Euskerearen Adierazle Sistemearen webgunea barriztau dabe
2020-11-19 12:24 Euskerea berbagaiAtariaren helburua herritarrek bertako datuak modurik errezenean eskuratzea da.
Orain arte, EASen informazino guztia atari bakarrean egon da batuta, eta bertan konsultau ahal ziran euskerearen inguruko adierazleak, baita serie-historikoen datuak be. Gaurtik aurrera, erabiltzaileek, horrezaz gan, bestelako edukiak be izango ditue eskura webgune barrian: bideo-tutorialak, adierazleetatik jasotako datu interesgarrienak batzen dituen dokumentuak, EASen eta euskerearen inguruko ikerketa inportanteenak... Datu horreek danak modurik errezenean eskuratzeko helburuarekin diseinau da webgune barria. Asmo horrexegaz sortu da, hain zuzen be, ikus-entzunezko gidea; erabiltzaileek urrats gitxitan ikasi ahal dabe EAS lanabesa zelan erabili.
Euskerearen egoerea arlo ezbardinatan ezagutzeko hainbat tresna eta ikerketa dagoz geurean: Inkesta Soziolinguistikoa, Mapa Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, Zentsua, Hizkuntzen erabilerearen kale neurketea… Hain zuzen be, iturri honeetatik hartutako daturik esanguratsuenetatik abiatuta osotu dira EASen bildutako adierazleak. Horreeri esker, zehatz-mehatz ezagutu leikegu euskereak momentu jakin baten ze zabalkunde daukan gizartearen esparru desbardinetan eta ze bilakaera ari dan izaten denporean zehar. Adierazle horreetan jasotzen dira, adibidez, ondorengo datuak: euskerearen gaitasunak, etxean zein kalean erabilten dan hizkuntzarea, helduen euskalduntzeari lotutako xehetasunak, datu kulturalak, arlo sozioekonomikoagaz lotutakoak...
EASen sorrerea
Euskerearen errealidadea ahalik eta zehatzen ezagutzeko helburuagaz jaio zan Euskararen Adierazle Sistemea. Gaur egun, 44 adierazleren datuak dagoz jasota aplikazinoan, baina urtez urte kopurua goraka doa, eta asmoa geroz eta esparru gehiagotako datuak eskuratzea da. Ganera, Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak 2017ko uztailaren 3an sinaturiko lankidetza-hitzarmenari esker, euskerearen eremu osoko datuak jasoten ditue hainbat adierazlek. EASen ezaugarriak honakoak dira:
- Titulartasun publikokoa da, zerbitzu publiko iraunkorraren bokazinoz sortua.
- Aldiro-aldiro argitaratuko dauan informazinoa ulerterreza izango da (informazinoa, batez be, kuantitatiboa izango da, baina badago alderdi kualitatiboak be leku eta zentzua izaterik).
- Euskerearen lurraldeak izango ditu helburu; herri-administrazinoaren maila ezbardinak (Gobernua, foru-aldundiak, eskualdeak, udalak…) kontutan hartuko ditu, maila horreetako bakotxak hizkuntza-eremuan dituan eskumenen eta interbentzino-arduren arabera.
- Datuak lau hizkuntzatan dagoz jasota: euskerearen eremuan; mailaren baten edo bestean, ofizialak diran hiru hizkuntzetan (euskerea, gaztelania eta frantsesa), eta, horrezaz gan, ingelesez.
EAS aplikazinoan sakontzeko saioa
Euskerearen Adierazle Sistemeak eskaintzen dituan baliabideak hurretik ezagutzeko, saio berezi bat eskainiko da abenduaren 10ean, streaming bidez. Saio horrek bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, interesa daukien danek EAS lan-tresnaren oinarrizko ezagutzak barreneratzea, eta gai izatea urrats gitxitan EASen batutako datuak formatu desbardinetan eskuratzeko; bestetik, barriz, webgune barrian topau daitekezan edukien barri izatea, EASek eskaintzen dituan datuetan gehiago sakontzeko. Interesatuta dagoanak ondorengo helbidera idatzi beharko dau, izena emoteko: eas@euskadi.eus. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak eta Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako foru aldundiek sustatu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!