Gazteak 'STEAM' ogibideetara hurreratu guran
2020-11-12 13:20 Pil-pileanLiburuxka-bilduma bat kaleratu da, zientzia eta teknologiagaz lotutako ogibideak eredu hartzeko.
Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-alorreko hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesionalek egindako lanketearen emoitzea da hau, Elhuyarren Aldundiaren babesagaz sustatutakoa. Gazteak zientzia eta teknologiagaz lotutako profesinoetara hurreratzeko liburu-bilduma bat aurkeztu dabe Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek, gaur, foru-jauregian eginiko agerraldian. Bertan, honakoak izan dira: Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputadua; Jon Abril, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Aitziber Lasa, Elhuyar STEAM hezkuntza-arduraduna eta proiektuaren gidaria. Gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzea da hiru liburuxkaz osotutako bildumearen oinarria, eta Euskal Herriko esparru horreetako hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesionalen arteko lanketearen frutua dira.
Talentua eta ikaskuntzea bultzatzeko Aldundiaren dirulaguntza-deialdiaren barruan aukeratutako proiektua da, eta Elhuyarrek garatu dau. Eustat-en arabera, Euskadin, lau urtetan, % 16,6 ikasle gitxiago matrikulau dira STEM ikasketetan; LHtik eta unibersidadeko ikasleen % 39 ziran alor horreetan titulatutakoak. Errealidade hori nabarmenagoa da emakumezkoen kasuan: STEM adarrak aukeratzen dituen ikasleetatik neskak sartu barrien % 9 baino ez dira LHn, eta unibersidadean, % 31. Jokera hori ez dator bat profesionalen eskariagaz, izan be, azken bi urteotan, LHtik etorritako STEM profilen enpresa-eskaria % 56 hazi da, eta STEM unibersidade-profilena, barriz, % 25.
Imanol Lasak ezinbestekotzat jo dau egoera hori aldatzea. Haren esanetan, etorkizuneko lanpostuen % 80an beharrezkoak izango dira STEAM konpetentziak: Ez dakigu zelakoa izango dan mundua hemendik hamarkada batzutara, baina jakin badakigu zientziari eta tekonologiari lotutako ezagutzak eta gaitasunak ezinbestekoak izango dirala sektore ekonomiko guztietan eta gizartearen erronka barriei erantzuteko. Ezagutzea eta kualifikazinoa dira etorkizuneko ongizatearen eta lehiakortasunaren giltzarriak.
Pandemiak ekarritako krisiaren aurrean, zientzia eta teknologiaren aldeko apustua indartu beharra azpimarratu dau. Martxan diran transizino erraldoietan atzean gelditu gura ez badogu, 4.0 talentua landu behar dogu gaztetatik eta alor horretako genero-arrakaleari be aurre egin. STEM esparruaren inguruan estereotipoak apurtu eta informazino eraginkorra emoten daben ekimenak behar doguz eta alor horretan dago hain zuzen, Elhuyarrek landutako hau. Bete-betean egiten dau bat Gipuzkoaren beharrakaz eta Aldundiaren lehentasunakaz.
Jon Abrilek, Elhuyarreko zuzendari nagusiak, azpimarratu dau ze inportanteak diran bizipenak eta komunidadea: Ikerketa guztiek erakusten dabe bizipenek gazteen etorkizunerako asmoetan eragiten dabela, adibide errealak ezagutzea, rol-ereduak ezagutzea, STEM ogibideakaz lotutako jarduera ahalik eta modurik errealenean ezagutzea eta protagonista lez bizitea. Horretarako, derrigorrezkoa da zientzia- eta teknologia-sare osoaren parte-hartzea eta konpromisoa, eta, ganera, asmo horreetara begira lan egiteko metodologiak eta ezagutzak jorratzea. Pernan Goñiren ilustrazinoakaz eta azalpen-testuakaz osotutako hiru liburuxkako bildumearen inguruan, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradun eta proiektuaren gidari dan Aitziber Lasak emon ditu zehetasunak. Hiru liburuxkak zientzia.eus/steam webgunean egongo dira eskuragarri, doban deskargetako.
Amaitzeko, Aitziber Lasak azaldu dau STEAM hezkuntzearen inguruko zabalkundea abiatuko dabela euren sare eta webguneetan. Horretarako, aste honetatik aurrera, Pernan Goñik ilustrautako komiki-zintak argitaratuko dira Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko STEAM hezkuntza-atalean. Horrezaz gan, STEAM hezkuntzearen inguruko albisteak, erreportajeak, adituei alkarrizketak edo bideoak be batuko ditu atari horrek.
Gluoien Mahaia
Liburuxka-bildumea Gluoien Mahaia proiektu barruan kokatuta dago. Proiektu honen bitartez, STEM profesionalak batzen dituan eta gazteentzat inspirazino-iturri bihurtu gura daben horreen arteko lankidetza-sarea sortzen dabil Elhuyar. Sare horretako eragileei gluoi izena jarri deutse, atomoen barruan quarkak lotzeko gluoiek egiten daben kola-efektuaren antzekotasunean oinarrituta eta hortik proiektuaren izena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!