Juanjo Navasek Bilboko Alkarte Filarmonikoan kantauko dau zezeilaren 21ean

Bizkaie! 2020-11-16 09:05   Musikea

Digo Vivir Blas de Otero poeteari eskainia da.

Juanjo Navasek, urtebete baino gehiagoan, Pido la paz y la palabra eta Redoble de conciencia lanen egilearen hamaika konposizino flamenkora egokitzen lan egin dau.

Diskoaren izenburua Blas de Oterok 1951n Redoble de conciencia poema-bildumea zarratzeko erabilten eban testua da eta Juanjo Navasen ahotsaren eta kantuaren bidez, ziurbakotasun eta pandemia-aldiaren zailtasunak gainditzeko gonbita bihurtzen da.

Kontuak kontu, datorren zapatuan, zemendiaren 21ean, 19:00etan, Bilboko Alkarte Filarmonikoak Bilboko Udalak atondutako kontzertua hartuko dau. Blas de Otero Fundazinoak bultzatu dau musika-proiektu hau, poeta bilbotarra maite zituan poesia eta flamenkoa buztartuz. Kontzertuan, Navasek Marco Borge (gitarristea), Curro Bermejo (gitarristea), Lidia de Lorenzo (palmak eta jantzak), Jose Manuel Palacios (palmak), Kike Mora (baxu elektrikoa) eta Darío Campos (perkusinoa) izango ditu lagun. Sarrerak 5 euro balio dau eta dagoeneko salgai dagoz hemen

Blas de Oteroren lana zabaltzeko ekimen horregaz batera, aurten poetearen Poemas vascos edizino elebiduna eta euskal idazlerik garrantzitsuenek euskerara itzulitako olerkien hautaketa bat be egingo dira. Horreen izenburua Una letra impagada izango da. Literatura-lan biak, Digo vivir disko-liburua bezela, El Gallo de Orok argitaratuko ditu.

Juanjo Navas flamenko-kantari bilbotarrak, Blas de Oteroren poemak eta flamenkoaren kanta klasikoenak dakarzkuz. Kritikeak Estaduko iparraldeko gaur egungo flamenko-interpreterik onena dala uste dau. Navasek bere ama-aititaren flamenkoagazko zaletasuna jaso eban, José Navas flamenko-kantariarena —Pepe Córdoba edo Malaquías goitizenagaz—, agintaritza oso bat bere jaioterrian, Baenan (Kordoba). Gero, 1950eko hamarkadan Bilbon bizi zan Pepek bere jakintza guztia transmitidu eutson Bilboko familiari.

Navasek bere ikasketa eta karrera musikala landu ditu Euskadin kantetan hasi zanetik. Euskal Herriko hainbat agertokitan izan da, besteak beste, Campos Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan, BBK Aretoan, Bilboko Filarmonikn edo Donostiako Victoria Eugenian eta hainbat jaialditan parte hartu dau, besteak beste, Bilboko Flamenko Jaialdian, Itsasadarraren Duendean, Bilboko Trasnoches Flamencosen eta Luna Nuevan, flamenkoa, euskal jantzak eta jantza garaikidea nahastauta. Txaleo taldeko kidea be izan zan, Flamenkoa eta Txalapartea batzen zituea. Batzuk aitatzearren, Miguel Poveda, Canela de San Roque, Pepe Habichuela eta Vicente Amigo gitarristak izan ditu kide agertokian.

Euskaditik kanpo be erantzun handia izan dau, berbarako, Madrilgo Casa Patasen emondako kontzertu gogoangarria.

Era berean, Navas izan zan Beñat Arginzoniz euskal poetearen bersoakaz euskerazko saeta bat kantau eban lehenengoa. Arginzonizen Reflejos de Andalucía poesia-lana be egin eban flamenko-kantariak, Euskadin oso-osorik egindako lan batean.

Filarmonikara Hurreratu

Bilboko Udalak kontzertu-zikloa atondu dau Bilboko Alkarte Filarmonikoan herritarrek musikaz gozau deien eta Bilboko leku berezi horretara hurreratu daitezan. Horretarako, zemendiaren 27an eta 28an, eta abenduaren 2an eta 4an, hainbat hitzordu musikal programau ditu. Ziklo honetako sarrerek 5 euroko prezioa izango dabe eta www.bilbaokultura.eus webgunearen bidez eskuratu daitekez; kontzertuak 19:00etan hasiko dira.

Zemendiaren 27an hasiko da zikloa, Aitzol Iturriagagoitia biolinisteagaz eta Enrique Bagaria pianisteagaz. Hurrengo egunean,  28an, pianoa izango da protagonista, Alfonso Gómez Ruiz de Arcauteren eskutik

Abenduaren 2an, Soinuaren Bidaia hari- eta tronboi-laukotearen txandea izango da. Eta zikloa abenduaren 4an amaituko da, Enrike Solinisek zuzendutako Euskal Barrokensemblearen kontzertuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu