Blues Hotsak 2020
2020-11-12 10:16 MusikeaSoraluzen, zemendiaren 21ean, 22an eta 28an eta 29an.
Gaztelupeko Hotsak-en Jaialdia hemen da. Lau kontzertu iragarri ditue jazza eta bluesa buztartuta. Kontzertuak Soraluzeko Antzokian izango dira, arratsaldeko 18:00etan. Lehenengo hitzordua zemendiaren 21ean izango da eta protagonistak Gisele Jackson & The Shu Shu´s, musika baltzaren tradizinoa, emakume amerikar baten ahotsean.
Gisele Jackson abeslariak umetan ikasi eban musieka maitatzen Baltimoren, Marylanden (AEB). Aretha Franklin, Mavis Staples eta John Lee Hooker etxeko jukeboxean ibilten ziran, aitak afaria kozinetan eban bitartean Baltzen Klubeko suetean. Howard unibersidadean hasi barria zalarik, lehen soul taldeagaz abestu eban Gisele gazteak Washington D.C.ko agertokietan. Brooklynera aldatu eta bira bat egin eban karrerearen gorenean egoan Ray Charlesen koruko abeslari. Handik aurrera Donna Summer edo James Brown lako mito handiakaz ibili zan.
Bakarlari ibilbide propioa landuz, hogeita hamar herrialde baino gehiago zapaldu ditu Amerikan, Asian, Europan eta Afrikan. AEBetako jazz klub nagusietan Tito Puente, Bette Midler, The Commodor, B-52 eta beste artista handi askogaz konpartidu dau agertokia. Hollywoodeko estreinaldi eta sari ekitaldietan jardun izan dau, First Wives Girls filman agertu zan pantaila handian, Bill Clintonek lehendakari zina egiteko zeremonian be kantau eban...
Billboard aldizkariak diva mailara igon eban Gisele Jackson bere Love Commandments izan eban mundu mailako erantzun bikainaren ondorioz, House eta Dance olimpoan sarrarazoz. Bikain ibili zan antzerkian be Dream Grils, Life & Death of Bessie Smith, Purlie edo Carmen Jones lako tituluetan. Shu Shu Organ Trio ondoan dauela be azaltzen da telebistan: Abel Boquera (Katalunia) Hammond organoan, Dave Wilkinson (Erresuma Batua) gitarran eta Caspar St. Charles (Erresuma Batua) baterian.
Zemendiaren 22an, Soraluzeko Musika Eskolakoak azalduko dira. Hitzordua 13:00ean izango da.
Herriko musikearen harrobia. Soraluzeko herria beti izan da musikazalea eta zaletasun horretan, Musika Eskoleak izan dau bere garrantzia. Urteak dira hazia lantzen eta ugariak izan dira emoitzak be.
Arratsaldean, barriz, 19:00etan, Dama Baltzak taldeak joko dau.
Kantari baltzen errepertorioa eta historia. Musika bikaina egiteaz gan, musikearen bitartez iraultzea eta burrukan ibilten ziran dama baltz batzuei merezidutako errekonozimendu xumea da Dama Baltzak.
Mobimentu musikal eta sozialaren erreginak izan ziran, besteak beste, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ahaztu ez daiguzan, bost emakume ausart honeen bizitzak kontau eta euren abestiak kantauko ditue. Estitxu Pinatxo Berako kantariaren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek jantziko ditue dama baltzen abestiak.
Zemendiaren 28n, Travellin´ Brothers Euskal Herriko Blues talde esanguratsuenaren txandea izango da. Ez atxakirik ez amarrurik ez dauen zuzenekoa eskainiko deuskue. Hamabost urte, zortzi disko eta mila kontzertu inguru Travellin & Brothers taldearen eskutik.
Apustu arriskutsua da berauena, baina ibilbide parebakoak eta musikearen ezagutza zabalak emoten daben segurtasunean oinarritua: Espainiako, Europako eta Amerikako birak, lehen mailako artistakaz lankidetzea, nazinoarteko jaialdirik onenetan joteak, publikoaren zein kritikoen sari eta aitamen handiak, urteotan guztietan bizi izandakoak nahikoa atxaki dira taldegaz gozetako.
Zuzenekoan, taldearen ibilbidea markau daben abestiz osotutako errepertorioa erakusten dabe. Azken diskoko abestietan oinarritua baina euren abesti historikoak berreskuratuz konponketa barriakaz.
Bilboko seikotea Jon Careaga abeslariak, Eneko Cañibano baxuak, Isi Redondo bateriak, Mikel Azpiroz piano eta hammond joleak, Alain Sancho saxoak eta Aitor Cañibano gitarristeak osotzen dabe. Euren azken albuma aurkezteko biran dagoz orain, 13th Avenue South izenburukoa Nashvillen grabau dabe, countryaren sorleku eta aberrian. Jarrera, energia eta konplizidade hutsa. Holan dabiz munduan zehar, mueta guztietako klubak bisitetan eta ehunka agertoki zapaltzen.
European Blues Challenge-ren arabera, Leioako Travellin & Brothers taldea Europako talderik onena izan zan 2015ean. Ez da harritzekoa. Dotore agertzen dira oholtzan, bat egiten dabe hasiera-hasieratik publikoagaz eta blues kontzertu osoa eskaintzen dabe, komenidu danean soula be jorratuz.
Zemendiaren 29an, barriz, eguerdiko 12:30ean, La niña y el lobo liburua aurkeztuko dabe eta 18:00etan, barriz, Amparo Sanchezek (Amparanoia) kantauko dau Soraluzen.
Amparo Sanchez inoiz baino intimoago, hurrago, beroago eta kantariago. Amparanoiagaz nazinoarteko biran hiru urte eta Mamita Recordsen buru eta produktore lanetan urte bi emon ondoren, Amparo Sanchezek bere bakarlari alderdia sustatu eban, Hermanas produzidu eta argitaratuz Maria Rezende poeta brasildarragaz, 2019ko zemendian argitaratutako albumean. Eta 2020. urtearen hasieran, La Niña y el Lobo autobiografiaren hirugarren argitarapenagaz batera, La Niña y el Lobo Vol.1 argitaratu dau jatorrizko bersinoan. Istorio autobiografikoa da. Indarkeria matxistea gaia dauen istorio basati, urratzaile eta personal bat kontetan dau. Jazoera arrunta balitx lez eta aldi berean, eraldatze eta gain hartze prozesu bat islatuz. Liburu hunkigarria. Hirugarren honi soinu-banda propioa erantsi deutso. Hamar bersino, besteak beste, Radio Futuraren Han caído los Dos, Mano Negraren Mala Vida, Los Lobosen La Pistola, Armando Manzaneroren Adoro, baita Veneno y Pasión be, eta Amparo Sanchezen beraren lehen albumeko Haces Bien (La Fábrica Magnética, 1993).
Victor Iniesta Madrilgo Carabanchel auzoan jaio zan. Gitarra espainiarra eta flamenkoa ikasi zituan Madrilgo Herri Musika Eskolan eta Konserbatorioan. Taldetan joten hasi zan eta autodidakta eran sortzen. Konpositore eta gitarra-jotzaile lez 1999an egin eban debuta Elbicho-n eta bost disko grabau zituan. Estopa, Miguel Campello eta Las Hijas del Solegaz lan egin dau. Manolo Garciagaz dabil 2011tik.
Hermanas: errima eta erritmoaren, korua eta poesiaren artean, Bartzelona eta Rio de Janeiroren artean, euren burua ahizta lez onartzen daben eta feminismoaren eta feminidadearen ikuspegia bederatzi kantutan batzea erabagi daben emakume batzearen emoitzea da. Emakumea da protagonista bere desio eta bere baieztapenetan, bere ahalduntzean eta beren ozentasunean. Ikuskizun akustiko baten proposamena da, gitarren doinuek eta erritmoek ahotsari laguntzen deutsen latindar eta flamenko aireakaz, chacarera eta tanguillo nahastauta, jarocho eta granainak, blues eta bolero, rumba eta ranchera. Lan bi horreek Hermanas eta La Niña y el Lobo Vol.1 abeslariaren aurreko hiru albumakaz lotzen dira. Bluesan hasi eta inoiz itxi ez dauen moldea dan arren, estilo anitzetan dabil Amparo Sanchez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!