Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia online egingo da

Bizkaie! 2020-11-11 12:47   Euskerea berbagai

Euskerea eta bideo-jokoak buztartu eta eta komunidadea sortu gura da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azkue Fundazinoak eta Game Erauntsiak alkarlanean atonduta, Jokoteknia Bideo-jokoen Euskal Jardunaldiaren edizino bi egin dira orain arte eta herritarren erantzun bikainaren ondorioz, hirugarren jardunaldia dator orain. Hirugarren edizinoa zezeilaren 28an egingo da, Euskerearen Etxean, 9:45etik 14:00etara. Ekitaldia streaming bidez baino ezin izango da ikusi, egun bizi dogun osasun egoerea tarteko. Azkue Fundazioaren Youtube kanalaren bidez egingo da streaminga. Horrezaz gan, seinalea Game Erauntsiko Twitch kanalera bideratuko da.

Era berean, Game Erauntsiak atontzen dauen 3000 Twitz kanpainea abiatuko da. Hurrengo astean aurkeztuko dan 3000 Twitz kanpainearen bitartez Interneten euskeraz jarduten daben sortzaileei ikusgaitasuna emon eta Twitch plataforman euskerea ofiziala izan daiten bultzatuko da.

Jardunaldiaren helburua bertoko industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egitea da eta hemengo bideo-joko garatzaile eta jokalarien jokerak ikusi eta alkar ezagutzea.

Jardunaldiaren edukiaren harira, lau berbaldi izango dira: animazinoa bideo-jokoetan, bideo-jokoen lokalizazinoa, katalana eta bideo-jokoak eta eJokoak familian: Game Erauntsia eta Azkueren arteko lankidetzearen helburu nagusia komunidadea sortzea da eta ondorioz, orain arte alkarlanean egindako ekitaldietan askotariko gaiak jorratu eta hainbat profiletako personak batu ditugu, tartean, profesionalak, zaleak eta ikasleak, esan dau Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendariak.

Hizlariei jagokenez, Julen Urrutiak, Senior 3D Character Artist-a Axis Studios konpainian, Animazinoa bideo-jokoetan izenburuko barbaldia emongo dau; Lingua Vox itzulpen-agentziako Itziar Zorrakinek Bideo-jokoen lokalizazinoa izango dau berbagai; Pantallas Amigas erakundeko Igor Garmide hezkidetzaileak eJokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak gaia jorratuko dau; eta, azkenik, Bartzelonako Universitat Autònomako Traducció i d’Interpretació fakultadeko irakasle Laura Santamariak Katalana eta bideo-jokoak. Itzulpen produkzino eta praktika izeneko berbaldia eskainiko dau.

Halaber, Digipen eta Harrobia hezkuntza-zentroetako ikasleek mahai-inguru batean parte hartuko dabe, jardunaldia amaitzeko.


Bideo-jokoei buruzko euskerazko lehenengo argitalpena

Aurreko edizinoetako eta aurtengo edukien garrantzia azpimarratzeko bideo-jokoei buruzko euskerazko lehenengo argitalpena egingo da. Liburuxkeak Jokoteknia 2018, 2019 eta 2020ko hamalau berbaldietan oinarritutako artikuluak batuko ditu. Hiru urte horreetan hainbat profesionalen ekarpenak jaso dira Jokoteknian, eta ondorioz, liburuxkeak askotariko gaiak landuko ditu, besteak beste, euskal bideo-jokoen historia, produkzinoa, diseinua, itzulpengintzea eta lokalizazinoa, konserbazinoa eta feminismoa.

Game Erauntsiko kide Maitane Junguitu Komunikazinoan Doktorea izango da editorea: Dagoeneko hiru artikulu amaituta dagoz eta gainontzekoak lantzen gabiz autoreakaz. Gure asmoa liburuxkea PDF formatuan gure webgunean argitaratzea da 2020 urtea amaitu baino lehen. Hau Creative Commons lizentziapean zabaldu nahi dogu, edozeinek eskura izan daian. Horrezaz gan, euskal kulturearen hainbat eragileri proponidu deutsegu papelezko bersino bat argitaratzea. Hau aukera bat baino ez da, baina papelean argitaratzea ez da gure lehentasuna.

Kontuak kontu, jentaurreko aurkezpenean izan dira Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusia, Iurdana Acasuso, Azkue Fundazinoaren zuzendaria eta Maitane Junguitu Game Erauntsiko kidea eta komunikazino arduraduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu