III. Koska Sariak, gaur

Bizkaie! 2020-11-17 09:53   Musikea

Ekimena 19:00etan hasiko da.

Gaur, zemendiaren 17an, 2020ko III. Koska Sariak banatuko ditue Bilboko Euskalduna Jauregian dagoan 0B aretoan. Babesle nagusiak, hurranez hurran, Bizkaiko Foru Aldundia, Vinilo FM eta Musika Master dira; helburua, barriz, Bizkaiko kontzertu-aretoak, jaialdiak eta tabernak omentzea da, zuzeneko kontzertuak egitea posible egiten daben teknikarien beharra gogorarazoteaz gan.

Horrezaz gan, Inun, 4 Villains eta Bringas taldeen emonaldiak egongo dira. Igazko Koska Sarien talde irabazleak, Rat-Zinger-ek, sari-banaketan parte hartuko dau, alor kulturaleko beste ordezkari batzukaz batera. Egitasmoaren aurkezleak Garazi Elgezabal eta Josetxo Lopez Intxaurbe izango dira. Hautagaiak izan diran taldeen artean, besteak beste, Capsula, Belako, Zea Mays, Arima, Wreck Totem edo The Space Octopus dagoz. Sariketan honakoak banatuko dira:

  • 2020ko Koska Saria difusinoari.
  • 2020ko Koska Saria musika-ibilbideari.
  • 2020ko Koska Saria sortu barri dan taldeari.
  • 2020ko Koska Saria rock diskorik onenari.
  • 2020ko Koska Saria rock talderik onenari.

Lehenengo hiru kategorietako irabazleak epaimahai aditu batek erabagiko ditu; gainontzeko biak Musika Masterren datu-basean sartuta dagozan talde bizkaitarrek aukeratuko ditue. Aretoko ateak 18:30ean edegiko ditue. Bertaratzeko gonbidapenak nominalak izango dira eta OnTour Up aplikazinoaren bidez eskuratu ahalko dira. Ganera, plaza-kopurua mugatu egingo da, segurtasun-aforoa osotzeko.

COVID-19ak sorturiko krisia medio, osasun- eta babes-neurri danak hartuko dira.

Informazino gehiago: koskasariak@musikamaster.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu