EHU/UPVko errektoretzarako hauteskundeak martxan

Bizkaie! 2020-11-09 13:17   Pil-pilean

Eva Ferreira Ekonomia Aplikaduko katedraduna da aurkeztutako hautagai bakarra. 

Gaur, zemendiaren 9a, EHU/UPVko errektorea aukeratzeko hauteskunde kanpaina ofiziala abiatu da. Kanpainan hautagaitza bakarra dago: Eva Ferreira katedraduna. Ezarritako egutegiaren arabera, joan dan hilaren 4an, hautagaitzen behin-behineko aldarrikapena egin zan; gaur bertan, goizeko 10:00etan, hareek aurkaratzeko epea amaitu da. Beraz, hauteskunde-egutegiak beste pausu bat emongo du gaur, hautagaitzeak behin betiko aldarrikatuta eta zemendiaren 23ra arteko kanpaineari hasiera formala emonda. Era berean, unibersidadeak, datorren eguenean, Ezohiko Klaustro bat egingo dau, Bizkaia Aretoan. Pandemiak sortutako egoera bereziak dirala-ta, kanpainearen ekimen franko modu ez-presentzialean egitea aurreikusten da. Horrezaz gan, Klaustroko kideek modu presentzialean edo telematikoan parte hartuko dabe bileran. Hautagaiak organo horren aurrean aurkeztuko dau bere gobernu-programea, bertan unibersidadeko sektore danak baitagoz ordezkatuta.

Azpimarratzekoa da, bestalde, ze neurri hartu diran kanpainea zuzen garatzeko, aparteko egoera baten egingo dala kontutan hartuta. Laneko Arriskuen Prebentzino Zerbitzuak beharrezkoak diran protokoloak jarri ditu martxan, kanpainan osasun-berme gorena ziurtatuko dabeen babes-, segurtasun- eta osasun-neurriakaz egin daiten.

Botoa aldez aurretik emotea eta hauteskunde-eguna

Hauteskunde-prozesu honetan inportantzia berezia izango dau botoa aldez aurretik emoteko prozedureak, unibersidadearen estatutu-arauetan jasoa dagoana. Pandemia-egoerea dala-ta, botoa aldez aurretik emoteko epea luzatu egin da, hauteskunde-kanpaineak irauten dauan bitartean. Halan, kanpainan (zemendiaren 9tik 23ra) unibersidade kolektibo guztietako kideek (ikasleek, administrazino eta zerbitzuetako beharginek, eta irakasle-ikertzaileek) botoa aldez aurretik emoteko aukerea izango dabe, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia bat erakutsita, unibersidade-erakundearen eraikin, fakultade edo eskola bakotxean egokituko dan bulego edo espazioetan. Horren bidez, boto-eskubidea erreztu gura dabe, pandemiagaitik jarduera presentzialari ezarri jakozan muga logikoez harago, eta jente pilaketak ekidin nahi dira bozketa-egunean. Hauteskunde egunean, hilaren 26an, ostera, hautetsontziak edegita egongo dira 09:00etatik 18:00etara. Behin hareek zarratuta, kanpainan zehar lagatako botoak sartuko dira barrenean, eta zenbatzeari ekingo deutsie.

Boto haztatua

Unibersidadeko kide guztiek boto-eskubidea daukie, baina ezarritako sistema boto haztatuan sortzen da; hortaz, bozketearen azken emoitzea ehunekoen arabera zehazten da. Botoak kolektibo bakotxerako aurreikusitako sektoreari atxikiko jakoz, UPV/EHUren hauteskunde-araudian ezarritako baremazinoen arabera. Hautagaitza bakarra aurkezten danez, aukeraketea itzuli bakarrean erabagiko da. Hautesleek aurkeztutako hautagaitzea bozkatu, edo boto zuria emon leikie. Hautagaia errektorea izan daiten, aldeko botoen heren bat lortu beharko dau, gitxienez, ezarritako ehunekoen araberako botoen haztapena egin ostean.

Eva Ferreira, errektorerako hautagai

Eva Ferreira García, hauteskunde honeetako hautagai bakarra, Barakaldoztarra da. Matematikako lizentziaduna UPV/EHUn, Probabilidade eta Estadistika Master bat eginikoa New Yorkeko Unibersidadean (NYU) eta Ekonomian doktorea da. Ganera, 2005. urtea ezkeroztik, Ekonomia Aplikauko katedraduna da.
Haren oinarrizko ikerketa-ildoak probabilidade- eta estadistika-metodoak dira, eta aplikazinoak ditue hainbat arlotan, hurranez hurran, medikamentuen efektuen analisia medikuntzean, arrisku sistemikoaren ebaluazinoa finantzatan edo aukeraketa-alborapenaren eragina kristalezko sabaian.

Irakasle gonbidatu lez egonaldiak egin ditu hamaikatxu unibersidadetan eta baita konferentziak emon be Sao Paulon, Louisianan eta Indiako Ahmedabadeko Unibersidadean. Bost doktorego tesi zuzendu ditu; tartean, nazinoartekoak eta euskaraz eginikoak. Kudeaketearen alorrean, UPV/EHUko Ekonomia Gaien eta Antolakuntza Akademikoaren esparruko errektoreordea izan zan (2004-2008), eta erakunde beraren idazkari nagusia (2009-2012). Era berean, Euskal Unibersidade Sistemearen Kalidade Agentziako zuzendaria be izandakoa da (Unibasq, 2015-2019).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu