Roberto Etxebarriak 13 kantuz osotutako disko barria dakar

Bizkaie! 2020-11-18 12:00   Musikea

Miren alabeagaz kaleratu dau Miren eta Roberto Etxebarria Hamaikatxu kopla pandero baten konture diskoa.

Kopla zaharrak, ahotsa eta panderoa dira lan honen ardatza, Roberto Etxebarriak beren-beregi sortutako doinuetan oinarrituz eta ikutu bereziz jantzitako doinu herrikoien bat edo beste tartekatuz.

Nabarmentzekoa da lan honetan, koplak txertatzea, modu barritzailean emon dauela egileak kantuetariko batzuetan; Roberto beraren berbetan: guk koplearen partea deitzen deutsagun eta beti kantau izan dogun zati horrezaz gan, akaso, zati musikalak, beti ezagutu ditugun moduan baino, kantautakoak izaten ziranaren idea, buruan darabilt aspalditik, zati musikalen doinuei apaingarriak eta pasoko nota batzuk kenduta, gure jantza-kopla laburrak ederto txertatzen dirala ikusita. Hori praktikan jarri eta hortxe Maria Erramonaren atazak eta Fruiz doinuak, nire ustez, susmo edo akaso..., fantasiaren emoitzea!

Miren eta Roberto Etxebarriaren ahots eta panderoen soinuak jantziz, soinu txikiaren (trikitixa) parte hartzea pisu handikoa da, gitarra, kontrabaxua, whistle-ak, txistua eta bibolina lako tresnak lagunduta agertuko dalarik, herri musikearen barruan kokatu daiteken lana, folk ikutuak ahaztu barik.

Koplen dimensio barriak arakatuz, betiko trikiti doinuetatik harago, doinu eta erritmo desbardinak buztartuz lortzen dan zerumugara begiradea edegiteko aukerea emoten deusku lan honek.

Zuzenekoei jagokenez, formato ugari azaltzen dira disko barrian, hasi oinarria diran panderoak eta ahotsak, trikitixeak lagunduta, zein aurretik aitatutako beste tresnak gehituta.


Aurkezpen-kontzertuak:

- Mungiako Olalde Aretoan, abenduaren 5ean.

- Durangoko Azokan, Ahotsenean, abenduaren 7an.

Maria Erramunaren atazak

Miren eta Roberto Etxebarria - Hamaikatxu kopla pandero baten konture! 


Roberto Etxebarria

Hogeita hamabost urte baino gehiago daroz trikitixea munduan, modu aktiboan, bai irakasle lanetan (BilbaoMusika Udal Musika eskolako irakaslea da), zein trikitilari be, formazino eta funtzino desberdinetako saioak eskainiz. Musikari papelaren barruan, konposizino lanetan be hainbat eta hainbat pieza ditu sortuak lehendik be, nabarmentzekoak 1991 eta 1992. urteetako trikiti pieza Barrien Euskal Herriko lehiaketan irabazle izandako pieza biak; ordutik, etenbarik sorkuntza lanetan dabil, haren joteko estilo propioa sortu dauelarik.

Ibilbide emonkorrean, koplek pisu handia izan dabe, XX.mende hasierako trikitilari, panderojole eta koplarien azken belaunaldiagaz izandako loturea, 80.hamarkadan ezagutu eta hartu-emonak izan zitualarik, besteak beste, haren maisu izandako Rufino Arrola zein inguruko Maurizia Aldeiturriaga; horreekaz batera, zubilana egin dauen Kepa Arrizabalaga, 30 urtean trikitixa-bikote izan dauena eta gaur egun Euskal Herri mailan, koplari onenen artean kokatzen dan personajea, bai koplari zein panderojole moduan.

Robertok bere ibilbidearen sokeari eutsiz, Miren alabeagaz dator disko barrian; Miren bera, musika, panderoa eta koplen altzoan, hasi eta hezitako gaztea da, mundu horren inguruko jakinminak bultzatuta, herri musikearen arpegi, infrentzu eta kantoiak arakatuz, bidea egiteko prest dagoana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu