Josu Rekalderen 'Esther Ferrer: denbora-hariak' dokumentala Bilbon estreinauko da
2020-11-17 08:59 KultureaBegoña Vicario, Raúl Ibáñez, Marta Macho eta Patxi Azpillagagaz lankidetzan egindakoa da.
Estreinaldia, 62. Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Jaialdian egingo da zemendiaren 19an, 19:00etan. Aurrerago, hilaren 27an, abenduaren 4an, 11n eta 18an, 19:00etan, Bilboko Arte Eder Museoan izango dira proiekzinoak. BBVA Fundazinoaren babesa dauen dokumentala ikustea doban izango da.
Esther Ferrer: denbora-hariak dokumentala (BBVA Fundazinoa - Bilboko Arte Eder Museoaren Bideoartea sortzeko Multiberso Beka bati esker egina da, 2018ko deialdian). Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistearen ibilbidea berrikusten dau, Esther Ferrer espainiar sortzaile handienetako bat da performancearen generoan; Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi eban 2008an eta Vélazquez Saria 2014an.
Dokumentala diziplinarteko talde batek egin dau, Josu Rekalderen zuzendaritzapean (Amorebieta-Etxano, Bizkaia, 1959). Rekalde artistea da, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadeko irakasle katedraduna eta Esther Ferrer artistearen obran aditua, haren laguna baita laurogeiko hamarkadearen hasieratik.
Ferrerrek ekintzearen eta performancearen artean egindako lan aitzindarian jarten dau arreta ikus-entzunezkoak eta, batez be, espazio geometriko eta zientifiko nabarmenagoa daben ekintza artistikoetan. Ez da ohiko lana, dokumentalismo garbia gainditu eta sorkuntzearen eremura igaroten baita.
Lanaren abiapuntua artistearen ekintza berezienetako bat da, hain zuzen be, 1978an Zaj taldeko kideakaz batera (Juan Hidalgo eta Walter Marchetti) egindakoa, John Cage (Los Angeles, 1912–New York, 1992) musikagileak Bolonian (Italia) antolatutako taldeko ekimen baten testuinguruan. John Cage da, beharbada, Ferrerren lanaren erreferente nagusietako bat.
John Cageren trena. Isiltasun galduaren bila izenburuko proiektua hiru egunez egin zan (bagilaren 26an, 27an eta 28an), Boloniatik urten eta egun horreetako bakotxean helmuga barri bat eban tren baten barruan. Ferrerrek bagoi hareetako batean esku hartu eban: zoruan zenbakiak idatzi zituan klarionaz eta horregaz
bete eban espazioa. Holan, instalazino espazial bat sortu zan: ibilbide bat marrazten eban, parte-hartzaileak inplikauta, denporea eta haren irudikapena lotuz. Denporearen haria izenburua jarri eutson obreari.
Handik berrogei urtera, eta performance hori erdigunetzat hartuta, Josu Rekaldek talde bat osotu eban, Esther Ferrerren irudia eta ibilbidea hainbat diziplinatatik abiatuta lantzeko, besteak beste, ikus-entzunezko sorkuntzatik (Rekalde bera eta Marta Macho) eta kultura kudeaketatik –Patxi Azpillaga–
abiatuta.
Helburu horri eutsiz, Italian egindako performance bera barriro aktibetako eskatu eutsen artisteari, dokumentalaren hari eroaile lez erabili ahal izateko. Bertan, artistearen ibilbide artistikoan sakontzen da eta, modu berezian, harek matematikakaz eta geometriagaz izandako hartu-emonen eta emakume
lez dauen jarrera erradikalean: “Feministea naiz jagiten nazenetik oheratzen nazen arte”, dino Ferrerrek.
Era horretara, trena (Azpeitiko Trenaren Museoko (Gipuzkoa) tren zaharretako bat) performance baten eszenatoki barri bihurtu zan benetako bidaia batean, aurreko performance askoren memoria erreaktibau eban, lotuta baitagozan ia beti denporearen neurriagaz, gorputzaren neurriagaz, edadearen neurriagaz, generoaren perspektibeagaz eta, batez be, emakume feminista eta artista baten ikuspegiagaz. Askatasunez gauzatu dau beti artisteak bere sorkuntza lana.
Esther Ferrer: denbora-hariak ikus-entzunezko hibrido bat da, dokumentalaren eta performancearen artekoa, erregistroaren eta sorkuntzearen artekoa; animazinoko osogaiak eta horretarako berariaz sortutakoak gainjarten jakez.
Era horretara, Rekalderen eretxiz, ez da begirada historizista, biografiko edo hagiografiko bat; alkarrizketa olgeta lez planteetan da, alkarrizketak orainaren eta joanaren, artearen eta zientziaren, artearen eta gizartearen, artearen eta denporearen arteko alkarrizketa olgeta bat bezela.
Estherren beraren irudiak dagoz, animazinoak eta edizino prozesuan sortutako grafismoak, alkarrizketak artisteagaz Bilboko hainbat gunetan eta Parisko estudioan, artistearen hainbat performanceren remakeak (Inés Bermejo eta Ángela Corbacho performerrakaz lankidetzan) eta artxibo personaleko hainbat irudi.
Dokumentalaren memorian adierazoten danez, lanaren alderdi interesgarriena, erregistroaz gan, ikus-entzunezko gailua ekintza performatiboaren garapenean txertatzea izan da.
Lan honen alderdi soinuduna Ferrerren bikotekide Tom Johnson musikagilearena da (Greeley, Colorado, AEB, 1939); haregaz konpartidu ditu urteen joanean sorkuntza artistikoa gauzatzeko modua eta, batez be, matematikakazko hartu-emonak. Artearen bitartez Esther Ferrerregaz egindako ibilbide bat da, bidaia bat, ikuspegi dokumentalaren eta ikus-entzunezko sorkuntzearen arteko orekearen bitartez askotariko ikusleakana heldu gura dauana.
Esther Ferrer: denbora-hariak (2020) dokumentalak 71 minutuko iraupena dau eta hainbat bersino egin dira, euskerazko, ingelesezko eta frantsesezko azpidatziakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!