academy Symphony Orchestra eta Sinfonia, Iruñako Pablo Sarasate Orkestrea, JONDE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Erkidegoko Orkestrea, Galiziako Errege Filarmonia eta beste hainbat gidatu ditu. 1992-93 denporaldian Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari laguntzailea izan zan. Madrilgo Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolako ikasketa-burua be izandakoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!