'Amestea zer ete dan'
2020-11-13 10:32 Ibilian-ibilianPirinioak ederrak dira eta oraindino milaka txoko dagoz ezagutzeko.
Momentu honetan, muga-debekuak daukaguzan arren, amesteak ez deko mugarik eta galarazopenei ez jake hutsunerik lagaten. Ez deutsuet pandemiak eragindako murrizketez berba egingo, horixe beste edozein lekutan topauko dozue-ta. Amestea ederra da geure Ibilian-ibilian txoko berezi honetan, egoerearen pareko daukagun osasun mentalari be abagunea emon eta amesteagaz batera, natureaz gozetako geure afizinoari be merezidu dauana eskaintzea.
Pirinioak zabalak eta handiak dira: oraindino milaka txoko ezagutzeko dagoz. Dana dala, gogoan doguzan artean, bada leku bat maite dodana, bai bertan biziten diran sentipenakaitik, baita eskaintzen dituan aukera ugariakaitik be, sasoi danatan eta zailtasun-maila guztietara egokitu leitekeena. 2.200 metrora kokatuta dagoan Tena Bailararen bihotzean egingo dogu geldialdia, hain zuzen be, Respomusoko aterpean: Pirinioetako gunerik magikoenetako baten.
David Abajo alpinista eta eskalatzailea da, gaur egun, aterpearen arduraduna, bere anaia Javierregaz batera. Aitagandik jaso daben ogibidea da honakoa: bere aita sasoi bateko alpinista eta eskiatzaile Ursicinio Abajo da. 80 urtetik gora izan arren, mendian eta eskaletan jarraitzen dau. Davidek, aitagandik jasotako opariari kasu eginaz, bere seme-alabakaz konpartidu gura izan dau hau dana, eurak be bertan dabizelako beharrean, aitagaz batera. Ederra da, benetan, aterpearen aurrean daben estazino metereologikora aita-alabak zelan joaten diran ikustea, eguraldi-iragarpenaren barri emoteko.
Jakin dakigunez, horixe izaten da aterpe baten oihartzunik handiena: ze eguraldi espero dogu biharko? Ze baldintza egongo ete da mendian? Material berezirik beharko dogu? Beraz, bertako estazinoari esker horren barri emoten saiatzen dira. Hango webcam dalakoa be aurrerapen galanta da, giroa zelakoa dan ikusteko: edurrik edo haize-ufadarik dagoan... Kamerea Respomusoko lakuan dago kokatuta, Musaleseko inguruari begira.
Danetara, 90 persona sartzen dira aterpean, baina koronabirusaren ganeko neurrien ondorioz, erdira mugatu dabe, segurtasuna bermatu ahal izateko. Aterpekoek dinoenez, mendiak abenturak bizitea dakar, baina abenturak bizi ahal izateko mendian egon behar da. Ez daigun ezelan be galdu, ez daigun abenturak biziteko gogo eta indar bizi hori galdu, ez gaitezan egoerearen gatibu bilakatu eta neurri eta segurtasun guztiakaz, inguru ederrez disfrutetako aukerea be erabili daigun, aukerea heltzen danean. Nire ustez, natureaganako maitasuna eta errespetua belaunaldika helarazo daitekeen gauzarik ederrenetako bat da: nik holan jaso dot eta hurrengoei be holan helarazotea espero dot.
Berbagai dogun leku ikusgarri horretara joan ahal izateko, Sallent de Gallegorantz joko dogu; bertatik, La Sarra aldera mobidu eta han itxiko dogu kotxea. Leku franko dagoz aparketako; taberna txiker bat be egon badago. Hori bai, mendi askotara joateko abiapuntua dan aldetik, jentea sano goizetik joaten da eta askok bertan egiten dabe lo furgonetan; beraz, beranduegi ez joatea gomendatzen deutsuet.
Handik aterpera, 2-3 orduko ibilbidea izango dogu, beti be, daroagun pisuaren nahiz gure maila fisikoaren arabera; umeakaz joan ezkero, euren gogoaren arabera be aldatuko jaku ibilbidearen luzerea. Bidean zehar ez dago galbiderik: ondo markauta dago, eta erraz ailegauko gara gora. Bidezidorrak be ez dauka ezelako zailtasunik: pazientzia apur bategaz, edozeinek egiteko moduko ibilbidea da; hori bai, pisua eroan ezkero, lasaitxuago hartu beharko dogu martxa hau, luzetxu egiten baita. Behin bertara helduta, ostera, Pirinioetako ikuspegi ederrenetako bat izango dogu.
Zenbat-gura aukera dago bertan: egun bateko ekinaldia; bertan lo egitea -ederto afaltzen da han-; zailtasun handiegirik bako ibilbideren bat egitea; tontorrik altuenetara igotea; eskaletea zein GR-11 ibilbideko zatiren bat egitea... Asko eta asko dira inguruko tontorrak, ia-ia mugabakoak: Tebarray, Llena Cantal, Balaitus, Palas, Infiernos, Arriel, Musales, Gran Facha, Campoplano, Peña Aragon, Frondellas...
Bertatik sarritan pasau eta horreetako mendi batzutan egon arren, beste hainbategaz amesten jarraitzen dot, esan lez, amesteak ez dakar mugarik eta: librea da. Amestu daigun, eguna aurrera joango jaku, erretratu honetan izoztu neban leiho hau edegi eta paraje eder honegaz atzera esnatzeko gogotsu!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!