Zemendiaren 26an izango da Mintzola Mintegia

Bizkaie! 2020-11-18 08:29   Bertsolaritzea

Ahozko kultur sorkuntzearen inguruko ikerketak ezagutzeko hitzordua da

Hilaren 26an, 17:45ean izango da eta streaming bidez jarraitu ahal izango da www.mintzola.eus atarian. GRAL Sariaren banaketea be orduan egingo dabe.

Azken udagoienetan ohiko hitzordu bihurtu da UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreak eta Mintzola Ahozko Lantegiak alkarlanean atondutako Mintzola Mintegia. Erakunde biok zuzenean sustatutako ikerketak edota beste zenbait ikertzailek beren ekimenez jorratutakoak ezagutzeko aukerea emoten dau saioak. Aurrez aurreko saioa izaten da, baina distantzia eta tokia jagon behar diran egungo egoereak streaming bidez eskaintzeko aukerea ekarri dau.

Antolatzaile diran UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreak eta Mintzola Ahozko Lantegiak aurten emondako proiektu bietako sarien onuradunak izango dira gurean: Jagoletzearen ekonomia eta euskal kultur sorkuntzea: ikusezin bi, alkarri begira. Lehen hurreraketa baterako, bertsolaritzearen kasua aztergai ontzen dabilen Maialen Akizu eta Bertsolaritzearen erresistentzia belaunaldi desbardinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea proiektua aurkeztu dauen taldea. Ines Huartek eta Leire Amenabarrek egingo dabe berba taldearen izenean, Miren Aiertzak, Ane Bengoetxeak eta Ana Villanuevak be parte hartu dabelako lanean. Kepa Matxainek igaz eskuratu eban proiektu saria – aurten ikerketa kontratua be bai - , eta orduan saritutako proposamena, dagoeneko gauzatua, aurkeztuko dau: Bertsolaritzearen autonomia estetiko baten bila: distorsinoak eta arrasto batzuk.

Mikel Laboa Katedreagaz deitutako sariez gan, Kilometroakaz alkarlanean be deitu dabe Pello Mari Otaño Bekea aurten. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Alkarguneko zenbait kidek ondutako Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizinoa eta aplikazino didaktikoa ikerlana aurkeztuko dabe Mikel Artolak eta Unai Mendizabalek.

Eta, amaitzeko, Maddi Soroak bertso-eskoletako kantaerearen lanketeari egingo dau berba.


Gradu Amaierako Lanentzako Saria

Igaz eskaini eben lehenengo aldiz honezkero amaituta dagozan ikerlanentzako Gradu Amaierako Lanentzako Saria, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreagaz alkarlanean. Idoia Ilundainen Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa ume hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializetako esperientzia lanak irabazi eban saria eta proiektua bera ezagutzeko aukerea izango da aurtengo mintegian.

Bestalde, sariaren bigarren deialdian onuradun izan dan ikerlana ezagutzeko aukerea egongo da hitzorduaren amaieran.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu