24. Hatortxu Rock online egingo dabe

Bizkaie! 2020-11-19 11:21   Musikea

Abenduaren 26an izango da jaialdia, hamazazpi musikari eta bost talderen parte-hartzeagaz.

Hatortxu Rock urte amaieran egiten dan musika-festibala da, abenduan ospatzen dana. Ekitaldi honen helburua euskal presoakanako alkartasuna adierazotea eta sakabanaketa politikoa leuntzea dira, hurranez hurran. Aurten, pandemia-egoereak sortutako osasun-krisialdia dala-ta, ezin izango da jaialdi hau modu presentzialean egin eta, horrenbestez, ohiko formatutik aldentzen dan proposamena aurkeztu dabe antolatzaileek: festibala internet bidez egitea.

Antolakuntzatik, aurten jaialdi-eredua oso bestelakoa izango dan arren, alkartasuna inoz baino beharrezkoagoa dala azaldu dabe: euskal preso politikoen sakabanaketa-gastuei aurre egin ahal izateko diru-sarrerarik gehienak herri-ekimenetatik datoz, baina pandemiak herri-egitasmoak gogor jipoitu ditu eta hareetako franko bertan behera laga behar izan dira; ondorioz, sakabanaketeak bere horretan jarraitzen dau, baina diru-iturriak askozaz be apalagoak dira.

24. edizino honen helmugea, beraz, jaialdiaren jomugakaz aurrera egin ahal izateko dirtu-sarrerak bermatzea da, ahal dan neurrian. Horretarako, egokitzapen-beharrak egin ditue, baina festibalari eutsi egingo deutse, ikus-entzunezko formatuagaz. Parte-hartzaileen artean, hasteko, Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek euskal talde entzutetsuen bersinoak eguneratuko ditue; eurekaz batera, moldaketa horreek taula ganera eroateko ardurea, ostera, Hutsun musika-taldeak hartuko dau, hamaikatxu euskal musikariren laguntzinoagaz: Xabier Solano Maiza, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Alex Sardui eta Idoia Hernando.

Bestalde, lan barrien aurkezpen-emonaldiak ikusteko aukerea be egongo da: Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek egingo dabe behar hori. Ganera, Lander Garro idazle, zuzendari eta argazkilariak edo Erika Olaizola aktoreak be ikus-entzunezkoari euren ekarpena egingo deutse.

Garai gogorrotara egokituriko jaialdi-formatu barri honegaz, batetik, ikuskizun erakargarri bat medio, euskal errepresaliadu politikoen gaur egungo egoerearen barri emotea bilatuko dabe; bestetik, aldiz, sakabanaketearen ondorioak jasan behar dituen 221 euskal preso politikoen sendien gastu ekonomikoak murriztea.

Jaialdiaren ganeko informazino gehiago lortzeko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu