Pandemiaren eraginak leundu guran, Busturialdean
2020-11-17 11:58 Pil-pileanBermeoko eta Gernikako udalek 370.000 euroko diru-laguntzinoak kaleratu ditue, lekuko ekonomiari eusteko.
2020ko azken hiruhilekoa oso gogorra izaten ari da Busturialdeko udalentzat: hainbat udalerritako aurrekontuetatik diru-iturri barriak atara behar izan ditue, eskualdeko jarduera ekonomikoetara bideratzeko. Inguruko herrietan be, besteak beste, Bakion, 80.000 euroko partidea egin dabe 40 enpresari autonomori laguntzeko (gehienak tabernak eta jatetxeak), COVID-19ak sorturiko gastuei aurre egiteko. Bakioko alkateak, Amets Jauregizarrek, adierazotakoaren arabera, ondo dakigu laguntzino honeek ez dituela pandemiaren arazo danak konponduko, baina krisialdiaren momentu zehatz honetan aurrera egiten laguntzeko baliagarriak izango dira.
Bigarren fasea
Gernikako Udalak be, joan dan hilean ipini eban martxan lekuko konsumoa aktibetako sortu diran deskontu-bonuak, aurtengo Nik Gernikan programearen barruan. Ekimen honen lehendabiziko fasea azken udean zehar jorratu zan, Gernikako Merkatari Alkartuak-egaz batera; udaletik azaldutakoaren arabera, 325.000 euroko gastua ekarri eban, bertoko denda zein ostalaritzean. Bigarren fase honetarako, kanpaineak 6.250 bonu kaleratuko ditu, herriko nahiz inguruko establezimenduetan ibilteko. Horrezaz gan, 100.000 euroko diru-laguntzinoa be erreserbau dabe, pandemia-egoerearen kalteak leuntzeko.
Bermeoko Udalak be, beste 100.000 euroko parte bat atara dau, helburu berberagaz. Ganera,67.500 euroko baliodun bonuak banatu ditue udalerri honetan be, lekuko negozioetan gastetako eta, halan, herriko ekonomiaren aktibazinoa sustatzeko. Bai Gernikan, baita Bermeon be, tabernetako zein jatetxeetako terraza-tasak kendu egin ditue; azken herri horretan, bestalde, zabor-tasea 11 eurotara bajatu dabe, ostalariei laguntzinoa emon guran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!