Herritarren aktibazinoa eta erakundeen erantzunkizuna ardatz

Bizkaie! 2020-11-10 12:04   Euskerea berbagai

Euskeraz egin eta euskerearen alde egotea, danon geroa eregitea da.

Pandemiaren lehen olatuak eragindako hutsuneak bizi-bizi egozala etorri bigarrena. Eta orain be estu hartu ditu euskerea eta euskalgintzea, lehendik etozan bakotasuna gordindu besterik ez ditualako egin. Holan salatu dabe Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokeak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Alkarteak, euskalgintzearen ordezkaritza zabal baten izenean egindako agerraldian. Euskalgintzearen hainbat proiektu mugarri bertan behera geratu behar izan dira, besteak beste, Korrika edo Ikastolen eta Eskola Publikoen jaiak. Aurrera egitea lortu dabenek, ostera, hainbat egokitzapen egin behar izan ditue, berbarako, Errigora eta Durangoko Azokea. Egoera honen aurrean, guztiek adierazo dabe inoiz baino beharrezkoagao dala herritarren aktibazinoa eta babesa eta erakundeei eskatu deutse erantzunkizunez jokatu deiela, euskalgintzearen eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabagi estruktural eta iraunkorrak hartuz.

Kontseiluak badau mahai-gainean horretarako proposamena: Geroa euskeratik adierazpena. Bagilean aurkeztu eban erakundeei zuzendutako dokumentua, euskagintzeari arnasa emon eta danon hizkuntza eskubidea bermatzeko eta gizarte bardinzale eta kohesionatuago bat lortzeko neurri zehatzak jasoten dituana, inoiz baino beharrezkoak diranak, Paul Bilbao idazkari nagusiaren eretxiz.

Euskalgintzea ez dago geldi adierazo dau Paul Bilbaok. Horren adibide dira itxialdian euskal sortzaileek eskainitako hamaika sareko saioak, euskaltegiek helduak euskalduntzen jarraitzeko egiten dagozan ahaleginak... Hainbat egitasmo aurrera daroaz euskalgintzeak, itolarriak itolarri eta beti bezain aitzindari. Eta herritarrek ezin deutse bizkar emon, orain ez: aparteko aukerea dogu proiektu horreetan parte hartuz, proiektu horreek babestuz, erakusteko euskeraz biziteko gogoa eta eskubidea dogula. Euskalgintzea bizirik dagoalako, danok garelako euskalgintzea.

Euskaraldia da ate joka dagoan proiektu horreetako bat. Parte hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango dala dino Kike Amonarrizek, Euskaraldiaren antolatzaile dan Topaguneko lehendariak: Egoera honetan be, ezinbestekoa izango da herritarren jarrera aktiboa, komunidade lez antolatu eta jokatuko dauena; momentu larriotan, euskerearen aldeko jarrera proaktiboa erakutsi eta zabalduko dauena, euskeraz bizi ahal izateko pausuak egiteari itxiko ez deutsona eta euskerazko kulturea sortzen, gozetan eta babesten jarraituko dauena.

Arantza Atutxa Durangoko Azokako ordezkariak eta Ibai Sueskun Errigorako kideen txandan, Durangoko Azokeak sarerako apustua egin dau, horrek dakarzan ondorio sozial eta ekonomikoakaz eta, sarearen bidez bada be, urteroko bisiteari eusteko deia egin dau antolakuntzeak. Errigorak, barriz, aparteko esfortzua egin behar izan dau eta Sueskunen ustez: Inoiz baino zailtasun gehiago topau arren, sinistuta gagoz inoiz baino beharrezkoagoa dala ahalegina. Kontuan izan, Errigorako saskien salmentetatik jasotako laurena AEK, Seaska eta Sortzenera bideratuko ditu ekimenak. Salmentea zabalik dago.

Gogoratu daigun Korrika zein euskerazko irakaskuntzearen aldeko jaiak bertan behera geratu dirala aurten. Proiektu mugarriak dira eta erabagi gogorra izan dala dinoe Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Alkarteko lehendariak eta Alizia Iribarne AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Halan da be, lanean jarraitzea inoiz baino premiazkoagoa dala ziurtatu eta oroitarazo dabe danon babesa ezinbestekoa dala.

Herritarren parte hartzea bezain garrantzitsua dira erakundeen erabagiak, Bilbaok dinoanez: Babes hori ezin da itxi herritarren pentzura. Administrazinoak, erakudneek eta eragileek be erantzunkizunez jokatu behar dabe, erantzunkizunak konpartidu behar dira. Hiztunoi euskerearen erabilera erosoa bermatzeko pausuak egin behar ditue erakundeek: erabagi eta neurri zehatzak hartuz. Hitzetatik egintzetara pasetako. Geroa euskeratik izan leiteke horretarako iparrorratza. Berehalao erabagiak behar ditugulako, Amonarrizen eretxiz: Neurri zehatzak hartzen ez badira eta euskaldunok ez badeutsagu hizkuntzeari eusten, jokera horreek hizkuntza hegemonikoak indartuko ditue. Egoera honetan, euskerearen alde jokatzea komunidadearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, hurreko momertzioa eta sortzaileak babestea... Euskeraz egin eta euskerearen alde egotea, danon geroa eregitea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu