'Aurrera Barakaldo!' egitasmoa martxan da

Bizkaie! 2020-11-11 13:22   Pil-pilean

Barakaldoko Udalak sortu dau programea, koronabirusak herritarrei sorturiko beharrak asetzeko.

Programa honek 2023ra arteko lehentasunezko jarduerak eta konpromisoak jasoten ditu, koronabirusaren krisia hasi osteko erronka handiei erantzuteko. Gorka Zubiaurre Alkatetza Arloko zinegotziak emon dau dokumentuaren barri eta Udaleko webguneko Gobernu Edegiaren atalean ipini dabe, herritarrek konsultetako.

Pandemia isiotu zanetik, Barakaldok 14 milioe euro bideratu ditu krisiaren ondorioak arintzeko ekimen eta proiektuetara, gizarte-laguntzinoatarako partidak aberastuz ostalaritzearen nahiz merkataritzearen sektorera: 14 milioe horreek beste proiektu batzuei ekiteko bideratzekotan ziran, baina aurrekontuaren birplanteamendua beharrezkoa izan da; ganera, proiektuak ataratea (berbarako, Bagatzako Arte Eszenikoen Poloa edo Gorostizako kanpoko ugerlekuaren estalkia) eta gaur egungo lehentasunatan inbertidu gura izan dabe, Barakaldoko familiei eta krisiak gehien kaltetu dituan sektoreei laguntzinoa emonaz, azaldu dau.

Legealdiko proiektuak atzera planteau eta oinarrizko printzipio horreek islatu behar izan dira, hemendik 2023ra artean, krisia dala-ta egin beharreko inbersinoa alde batera itxita, adierazo dau Alkatetzako zinegotziak. Aurrera Barakaldo! izenekoa 9 lan-ardatzetan bananduta dago eta gobernu-taldeak datozen urteatan egingo dituan 86 egitasmo batzen ditu. Halan, eragile honeek inplikau dira: Alkatetzea, Gobernu Edegia, Turismoa eta Barrikuntzea; Gizarte Ekintzea; Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Aniztasunaren Kudeaketea; Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala; Auzoetako eta Uriko Obra eta Zerbitzuen Kudeaketea; Kulturea, Hezkuntzea, Kirola, Euskerea eta Gazteria; Herritarren Segurtasuna; Emakumea; eta Etxebizitzea, Urigintza Plangintzea eta Kudeaketea.

Gaur aurkezten doguna gobernu-talde honen eta gure auzokideen arteko hitzarmena da; gure urian ekintza horreetako bakotxa jorratzeko konpromiso sendoa ziurtatzen dogu; hori dala-ta, herritarrok egiten gagozan beharraren, proiektu bakotxaren egoerearen edo horreek martxan ipinteko topetan doguzan zailtasunen barri emoteko betebeharra be geure gan hartzen dogu, argitu dau. Ez da sistema hau erabilten daben lehenengo aldia, gobernu-taldeak landuriko egitasmo zein proiektuak herritarrei modu garden eta erabilgarrian erakusteko asmoz. Aurreko legealdian, Barakaldon Asmoak Beteten jarri eben martxan, eta % 99ko asebetetze-mailea izan eban. Beraz, holako dokumentu bat erakunde publiko batentzat derrigorrezkoa dala deritxogu, batez be, bizi dogun krisi-egoeran, azpimarrau dau.

Dokumentuaren 9 ardatzetako bakotxean proiektu zehatzak zehaztu dira, ekimenaren jomugea eta urirako onurak zehatz-mehatz azalduta. Gure bizilagunakaz harturiko akordio zehatzak dira; Barakaldo krisialditik indartuta urtetea gura dogu, helburu nagusi bigaz: inor atzean ez geratzea eta Barakaldoko herritarren bizi-kalidadea hobetzea, esan dau Zubiaurrek.

Proiektuan jasoten diran 86 neurriak modu koordinaduan landu dira, Barakaldo udalerri indartsuagoa,  kohesionatuagoa eta ingurumenaganako errespetuduna izan daiten. Neurri-moltso bat garatzeko konpromisoa hartzen dogu, honek herritarren beharrizanak ahalik eta modu egokienean asetuko ditualakoan.


Aurrera Barakaldo! hemen egongo da. Datozen hiru urteatan, herritarrek lehentasunezko 86 proiektu horreen bilakaerea ezagutzeko aukerea izango dabe, izan be, webgunearen bidez, aldizkako kontu-emote bat eskainiko da, proiektuen bilakaerea zehaztuz; baten bat garatzerik ez bada, zergaitia bertan azalduko da.

Legealdi honetan, Alkatetza Arloak Gobernu Edegia izena ere badau. Deitura hori aukeratu genduan, guretzat oinarrizkoa dalako arlo honetan behar egitea, azaldu dau zinegotziak. Erronkea da guretzako herritarrei ahotsa emotea, herritarren parte-hartzearen, lankidetza publiko-pribatuaren eta gardentasunaren bidez. Hori dala-ta, kontuak emoteari bene-benetako balioa emon deutsagu, izan be, gure auzokideek jakin behar dabe zeintzuk diran udalak euren bizi-kalidadea hobetzeko dituan proiektuak eta zelan kudeatzen daben diru publikoa, gehitu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu