Bizkaie! II. Euskaraldiagaz bat
2020-11-19 13:07 Euskerea berbagaiIzena emon daben lagunen artean % 27k ez eban aurreko edizinoan parte hartu.
Bihar, zemendiaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizinoa. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea bultzatzea helburu dauen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da aurten be. Orain urte biko ariketan egin zan lez, aurten be ahobizi eta belarriprest rolak beteteko izena emon daben herritarrak izango dira ekimenaren protagonista hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka erakundek sortutako ariguneak be izango dira, euskeraz lasai ibilteko guneak.
Gizarte osoa joten dagoan COVID-19aren eragina Euskaraldian be igarriko da; gizarte hartu-emonak mugatuta dagozan honetan bai Euskaraldiaren prestaketea eta zabalkundean zein ariketan bertan kale presentziaren eta hartu-emon sozialen apaltzeak ariketea baldintzatu dau. Era berean, arigune guztiek euren jarduerea normaltasunez ezin lantzeak eragina izango dau. Halan da be, antolatzaileek azpimarratu dabenez, hurreko hartu-emon sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketea egiteko aukerak badagoz eta Euskaraldiak batez ere horreetan oinarritzea ekarriko dau. Gainera ingurune digitalean ditugun hartu-emonetako hizkuntza hautuetan be eragiteko erabiliko da aurtengo ariketa soziala.
Behin-behineko izen-emote datuak
Irailaren 24an, Euskaraldian izena emoteko epea zabaldu ebenetik milaka izan dira aurtengo ariketa sozialean parte hartzeko erabagia hartu daben herritarrak. Azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko daben ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emote epea zemendiaren 24ra arte luzatzea erabagi dabe antolatzaileek. Datorren martitzenera arteko epea egongo da beraz euskaraldia.eus webgunean ariketan inskribiduteko aukerea.
Izen-emote epea zarratu barik dagoan arren, behin-behineko datuak zabaldu dira gaur: Danetara, 147.000 lagunek emon dabe izena Euskaraldiaren hasierearen atarian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko dan ariketan. Partaide horreetatik % 79k emon dau ahobizi modura jarduteko izena eta % 21 ibiliko da belarriprest rolean.
Lurraldez lurralde, izena emon daben herritarren % 9 Arabakoa da, % 33 Bizkaikoa, % 44 Gipuzkoakoa, % 12 Nafarroakoa eta % 2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aitagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diran ehunka lagunek be emon dabela izena Euskaraldian parte hartzeko.
Partaideen ezaugarriei jagokenez, izena emon dabenen % 63 emakumezkoa izan dala azpimarratu da eta, edadeari jagokonez, 16 urtetik gorako edade guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dabe zemendiaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko dan ariketea.
Azkenik, aitagarria da izena emon daben lagunen artean % 27k ez ebala aurreko edizinoan parte hartu.
Azken datuen faltan, azpimarragarria da pandemiaren egoereak eragindako zailtasunak handiak izan arren, barriro be ariketa masiboa izango dala bigarren Euskaraldia.
Herriz-herri eta erakundez erakunde atonduta
Euskal Herri osoko 421 udalerritan atondu da aurtengo Euskaraldia. Herriz herri sortutako batzordeen lana azpimarragarria izan da, horreetan dabizen askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia atontzeko oinarria. Boluntario sare handia be badabil beharrean.
Aurten, era guztietako 6.800 erakundek 25.000 arigunetik gora sortu ditue, euskerea erabilteko babestutako guneak. Erakunde horreen ahalegina be azpimarratu da, egoera larrian egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dabelako.
Euskaraldiaren koordinazino taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoa eta Euskal Urigune Alkargoa ibili dira, beste urte batez. Eta horreekaz batera, hainbat alkarte, enpresa eta erakunderen partaidetzea be oinarrizkoa izan da.
Hasiera ekitaldia gaur Antsoainen
Gaur, zemendiaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, Antsoaingo antzokian egingo dan ekitaldi batek emongo deutso hasierea II. Euskaraldiari. Covid-19ak baldintzatutako ekitaldia izango da arratsaldekoa. Nafarroako herri batzordeetako kideek aforo mugatua izango dAuen aretoan bigarren Euskaraldiari hasierea emongo deutse Juan Kruz Lakasta eta Lohizune Amatriak gidatutako ekitaldian. Azken aldian herriz herri eta erakundez erakunde jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia egingo dute antolatzaileek Antsoainen egingo den ekitaldian. Orain arte jasotako atxikimendua bihartik aurrera ariketa praktiko bihurtuko da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta inertziak astintzeko ariketa praktiko, izan be, ariketearen oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu daben partaideek euren eguneroko bizitzan hartu-emonetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskerarantz ekartea da. Horregaitik, partaide guztiei ariketeari ilusinoz eta sendo heltzeko deia egingo dabe antolatzaileek ekitaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!