'Bapatean 2019' kalean

Bizkaie! 2020-11-20 08:44   Bertsolaritzea

Danetara, 632 bertso eroan ditue bildumara.

Bertso plazearen inguruko datu interesgarriak eskaintzen ditu, bertsozalearentzako eta ikertzailearentzako be produkzino preziatua da urteroko bilduma hau. Aurten sarean jarri dabe eskura bertsolaritzearen datu-basean.

Pandemiaren eraginez gauza asko Internet sarean egin behar izan doguz eta horrek gehiago azkartu ditu digitalera egin beharreko pausuak; holan jazo da Bapatean 2019 bildumeagaz be: urtero kaleratzen genduan produkzinoa aurten BDB bertsolaritzearen datu-basean jarri behar izan dogu.

Produkzinoa diskora eta papelera ez ekarteak abantailak dakartsoz ingurumenari eta alor ekonomikoari, bestela be aintzat hartzeko alderdiak egungo egoera honetan. Papela maite dozuenok liburua osorik PDF fitxategian deskargetako aukerea izango dozue eta, audioak online entzun barik, fitxategi guztiak eskuratu nahi dituzuenok xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzita lortu zeinkiez.

Gai, doinu eta ekitaldien ohiko informazino guztia be badakar argitalpenak eta transkripzinoak eta audioan entzuteko aukerea be bai.

Aurreko Bapatean antologiak be topatuko dituzue sareko liburutegian, Xenpelar Dokumentazio Zentroak digitalizauta baititu liburuan eta diskoan argitaratutako lehengo argitalpenok: '1988an kaleratzen hasi ginanetik bertsoaldien audio guztiak topau daitekez eta 1999tik aurrera liburuaren PDF fitxategiak be bai. Xenpelar Dokumentazino Zentroak garaira egokitzeko eta ondarea digitalizetako egindako ahaleginari zor jako hori'.


Bertso plazearen erakusleiho

Aroa Arrizubieta Barredo bertsolari gasteiztarrak idatzi dau Bapatean 2019 laneko berbaurrea: ...Olgetea, arnasa, kalabazea, erraza... zer da bertsoa eta zer da plazea?. Hain zuzen, zer dan bertsoa eta zer dan plazea, horri erantzun nahi deutso Bapatean bildumeak: plazako jardunaren erakusleiho izan gura eta horretarako jasoten dau plazeak emon dauenaren lagina: Bapatean 2019 lanak 55 bertso saiotatik hartutako 92 bertsoaldi jasoten ditu eta horreen barruan topau daitekez 632 bertso transkribiduta. Gai, doinu eta ekitaldien ohiko informazino guztia be badakar argitalpenak; eta transkripzinoa zein audioan entzuteko aukerea be bai.

Bertsozalearentzako gozagarri izateaz gan, ikertzaileentzat be bada Bertsozale Alkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez egindako lana, hainbat datutatik abiatuta, behaketarako eta ikerketarako aukerak emoten baititu.

Gozetako edo ikertzeko, sarean da Bapatean 2019.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu